Natalia Salazar Orbe
“Esfortzua, sokaldiaren espiritua eta elkartasun agorrezina”. Balio horiek uztartuko dituzte datorren astean Barakaldon egingo duten XVI. Alpin Astean. Emakumeek emango diete hasiera barakaldarren artean mendizaletasuna zabaltzeko asmoa duten jardunaldiei. Eta eurak izango dira itxiera saioko protagonistak ere. Alpino Turista taldeak nahita egituratu ditu horrela, “emakumeek mendian egin duten bideari ikusgarritasuna emateko”.
Marimendi emakumeen taldeak zabalduko du Alpin Astea. 40 urtetik gorako 30 emakume inguruk osatzen dute elkartea. Mendiari lotuta urteetan osatu duten esperientziaren berri emango dute, antolatzaileek azaldu dutenez: “Mont Blanc, Elbrus eta Peruko Cordillera Blanca mendikatera egin dituzten igoerei buruzko proiekzioak erakutsiko dizkigute”. Mendiarekiko eta euskararekiko zaletasunak lotzen ditu taldeko kideak. “Norbere garapenarentzat mugarik ez dagoela erakusten dute, mendiaz gozatzen duten bitartean”.
Azken hitzaldia Silvia Trigueros barakaldarrak emango du. Tor de Geants Italiako ultratrail lasterketan emakumerik azkarrena izan da bigarren aldiz segidan. 330 kilometroko ibilbidea du probak, 24.000 metroko malda positiboarekin.
Barakaldokoa da Triguerosen aurretik saio berean ariko den protagonista ere: Jose Maria Riverok bere esperientzia kontatuko du. Elkartasuna du ardatz. Miranda fundazioak Azken desioa proiektua sortu zuen, kide dituen pertsonei bete gabe dituzten asmoak betetzen laguntzeko. “Jose Maria kirolaria izan da bizi osoan, eta mendizalea. Oroitzapen berriak sortzea saihesten dion gaixotasuna dauka”. Gorbeiara azken aldiz igotzen lagundu zion fundazioak. “Azken desioa izeneko proiektuaren helburua zen Jose Mari mendira itzultzea, bere pasiora”. Mendi igoeraren irudiak filmatu zituzten, eta, horri esker, “egunero berriz bizi dezake esperientzia. Berak ez baitu gogoratzen han egon izana”.
Hasierako eta bukaerako saio horien bitartean, mendia eta harekin lotuta dauden hainbat alor izango dituzte aztergai. Horien artean, arriskuaren kudeaketa eta segurtasuna aztertuko ditu Zigor Egiak. Bizkaiko Mendizale Federazioko segurtasun arduraduna da bera, eta mendi kirolen eta eskaladaren Espainiako federazioko segurtasun batzordeko kidea. “Mendi ibilbide bat prestatu aurretik kontuan hartu beharreko gakoak emango ditu”. Ibilbidea ahalik eta seguruena izango dela bermatzea da asmoa. Hala ere, arrisku oro saihesterik ez dagoela azalduko du.
Alpin Asteak “balio didaktikoa” ere izan zezan nahi zuten antolatzaileek. Horregatik gonbidatu dute Egia. Gai horrek arrakasta handia izango duela uste dute.
Mendiaren barrunbea
Mendi gailurrez gain, topografia mota gehiago ere izango dituzte aztergai jardunaldietan. Bizkaian mendebalderen dagoen karst baten xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute asteazkenean Clara Campoamor kultur etxera gerturatzen direnek. Urtzi Arteagoitiak Ubalgo karsta izango du mintzagai. Burnia Espeleologia Elkarteak karst hori aztertu du azken urteetan. “Formazio ikusgarriek tapizatutako aretoak eta berrehun metrotik gorako sakonera duten amildegi erraldoiak dira espeleologoak Enkarterriko txoko zoragarri honetara erakartzen dituen altxorretako batzuk”.
Burnia elkartea klasiko bat bilakatu da Alpin Astean. “Haren proiekzioek interes handia pizten dute bisitariengan”.
Mendiaren balio tradizionalek jardunaldiak bustitzea nahi zuten antolatzaileek. Eta osteguneko proposamena ere bide horretatik doala azaldu dute Alpino Turista taldekoek. Zortzimilakora zortzi pausotan hitzaldia emango du Mikel Renteriak. WOP (Walk On Project) ekimenaren sortzailea da, eta WOPeak mendi proiektuaren zuzendaria.
2008an sei urteko gaztetxo batek estropezu egin zuen mendian. Handik gutxira, neuronen endekapenezko gaixotasun bat zuela jakinarazi zieten gurasoei. Egoera hori ezagutzera emateko asmoz sortu zuten WOP. Patologia horiek sendatzeko terapien ikerketa bultzatu eta babesteko helburua ere badu proiektuak. Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejoren taldearekin batera ere lan egin du WOPeak egitasmoak.
Mendira begira egin du ibilbidea Alpino Turista taldeak. Bide hori jendaurrean zabaltzeko jardunaldiak, berriz, hamasei aldiz antolatu dituzte, 1998an sortu zituztenez geroztik. “Alpin Astea herrian finkatu da, bertaratzen diren adin guztietako ikus-entzuleei eta hizlarien kalitateari erreparatuta. Eskualdean erreferente bihurtu da”.