Peru Azpillaga Diez
Kale Dor Kayiko Ijitoen elkarteak 30 urte bete zituen iaz. Hala ere, urteurrenaren ospakizunek 2020ko otsailaren 5era arte iraun dute, Tio Manuel Bizarraga sariaren banaketarekin. Ijitoen artean hezkuntza formala bultzatzen duen elkarteak bere sortzailearen izena daraman saria sortu berri du, eta 30 urteotan egindako lana goraipatzeko ekitaldian banatu zuen lehendabizikoz. Juan de Dios Ramirez Heredia izan da lehen saritua, 1986an eurodiputatu hautatua. “Manuel Bizarraga izan zen elkarte honen sortzaileetako bat. Berak amets bat zuen, eta amets hori Kale Dor Kayiko da gaur egun”, azaldu du Oscar Bizarragak, elkarteko lehendakariak. “Manuel Bizarragaren ametsa zen ijitoek hezkuntzan aurrera egin ahal izatea, unibertsitatera heltzeko aukera izan zezatela. Uste zuen hezkuntza akademikoa berdintasuna lortzeko giltza zela eta, horren bidez, gizartean dauden ezberdintasunen hormak eraitsiko genituela”. Bizarragak gaineratu duenez, hemendik aurrera urtero emango dute sari hori, Manuel Bizarragaren ametsari ekarpena egiten diotenen jarduna txalotzeko.
Kale Dor Kayiko elkartea 1989. urtean sortu zen, ijitoen artean zegoen absentismoa desagerrarazteko eta umeen eskolatzea bultzatzeko. “Garai hartan, ijitoak 8, 10 edota 12 urterekin sartzen ziren eskolara; egun, ordea, esan dezakegu absentismorik ez dagoela; batzuk ez dira erregularki joaten eskolara, baina ez dago absentismorik”, azpimarratu du Bizarragak. Hortaz, egoerak “nabarmen” egin du hobera, bere aburuz. “Prozesu gogorra izan da. Hasieran, ijitoek oinarrizko ikasketak amaitzean uzten zuten eskola: ez ziren institutura heltzen, ikasle finak izan eta nota onak atera arren”.
Orduan, egoera horri aurre egiteko, programa berri bat abiatu zuen elkarteak, 2000n: Opré Rromá (Eutsi goiari, ijito). “Programa horren helburua ez zen izan absentismoa desagerraraztea, ordura arte egin zen bezala, baizik eta hezkuntzan aurrera egiten duten ijitoen promozioa egitea”. Bizarragak azaldu duenez, ikasten jarraitu nahi duten ijitoak animatzeko eta laguntzeko hamaika jarduera egiten dituzte: ijito erreferenteak aurkeztu, tutoretza bereziak eskaini, gurasoekin bisitak antolatu, zentroz kanpoko errefortzu saioak egin, elkartearen barruan boluntariotza sustatu eta beste hainbat. Urtero 700 ikasle saritu eta 1.200 ikasle inguru laguntzen dituzte.
Hala, 30 urteko historian martxan jarritako proiektuen artean, Kale Dor Kayiko sariak azpimarratu ditu. “Uste genuen ekainean, ikasturtearen amaierarekin batera, beharrezkoa zela hezkuntzan aurrera egiten duten ikasle ijitoen lana aitortzea”. Aitorpen hori era publikoan egin behar dela nabarmendu du, hezkuntzaren arloko pertsona esanguratsuekin batera. “Kontuan izan behar dugu ijitoen familietan hezkuntza akademikoari aitortza handirik ez zaiola ematen; ez da interes falta dutelako, baizik eta haiek ez dutelako esperientzia hori bizi izan”.
Familiekin lan egin
Gainera, Bizarragaren arabera, familia askotan, “arrisku” modura ikusten da hezkuntza, ijitoen kultura eta tradizioak galtzea eragin dezakeelakoan. “Argi utzi behar zaie haien seme-alabek ez diotela ijito izateari utziko hezkuntza akademikoan aurrera egiteagatik edota unibertsitatean ikasteagatik”. Kontrara, gizartean aurreiritziek indar handia dutela berretsi du Bizarragak, eta hala, orokorkeriak medio, ijitoekiko gaitzespen handia dagoela. “Horri aurre egiteko, guk formula bat daukagu: ezagutu eta aitortu. Guk ezagutza lana egiten dugu, tokiz toki goaz ijitoon kulturaren berri ematera eta gazteak formatzera, baina aitorpena norberak egin beharreko ekintza bat da, norbere balio eta printzipioen araberakoa”, erantsi du Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariak. “Ezagutza eta aitorpena baldin badaude, errespetua egongo da”.
Elkarteak egindako lanaren arrakasta dela eta, beste proiektu berri bat ere jarri dute martxan. “Ijitoek ziklo formatiboak izatea lortzen ari gara, eta, orain, lan mundura sar daitezen lagundu behar diegu”. Horregatik, Lanbiderekin hasi dira lanean. “Ez du zentzurik ikastera bultzatzea, gero lan mundurako sarbiderik izango ez badute”, argudiatu du. “Alde horretatik, asko dugu egiteko; izan ere, asko dira oraindik haien negozioetan ijitorik nahi ez duten pertsonak”.