June Prieto
B ordillo Aplastao mugimenduak elbarrien arazoak ikusarazten ditu. Horretarako, tailerrak eta hitzaldiak egiten dituzte, baina mugimenduaren egitasmorik ezagunena irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituzten oztopo arkitektonikoetan pegatinak jartzea izan da. Pegatina horietan, mugimenduaren logoa agertzen da: pertsona bat gurpil aulki batekin eta metrailadorea eskuan; hondoa hori kolorekoa du, eta trafiko seinale baten itxura hartzen du.
Sare sozialetan eragin handia lortu dute. Hain zuzen, Saioa Santana bilbotarra da komunikazio arduraduna, eta heltzen zaizkion mezuak eta salaketak argitaratzen ditu Bordillo Aplastao izeneko Facebook orrialdean. “Bordillo Aplastao bizitzeko modu bat da. Jendea kontzientziatu, enpatia sortu eta arazoa ikusaraztea da gure eginkizun nagusia”.
Mugimendu antikapazitista bat da Bordillo Aplastao, eta Barakaldon sortu zen, 2016. urtean. Egun, proiektua erabat autogestionatua da; logoarekin pegatinak ateratzeaz gain, kamisetak ere saltzen dituzte. “Ez gara pertsona multzo zehatz bat; mugimenduaren ideiak eta borroka zabaldu nahi duten guztiak gara”, azaldu du Santanak. “Gure kamiseta bat janztea eta leku publiko batean agertzea guretzako Bordillo Aplastaokoa izatea da”.
Santanak argi utzi nahi izan du haien leloa zintarriak zanpatzea izan arren zintarri fisikoaz harago doazela. “Irisgarritasuna ere lortu behar da ondo entzuten ez duten pertsonentzat, braillea behar dutenentzat edo autistentzat, besteak beste”. Horren harira, kontzientziaziotik praktikara pasatzea lortu dute hainbatetan. Bilboko txosnetan, adibidez, ordubeteko musika etena egitea lortu zuten, leku zaratatsuetan egon ezin direnek jaietan ere parte hartu ahal izateko.
Instituzioen ardura
Pegatinak munduko hainbat bazterretan itsatsita daude, eta horien argazkiak heltzen zaizkie egunero. “Ikaragarria da nora heldu den gure mezua; batzuetan ezagunek jartzen dituzte, baina beste batzuetan ezin dugu jakin nork eraman duen gure pegatina Londresera”. Informazio eske ere urrunetik idatzi diete: “Norvegiatik eta Brasiletik deitu izan digute pegatina eske; guk egiten duguna da bertako elkarteren batekin harremanetan jarri”.
Euskal Herriko udal batzuekin harremanak egin dituztela ere azaldu du Santanak. Elkarte baten egitura ez duten arren, sare sozialen bidez jarri izan dira harremanetan mugimenduarekin; hala ere, beti ez dute espero zuten emaitza jaso. “Uste dugu udalen aldetik gauza gehiago egin behar dituztela; baliabideak badituzte, baina ez dute arazoa ikusten, edo ez dute ikusi nahi”.
Eragileekin eta elkarteekin ere lan egiten dute. Bilboko Kaixo konpartsak aurreko jaietan tailer bat antolatu zuen bordillo aplastao leloarekin: “Jendeak gurpildun aulki bat hartzen duenean edo begiak estaltzen dituenean konturatzen da benetan pertsona hauek egunerokotasunean dituzten arazoaz”.
Mezua zabaltzeko orduan lelo erradikalak erabiltzen dituzte, 1980ko hamarkadako rocka eta punka abiapuntu izanik; Gaur eta beti zintarriak zanpatu eta Arrapala falta, ordun zalaparta, besteak beste. Santanak azaldu duenez, ez dute errukitik jarduten; eguneroko borroka baten modura ikusten dute: “Egunero hamaika arazo topatu ditzakezu, hasi txarto jarritako baldosa batetik eta tabernetako terrazek sortzen duten oztopoetara arte. Jendea ez da gauza horietaz ohartzen”.
Mugimenduak egindako azken lorpena aldaketa urbanistiko bat izan da. Metroaren 3. linean, Etxebarriko geltokian, igogailu batean oztopo bat jarri zutela salatu zuten bizilagun batzuek. Euskotrenek erreklamazio orria deuseztatu eta, azkenean, udalera jo behar izan zuten. Orduan lortu zuten oztopoa kentzea, bi hilabete geroago.