Zerbitzu publikoak, “beti berandu”

Zerbitzu publikoak, “beti berandu”

Ibai Maruri Bilbao

Gogaituta gaude inoiz beteko ez diren hauteskunde promesak entzuteaz”, kexatu da Enkaterrin Behar Dugu plataformako kide Juanjo Estevez. Eta gogora ekarri du duela lau urte, 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, Iñigo Urkullu lehendakariak Zallarako osasun zentro berri bat hitzeman zuela. “Legegintzaldia amaitu da; berriro ere hauteskunde atarian gaude, eta hasi ere ez dira egin”. Berez proiektua zaharragoa dela azaldu du. 2007an iragarri zuten Zallan ospitale bat eraikiko zutela, Enkarterriko biztanleei osasun arreta gertukoagoa bermatzeko. Estevezek azpimarratu du aldi berean iragarri zirela Gernika-Lumoko ospitalea eta Urdulizkoa ere, eta bi horiek aspalditik daude martxan.

Zallarako proiektua dagoeneko ez da ospitale bat egitea, baizik eta mediku espezialistentzako zentro handi bat egitea. Gaur egun ere badituzte espezialistak herriko osasun zentroan, baina, Estevezen esanetan, ez dago guztientzako behar beste leku. Horregatik, asteko egun bakoitzean espezialitate bateko medikua egoten dela esan du. “Enkarterrin 30.000 lagun inguru bizi gara, eta denontzako da erreferentziazko osasun zentroa, ez soilik Zallakoak garenontzako. Lanestosatik, Karrantzatik, Artzentalestik, Turtzioztik… inguruko herri guztietatik etortzen dira hona medikuarenera. Eta baita Villasana de Menatik ere [Burgos, Gaztela eta Leon, Espainia]”. Horren ondorioz itxaron zerrendak ere “luzeak” direla kexatu da Estevez.

Zallakoa da erreferentziazko zentroa, baina espezialitate batzuetarako Santurtzira joan behar izaten dute, San Juan de Dios ospitalera. Eta beste batzuetarako baita Bilboraino ere, Areiltza Medikuaren kaleko osasun zentrora. “Garraio publiko eskasa dugu eskualdean, eta, gure herrien arteko mugikortasunean zailtasunak baditugu, pentsatu Bilbora joateko. Adineko jendearentzat eta mendekoentzat ez da aukerarik onena; ez da zentzuzkoa”. Ospitalera, berriz, Barakaldora joan behar dute, Gurutzetakora.

Enkarterrin Behar Dugu plataformako kideei ondo iruditu zaie proiektua aldatu izana; hau da, azkenean ospitalerik ez eraikitzeko erabakia. “Ez dugu uste ospitale bat behar dugunik. Eguneroko arretarako edo espezialistarengana joateko, Gurutzeta urruti dago; baina ospitaleko larrialdietara joateko edo ebakuntza kirurgiko baterako, ondo dago”. Estevezi iruditzen zaio Enkarterriko populazioa ez dela eskualde mailako ospitale baten beharra justifikatzeko bestekoa.

Osasun zentro berri bat eraikitzeko aukeratu duten orubea Cadagua ibaiaren ondoan dago, eta uholdeak izan ditzake. Ura uraren euskal agentzia ibaia desbideratzeko lanak egiten ari da, eta horrek gehiago atzeratu du proiektua. “Oraintsu elkartu ginen Zallako alkatearekin, baina ez zigun ezer zehaztu. Esan digu ez dakiela errekako lanak noiz amaituko diren”. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetan diru sail bat dago gordeta osasun zentroa eraikitzen hasteko. “Iazkoetan ere bai, eta ez zen zentimo bat ere erabili, ez delako ezer egin”.

Osasun zentroa ez da Enkarterrin Behar Dugu plataformak aldarrikatzen duen azpiegitura bakarra. 2017an sortu ziren, erakunde publikoei presioa egiteko. Lehen manifestazioa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari euren eskaerak helarazteko egin zuten, baina bigarrenean Hezkuntza Saila izan zuten protesten helburu. Bereziki, Zallako institutuak eta Mimetiz eskola publikoak dituzten arazoak egin zituzten publiko. “Eraikinak zaharkituta daude. Gabezia itzelak dituzte, baliabide falta handia. Udan beroa pasatzen dute, neguan hotza… Eta ezin dute egokitzeko obrarik egin, eraikinak ordenamenduz kanpo daudelako”.

Ingurumena ere kezka

Estevezi iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dituztela lehenesten Enkarterriko bizilagunen premiak , “gutxi” direlako. “Ez gara eskualde jendetsua; beraz, gure artean ez dute boto askorik eskuratuko hauteskundeetan”. Behar dituztenak barik, “inork nahi ez dituen” azpiegiturak eroaten dizkietela salatu du. Zallan zabortegia dutela gogoratu du. Inguruko hainbat eragilek aspalditik salatu izan dute hondakin arriskutsuak eroaten dituzten susmoa badutela. Eta orain Zaldibarren istripua izan duen hondakindegikoak eroango dizkieten beldur dira. Hondakin organikoak tratatu gabe botatzen diren susmoa ere badute. Suteak ere izan dira.

“Gure borroka osasun eta hezkuntza arloko gabeziak salatzea izan da sorreratik, baina plataformak beste borroka batzuk ere babesten ditu”, zehaztu du. Eta, ingurumenarekiko kezka hori dela eta, Gueñes Bizirik plataformakoekin Glefaran biomasa plantaren aurkako protestetan ere hartu dute parte. “Ez dugu Euskal Herriaren zabortegia izan nahi”.