Hamarkada bete bat Alondegia definitzeko

Hamarkada bete bat Alondegia definitzeko

June Prieto

Duela hamar urte berpiztu zen Bilboko Alondegi zaharra, gaur egun Azkuna zentroa izenekoa. Philippe Starck arkitektoak izan zuen 1905 eta 1909 artean Ricardo Bastidak eraikitakoa zaharberritzearen ardura, eta azalpen argirik eman ezinda inauguratu zuen 2010ean. “Ez naiz gai Alondegia definitzeko. Bizitza bera da”, esan zuen.

Hiri ereduari buruzko zalantzak sortu zituen berriztatzeak, zehaztu gabeko erabilera zuen eraikin batean 75 milioi euroko inbertsioa egingo zutelako. Halere, ez zen izan garai hartan martxan jarri zen makroproiektu bakarra. Bilboko hiriak jasan zuen transformazio urbanistikoaren isla dira Guggenheim museoa, Zorrotzaurre uharte bihurtzeko plana, Iberdrola dorrea, Isozaki atea eta Bilboko Metroa. 1990eko hamarkadatik, Iñaki Azkunaren alkatetzan egin ziren proiektu horiek guztiak; baita alondegia ere. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzaketa ukatu zionean, polemika areagotu egin zen, eta, ondorioz, gunea hamar urtez egon zen lanetan. Azkenean, 2010eko maiatzaren 18an zabaldu zuten, hiru urteko atzerapenarekin.

Orain, liburutegiak, kiroldegiak eta zinemek betetzen dute duela 111 urte ardoa biltzeko erabiltzen zuten eraikina. Alondegiak izaera mistoa garatu du hamarkada honetan: kulturak garrantzi handia du barne egitarauan, baina ez dira ahaztekoak eraikinean eskaintzen diren hainbat aisialdi mota ere. Esate baterako, mediatekak 50.000 aletik gora ditu bere liburutegian, eta ikasteko gelak, bideo jokoak alokatzeko gunea eta filmak ikusteko aretoak ere badauzka. Baina izan dira talkak hor ere. Bertako langileek 37 eguneko greba egin zuten 2018an, udalak azpikontratatutako enpresak haien baldintzak hobetu zitzan, eta egunero joaten diren 1.700 hiritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.

Bilbo erdialdean dago Alondegia, Indautxun. Kanpotik ikus daiteke Ricardo Bastida arkitekto bilbotarrak 1909. urtean egindako aurrealde birgaitua; eta barrura sartzean, Starckek diseinatutako gune berritzaileak kaleko espaloiarekin elkartzen dira, kalearen eta Alondegiaren arteko muga lausotuz. Ospetsua bihurtu da dragoi itxura duen zutabea, zeinak, beste 43 zutabeekin batera, erakusketa areto eta bulegoei eusten baitie. Hasieran, bisitarien harridura pizten zuen igerilekuaren beheko aldea ikusi ahal izateak, noizbehinka igerilariren baten oinak ere antzeman daitezkeelako gora begiratuz gero.

Hamaika aurpegi

Gutun Zuria literatur jaialdia da Azkuna zentroan egiten den jaialdirik garrantzitsuenetakoa. Bilboko Alondegian egiten da osorik, eta azken urteetan antolatzaileek hitzaren ikuspegi zabalago bat landu dute. Literatura Nobel saridunak sarri gonbidatu dituzte: 2014an Herta Müller, Orhan Pamuk eta Gao Xingjian elkartu zituzten, besteak beste.

Azkuna zentroaren urteko egitarautik kanpo, beste jaialdi batzuen artean, Mendifilm eta Zinebi jaialdiek erabiltzen dituzte instalazioak, kudeatzaileek eraikinaren hainbat areto alokatzeko aukera ematen baitute. Erabilera anitzekoak dira, adibidez, entzunaretoa eta zinema aretoak. Entzunaretoan laurehun pertsona sar daitezke; Golem enpresak kudeatzen dituen zazpi zinema aretoak egokituta daude entzumen urritasuna duten pertsonentzat.

Bilboko Alondegia artearen alderdi guztiak lantzen dituen gune bat dela esan daiteke: zinema, musika, antzerkia, dantza, literatura eta argazkilaritza. Artista berrientzako bi egonaldi ere eskaintzen ditu. Praktika artistikoa eta dantza garaikidea lantzen dituzte munduko edozein lekutik etor daitezkeen bi aukeratuek, eta Bilboko edo Bizkaiko artistekin urtebeteko proiektua garatzeko aukera daukate. Esate baterako, Tana Garrido eta Alina Aguila aurreko urteko artista egoiliarrek ikusgai edukiko dituzte haien lanak Bat espazioan, apirilaren 26ra arte.

Noizbehinkako formakuntza saioak ere egiten dituzte, umeekin eta helduekin: otsailaren 27tik aurrera, Ana Buitragok Dantzan Bilaka tailerra emango du, adibidez, sorkuntza koreografikoan interesa dutenentzat. Alondegia zeregin finko baterako berreraiki ez izanak aukerak zabaldu dizkie Bilboko hainbat sortzaile eta artistari.

Erakusketa aretoak, berriz, erabilera publikokoak dira, aisialdirako beste instalazio guztiak bezala. Publikoak bai, baina ordainpekoak ere bai. Bilbotarrek 7,05 euro ordaindu beharko dituzte igerilekura behin sartzeko, txartela eduki ezean. Eta 34,15 eurokoa da gimnasiora sartzeko hileko kuota. Itxaron zerrenda dago bertan eskaintzen diren ikastaroetara sartu ahal izateko.

Forma hartu du definitu barik hasi zen proiektuak. Turistek eta herritarrek berdin erabiltzen dute zentroa, eta egitaraua indarra hartuz doa urtez urte.