“Gaur egun, %40 autofinantzatzen da. Dirutan, milioiak dira”

“Gaur egun, %40 autofinantzatzen da. Dirutan, milioiak dira”

June Prieto

Azkuna zentroko zuzendaritzan bi urte egon eta gero, Alondegiko proiektua definitzeko gai da Fernando Perez (Sestao, 1967). Ibilbide luzeko profesionala da, eta argi ikusten du Alondegiaren etorkizunak gizarte garaikidean oinarritu behar duela.

Nola definituko zenuke gaur egungo Alondegia?

Duela urte batzuk zaila izan zitekeen definitzea. Gizarte eta kultura garaikideen zentro bat da. Horrek definitzen du gaur egun dena eta izan nahi duena.

Zer iruditzen zaizu Alondegiak hamar urte hauetan izan duen bilakaera?

Gaur egun ere bilakaeran dago. Batzuetan, distantzia txikietatik aldaketa horietaz konturatzea zaila izaten da, baina, atzera begiratzean, ikus dezaket ikusleriaren komunitateak asko aldatu direla teknologikoki-eta, eta aldatzen ari direla egunetik egunera.

Zein da gehien nabarmenduko zenukeen ezaugarria?

Nik uste dut egunerokoan arte garaikidea ikustea eta bizitzea dela proiektuaren alderdirik garrantzitsuena.

Zein da helburu nagusia prozesu honetan guztian?

Loturak sortzea pertsonen eta kultura garaikidearen artean, ingurunean eragiteko eta gizarte sortzaile, kritiko eta askotariko bat eraikitzen laguntzeko asmoz.

Zer da zuretzat kultura garaikidea edo gizarte garaikidea?

Niretzat, artea kontu estetikora bakarrik ez mugatzea da. Arte garaikidea ekonomia da, gizartea da, esperientziak dira… Niretzat, harrigarria da kulturaren bitartez esperientziak sortzeko dagoen ahalmena; hau da, pertsona bakoitzak eduki dezakeen esperientzia desberdina eta bakarra izatea. Hori ere gertatzen zaie bisitariei zentro honetara etortzean.

Autogestionatzeko gaitasuna du Alondegiak. Zenbatekoa?

Inguruko zentro eta instituzioekin alderatuta, Alondegiak oso finantzaketa propioa altua dauka. Gaur egun, %40 autofinantzatzen gara; dirutan, milioiak dira. Kontuan hartu behar da urtero udalak sei milioi baino apurtxo bat gehiago ematen dizkigula, eta horri autofinantzatutako ehunekoa gehitu behar zaio.

Ehuneko horiek mantentzeko asmoa daukazue?

Hamargarren urteurren honetan, gure helburua izango da enpresekiko harremanak indartzea. Kontuan hartu nahi ditugu, uste dugulako badutela erantzukizun soziala kulturaren aldetik. Asko daukagu eskaintzeko; alde batetik, gurekin lanean dauden 270 pertsonen lana egonkortu nahi dugu, baina, bestetik, hamar urte hauetan programazioak lortu duen erakargarritasuna ere interesgarria iruditu ahal zaie.

Aurreko urteetan, nazioarteko artista asko ekarri dituzue; nola lortzen duzue orekatzea euskal artisten eta kanpotarren arteko eskaera?

Egia esanda, guk nazioartekotasunaz hitz egiten dugunean ez dugu bakarrik hitz egiten atzerriaz, baizik eta bertako jendeak ere nazioartean eragiteko duen gaitasunaz. Guk elkarri eragiteko bideari eman nahi diogu garrantzia, euskaldunok nazioarteari eta nazioarteak guri. Horretarako eskaintzen ditugu egonaldi artistikoak, eta horretarako dira Rotterdam, Habana, Quebec, Frantzia, edo Finlandiarekin egiten ditugun hitzarmenak ere. Luzera, oso emaitza positiboak ematen dituzte.

Zer irudi eduki nahi duzue kanpora begira?

Nahi dugu proiektu sendo bat izan, ulergarria, pertsona guztiei zuzendua. Ez dugu nahi bakarrik estandarte bat izan, baizik eta eragile bat. Zerbitzu publikoa abiapuntutzat hartuta, lokailu bat izan nahi dugu.