Olaia Zabalondo
Abantailak eta desabantailak aurki daitezke herri txikietan. Desabantailetako bat kirola egiteko dauzkaten aukera murriztuak direla dio Sandindere kirol taldeko presidente Migel Fernandezek. Horregatik sortu zen Sandindere kirol taldea, Busturiko umeei herrian bertan atletismoa praktikatzeko aukera eman asmoz.
Herritik atera barik, gustukoa duten kirola egiteko aukera eskaintzen die herriko umeei. Hain zuzen ere, 6 eta 12 urte bitarteko umeen elkargunea da Sandindere kirol taldea.
Bidea erraztu gura die herriko ume eta gazteei, eta umeak kirola egitera animatu gura dituzte. “15 urterekin ez dira berotuko; gazteagotik berotu behar ditugu. Umeen aukera bakarra Gernika-Lumora edo Bermeora joatea bada, horietatik gutxik egingo dute aurrera”.
Bestalde, kirola egiteko bultzada bat behar duten haurrentzako lekua ere bada; izan ere, era askotako jolasen bitartez kirolera hurbiltzen dira, eta horretaz gozatzeko aukera daukate. Sandindere kirol taldekoek argi daukate atletismoa ez dela haur guztien gustukoa; gura duten gauza bakarra, hala ere, herrian kirola praktikatzeko daukaten aukera handitzea da. Bestalde, beste zenbait kirol egiten hasteko lagungarria ere izan daitekeela uste dute. Taldearen helburu nagusia, hortaz, umeek kirolarekiko daukaten jakin-mina piztea da, horretarako era askotako jolasak erabilita.
Denei irteera
Berdin hartzen dituzte lasterketetara doazenak eta ez doazenak; “Den-denei irteera ematea da taldearen asmoa”. Nahiz eta Busturian Sandindere kirol taldea eduki, federatuta daudenek Gernika Atletismo Taldeagaz parte hartzen dute proba eta txapelketetan. “Horrela adostu genuen”. Hala, beste haur batzuk ezagutzeko aukera ere badaukate. Herri lasterketetara, berriz, Sandindere moduan joaten dira, baldin eta Gernikakoak ez badoaz.
Taldeak ateak zabalik dauzka gura dutenentzat: “Umeek ez dute izenik ematen. Pentsatu genuen, agian, izena ematera behartzen bagenituen, gurasoek beharrizan baten moduan ikusiko zutela, eta ez genuen hori gura. Hortaz, WhatsApp talde bat sortu genuen, eta interesa daukatenak bertan sartzen dira. Modu horretan, badakite noiz eta non izango diren entrenamenduak”. Astean behin batzen dira; normalean asteburuetan izaten da, baina zenbaitetan aste barruan ere geratzen dira.
Aldi berean haur guztiak batzea zaila dela dio Fernandezek, baina denak batuta 35 ume inguru lirateke. Horietatik asko, gainera, neskak dira. Kopuru zehatza ez dakite, baina umeen %70 inguru neskak dira taldean. Azken boladan, haur asko batu dira Sandindere taldera. “Eskolako bi edo hiru gelatako ume gehienak animatu dira”.
Milia baino gehiago gura
Egitasmo zehatzik barik hasi ziren lanean. “Ez genekien zelan egin”. Busturiko Eskolako haurrak Gernikako Milia Herrikoian parte hartzen hasi ziren: “Gernika Atletismo Taldeagaz berba egin genuen, eta Busturiko umeek parte hartu ahal zutela esan ziguten”. Parte hartzera joaten ziren haurren kopurua, gainera, goraka zihoan. Lehenengo urtean hamabi joan ziren; bigarrenean, hamazazpi; eta hirugarren urterako, 2016an, 30 umek parte hartu zuten.
Umeak gogotsu zeuden, eta gehiago gura zuten; hortik abiatuta hasi ziren aukerak aztertzen herriko umeei atletismoa eta kirola egiten laguntzeko. Gernika Atletismo Taldearen laguntza izan zuten taldea sortzerakoan. Arinago martxan bazeuden ere, 2017 amaieran eratu ziren Sandindere kirol talde modura. Ikasleek aste barruan geratzeko zaila izango zutelakoan, domeketan geratzen hasi ziren: “Ez genuen uste hainbeste haur batuko ginenik”.