564

Igor Elordui Etxebarria

Beste Gabon zahar gau bat. Beste parranda bat. Beste paseo bat Gasteiztik Gamarrara. Eta beste kanta bat. Portal de Villareal kalean ikusi zuen Josu Zabalak kasu honetan abestiaren hazi bilakatuko zen kartela horman itsatsita. “Ni orduan LKI alderdikoa nintzen, eta LKIren kartel bat ikusi nuen. 564 zenbakia ikusten zen handi, eta presoen argazki txikiz osatuta zegoen irudia. Hori buruan sartu, eta betikoa: etxera joan, ohera sartu, ohean lorik ezin egin, eta berriro altxatu, joan behera, grabatu kanta, eta hurrengora arte. (…) Bere garaiari aurreratutako kanta bat dela esango nuke, ez zegoelako eskainia presoei, baizik eta presoen senideei. Eta uste dut hor daukala berezitasuna. Horixe sentitu nuen, eta hortxe dago”.

ASTIZ, Iñigo: Hertzainak: abestien sorbururainoko bidaia. BERRIA, 2019-12-12

Hotz amaigabe bat baino latzago. Ta urteak egun baino gehiago… Gaur egun, Espainiako kartzeletan sakabanatuta, 55 euskal preso politikok hogei urtetik gora daramate espetxeratuta. 20, 21, 22, 23, 24, 25, 26, 27, 28, 29… eta baita 30 urte ere preso.

Bostehun eta hirurogeita lau ohe huts. Samina zabaltzen… Bostehun eta hirurogeita lau, eta gehiago ere izan ziren. Gutxiago dira orain, baina badira, eta lar: 242 ohe huts. Ohe huts bakoitzeko zenbat kilometro errepidean? Zenbat negar? Zenbat min? Zenbat samin?

Batzuen ustez ordaintzen. Dagokien zigorra… Hain da zalantzagarria batzuetan nork, zer eta zergatik ordaindu behar duen. Edozelan ere, gauza bat argi dago: Senideei ez dagokie. Lehen ere ez zegokien.

Maite dutenentzat berriz. Askatasun haizea… Maite zaituztegu. Eta maitatzea ez da delitua. Ez dakit eskubidea den ere. Berezkoa da. Maitatu egiten da, eta kito. Bada, ostera, eskubide bat: maitatua ahalik eta hurbilen eduki ahal izatea.

Baina hori nork ulertarazi. Etxean zain bakarrik denari… Falta sentitzen duenak bakarrik daki zein handia den falta denaren hutsunea. Zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak. Horrenbeste denbora daramagu zain!

Bostehun eta hirurogeita lau taupada. Gehiago gure bihotzean… Bihotza, burua, eskuak eta hankak… Esatea ez baita egitea, ezta ere maitatzea. Bihar Bilbora joan eta La Casillatik Udaletxera dauden bi mila metroak bete beharko ditugu, ezta? Zeozer egin beharko badugu, ala? Zer gutxiago hori baino? Orain ez bada, noiz bestela?

Hitz gehiago ez da behar, kantuz adierazi ahal denean.

Hotz amaigabe bat baino latzago / Ta urteak egun baino gehiago / Bostehun eta hirurogeita lau ohe huts / Samina zabaltzen / Batzuen ustez ordaintzen / Dagokien zigorra / Maite dutenentzat berriz / Askatasun haizea / Baina hori nork ulertarazi / Etxean zain bakarrik denari / Bostehun eta hirurogeita lau taupada / Gehiago gure bihotzean.