Enplegua, zahartzea eta klima, erronkak

Enplegua, zahartzea eta klima, erronkak

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaia egiten lelopean, agintaldian izango dituen erronkak zehaztu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Besteak beste, enplegua, klima aldaketaren kontrako eta populazioaren zahartzearen aurkako politikak ipini ditu helburu Unai Rementeria ahaldun nagusiak. 2023ra bitartean egin beharreko 120 jarduera jaso dituzte planean, eta, horretarako, 700 milioi euroren aurrekontua izango dute. “Plan honekin, gaur egingo dugu lan, emaitzak bihar jasotzeko; izan ere, etorkizuneko belaunaldiei Bizkaia hobe bat uztea da helburua”, ohartarazi du Rementeriak. Haren esanetan, diputazioak herrialdearekiko hartu dituen konpromisoak jaso dituzte planean.

Estrategia honen diseinuaren abiapuntua Bizkaiko egoeraren eta lurraldearen indarguneen eta etorkizuneko erronken azterketa izan da. Besteak beste, azterketa horretatik honako hau azpimarratu du Rementeriak: 2015etik 2019ra bitartean %6 jaitsi da langabezia tasa; %16,4tik %10,4ra. Industria sektorean, krisi garaian galdutako 3.000 enplegu berreskuratu dira. Nabarmendu du jaitsiera “orekatua” izan dela herri eta eskualde guztietan. Horrez gainera, Bizkaiak gizarte babeserako sare “sendoa”, garraio publiko “eraginkorra” eta enpresa “garrantzitsuak” eta “turismoa erakartzeko ahalmena” dituela ondorioztatu dute. Lau ardatz ditu planak: enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzea, pertsonak eta aukera berdintasuna, mugikortasuna eta iraunkortasuna, eta kudeaketa ireki eta modernoa.

ENPLEGUA ETA JARDUERA
EKONOMIKOA SORTZEA

Bilbo erdiguneko Bizkaia dorrean egongo den Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa da ekonomia sustatzeko egitasmo nagusietako bat. Dena den, Rementeriak aitortu du martxan jartzeko zailtasunak dituztela, kudeatzailea bilatzeko lehiaketa publikoa hutsik geratu zaielako. Haren ustez, baldintza “gogorregiak” jarri dituztelako gertatu da, eta lehiaketa berria egingo dute, baldintza “malguagoekin”.

Era berean, populazioaren zahartzea arazo barik erronka moduan hartu du diputazioak, eta baita negozioa egiteko aukera modura ere. Hala, agintaldi honetan Nagusi Intelligence Center jarriko du martxan Zorrotzaurreko Trabusi eraikinean. Bilboko Udala eta Mondragon Unibertsitatea izango ditu bidelagun. Diputatu nagusiak Ezkerraldea-Meatzaldeko Teknologia Parkea ere aipatu du. Dagoeneko eraikitzen ari dira, eta Energy Intelligence Center ikerketa zentroa izango da parkearen zutabe nagusietako bat.

Ekonomia arloan, merkataritzari laguntzeko asmoa iragarri du, digitalizazio prozesuan lagunduz eta Merkataritzaren Akademiaren sorrera sustatuz. Enplegu plana ere gogora ekarri du: lau urteotan hamar milioi euro bideratuko dira lanpostu berriak sortzera. Azkenik, esan du Bermeoko portuan sor daitezkeen negozio eta jarduera eredu berriak aztertu eta sustatuko dituztela.

PERTSONAK ETA
AUKERA BERDINTASUNA

Hainbat proiektu aipatu ditu Rementeriak, pertsonak eta haien aukera berdintasuna sustatzeko helburuarekin. Herri Txiki Aukera Handi izenekoa da horietako bat: tokiko eragileak mobilizatuko dituen programa da, herri txikien erronka komunetarako irtenbideak elkarrekin identifikatzeko. Bizkaia Gara boluntarioen sare zibila ere sortu nahi dute, lagundu nahi dutenen eta laguntza behar dutenen arteko topagune izan dadin. Gizarte ekintzako eskualde zentro integral baten proba proiektua ere martxan jarriko da. Belaunaldien Arteko Zentroa sortuko da Getxon, adin guztietako jendea elkarrekin bizi dadin, espazio komun horretan euren bizitza proiektuak garatuz. Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseilua sortuko da, elkarte feministak, andreen elkarteak eta beste erakunde eta eragile batzuk elkartuko diren foroa izateko. Gazteen eta nerabeen artean indarkeria matxistari arreta emateko programa jarriko da abian. Bizkaian Euskara Bizia programak euskararen erabilera sustatzea izango du helburu. Bizkaia Musik On programak, berriz, jaialdiak Bizkaiko leku guztietara zabalduko ditu.

MUGIKORTASUNA
ETA IRAUNKORTASUNA

Klima aldaketak “kezka” eragiten dio diputazioari. Horregatik, Bizkaian duen eraginari buruzko diagnostikoa egingo du, eta etorkizunerako lan ildoak zehaztuko ditu. Aurre egiteko moduetako bat garraio publikoa sustatzea da; ildo horretan, Bilboko Metroa Galdakaora eta Bilbo hegoaldeko auzoetara eroateko proiektuak bultzatuko ditu. Metroa eta trena garraioaren oinarri izatea nahi du Rementeriak, eta biak uztartuko dituen esperientziak egingo dituzte. Hiri arteko bidegorrien sarea sortzen ere hasiko dira. Bilbo hegoaldeko saihesbidea AP-68arekin lotzeko lanak amaituko dituzte agintaldi honetan; Artatza eta Ballontiko biribilguneak lotuko dituen tunela egiten hasiko dira. Tratamendu mekaniko biologikoko plantan erregai berriztagarriak sortzeko planta bat ipiniko dute martxan. Lehen sektoreko belaunaldien arteko lekuko aldaketa sustatuko dute. Bide berdeak lehengoratuko dituzte. Eta Bizkaibusen autobusak gehitu eta berrituko dituzte.

KUDEAKETA IREKIA
ETA MODERNOA

Rementeriaren esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrengandik gertuago egon nahi du. Asmo horrekin ireki dituzte Durangon eta Bermeon eskualde bulegoak; horietan egin ditzake herritarrak lehen Bilbon egin behar zituen paper kontuak. Bizkaia Gertu dute izena, eta herrialdeko eskualde guztietara zabaldu nahi ditu. Martxoan irekiko dute Enkarterrikoa, Balmasedan. Era berean, herritarrentzako zerbitzuen aplikazio bat sortuko dute sakelakoetarako. Bizkaian esku hartzeko baliabideak mobilizatzen dituzten foru zerbitzu guztiak plataforma digital batean integratuta egongo dira; Bizkaia Prest izango du izena, eta aurki ipiniko dute martxan. Zerga iruzurraren aukako politikari dagokionean, datorren urtean hasiko da Batuz programa martxan.