Gaur hasiko da paleta larruzko II. Bizkaia Torneoa, Larrabetzun

Gaur hasiko da paleta larruzko II. Bizkaia Torneoa, Larrabetzun

Peru Azpillaga Diez

Joan den urteko estreinaldiaren ostean, gaur abiatuko da Andrazkoen Paleta Larruzko II. Bizkaia Torneoa. 19:30etan izango da estreinaldia, Larrabetzun jokatuko diren lehenbiziko bi partidekin. Ligaxkako gainontzeko bi norgehiagokak eta finala, berriz, Bizkaia frontoian izango dira. Amaitu berri den esku pilotako andrazkoen Bizkaia Torneoan bezala, paleta larruzkoan arituko diren pilotariek ere kirolerako lan kontratua izango dute.

Iaz ez bezala, lau bikotek hartuko dute parte; beraz, txapelketaren izaera ere aldatu egin da. Oraingoan, itzuli bakarreko ligaxka formatuan arituko dira lau bikoteak. Hortaz, hiru partida jokatuko ditu bikote bakoitzak, eta lehenengo bi sailkatuak urtarrilaren 4an izango den finalerako sailkatuko dira. Norgehiagoka hori, gainera ETBn ikusi ahalko da. Partidek zortzi tantoko bost joko izango dituzte, eta egun bakoitzean bi partida jokatuko dira.

Parte hartzaileei dagokienez, hiru pilotarik izango dute estreinaldia torneoan, baina bikoteen osaketa egiterakoan lortu den orekak berekin ekarri du faborito argirik ez egotea. Hauek izango dira lau bikoteak: Leire Galdos eta Leire Etxaniz, Ane Maiza eta Maider Mendizabal, Amaia Irazustabarrena eta Amaia Araiztegi, eta, azkenik, Ane Isasmendi eta Laura Saez.

“Ez gaude ohituta larruzko pilotarekin jokatzera; azkarragoa da, eta horrek erakargarria egiten du txapelketa”, nabarmendu du Mendizabalek. Amaia Irazustabarrena iazko txapeldunak ere ideia berari heldu dio: “Larruarekin jokatzea korapilatsuagoa da; zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta hobea izango da maila”.

Emakume Master Cup, etzi

Barakaldon jokatuko dira, igandean, lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketako finalak (12:00). Estreinakoz pilota mistoa erabili dute, eta hori izango da berritasuna, bi final jokatuko baitira: pilota bigunarekin bata, eta mistorekin bestea. Lehenbizikoan Patri Espinar eta Leire Etxaniz ariko dira nor baino nor gehiago, eta, bigarrenean, Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga. Sarrera doakoa izango da.