Bizikletak autobidea izango du

Bizikletak autobidea izango du

Ibai Maruri Bilbao

Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatuak eta Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak joan den astelehenean bisitatu zituzten Santurtzi Zierbenarekin eta Arenako hondartzara doan bidegorriarekin lotuko dituen bidegorri tarte berriak. Santurtzi eta Zierbena lotuko dituena abendu hasierarako egongo da erabilgarri. Santurtzi eta Arenako hondartzara doan bidegorria lotuko dituena, berriz, 2020ko otsailerako egongo da prest. Bizkaiko Foru Aldundiak egindako azken bidegorri tarteak izango dira. Baina gehiago etorriko dira: datorren urtean 3,5 milioi euro inbertituko ditu Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako Sailak hainbat bidegorri egiteko: Gamiztik Fikarakoa, La Herreratik Zallarakoa eta Martiartutik Arrigorriagarakoa. Horrez gainera, lehen bidegorri ardatzen proiektuak abiatzeko asmoa ere badu: Bilbo eta Zaldibar artekoa, Bilboko itsasadarraren eskumako ibarrekoa eta Ugaotik Basaurira joango dena.

Bizikletentzako autobideak ipini die izena Unai Rementeria diputatu nagusiak. Mugikortasun berriaren oinarria izango direla esan du. Etorkizunean eraiki beharreko autobideak horiek izango direla uste du. “Bizikleta eguneroko joan-etorrietan lehen aukera izatea lortu nahi dugu. Hori da gure erronka”. Helburu horrekin Bidegorrien Lurralde Plan Sektoriala osatu nahi du diputazioak.

Gaur egun herri arteko hamalau ibilbide ditu diputazioak. Bestelakoan errepide arruntetatik joan behar izaten dute txirrindulariek. “Leku batetik bestera joateko ez dugu beste alternatibarik, eta, sarri askotan, arriskutsua izaten da, ibilgailuen gidariak ez daudelako konforme errepideak txirrindulariekin partekatu beharrarekin. Iruditzen zaie euren martxa moteltzen dugula”, nabarmendu du Javi Monederok. Barakaldoko BarakaBizi txirrindularien elkarteko presidentea da. Salatu du Bizkaiko errepideak, oro har, ez daudela bizikletan ibiltzeko baldintza egokietan. “Ibilgailuei lekua utzi nahi diegu gehienok; gu bazterretik joan eta errailak eurentzat libre. Baina bazterrak ez daude egoki: harriak egoten dira, istripuen aztarnak… Eta errepide askotan estuegiak izaten dira handik ondo joateko; ez gara kabitzen, eta errailetik joan behar izaten dugu”.

Horregatik, bidegorriak ezinbestekoak direla iruditzen zaio. “Egia da txirrindulari asko ez direla bidegorrien zaleak. Gurago izaten dute errailetatik joan, ez direlakoan bidegorrian taldean kabitzen. Baina taldean ezin da joan ez bidegorrietan ez errepidean”, aitortu du Monederok. Berak segurtasun berme modura hartzen ditu; errepidean sentitzen ez duen segurtasun bat sentitzen du bidegorrietan. Eta badu horretarako arrazoirik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarenak dira datuak: iaz, Bizkaiko errepideetan, 26 txirrindulari zauritu ziren larri; azken lau urteetan bikoiztu egin da kopurua. Eta txirrindulari bat hil zen. Istripuen %72 herri arteko bideetan izan ziren.

Barakaldon bizi da Monedero, eta Petronorren findegian egiten du lan, Muskizen. “Gaur egun, tarte batzuetan bidegorria dago, baina ezin dut etxetik lanera bidegorritik joan. Gogotsu nago noiz amaituko duten, bizikletaz joan ahal izateko. Neguko egun euritsuetan ez, baina giro ona dagoenetan ni pozarren joango nintzateke bizikletaz”. Seme-alabak ditu, eta oinez etxetik bost minutura dute eskola. Bizikletaz ibili zaleak diren arren, ez die uzten eskolara bizikletaz joaten. “Badakit edozein egunetan auto batekin istripuren bat izan dezaketela. Ez dut arriskatu nahi. Agintariek bizikletaren erabilera sustatu nahi badute, erabiltzaileen segurtasuna bermatu beharko lukete. Eskoletan goiz eta arratsaldero egoten diren auto pilaketak saihesteko modu ona izango litzatekeela iruditzen zait”.

Bidegorri sare sendo bat ezinbestekoa iruditzen zaio, bizikleta mugikortasunaren ardatzetako bat izatea nahi bada. “Herbehereetan hala da. Bizikletak autoak baino eskubide gehiago ditu; ia-ia oinezkoek baino eskubide gehiago dituzte txirrindulariek. Baina beste kultura bat dute, gurearekiko oso ezberdina. Guk ere hobera egin dugu azken urteetan, baina oraindik asko falta dugu maila on batera iristeko”. Mobycon Herbehereetako mugikortasun aholkularitza enpresako aholkularia da Robin Kleine. Bizkaiko Diputazioak gonbidatuta Bilbon egon da, bere herrialdeko esperientzia azaltzera etorrita. Ados dago Monederok esandakoarekin: “Egungo mugikortasun eredua aldatu nahi bada Bizkaian, ezinbestekoa da bidegorri sare handi samar bat osatzea, ondo saretua dagoena, eta garraiobide publikoekin lotura ona duena; batez ere, metroarekin”.

Bizkaiko hainbat herritatik ibili da bidegorrien egoera ezagutzen. Eta iruditzen zaio loturarik ez duten bidegorri tarteak eraikitzea ez dela eraginkorra. “Lehentasuna izan behar da loturarik ez duten tarteak elkarrekin lotzea, txirrindulariak bizikleta hartu eta bidegorritik irten gabe bere helburura joateko aukera izan dezan. Bestela, zertarako hartuko du?”. Erronka bat ipini du: auto gidarien %10 konbentzitu behar da bere mugikortasun eredua bizikletan oinarritzeko. “Herbehereetan lortu dugu hamar gidaritik batek bizikletarako saltoa ematea, eta horrekin hirigune askotako auto pilaketak erabat desagertu dira. Bide batez, airearen kalitatea nabarmen hobetu da eta tokian tokiko merkatari eta ostalarien diru sarrerak hazi dira”.

Errepidetik aparte

Bilboko itsasadarraren bi ertzek komunikaziorako aukera aparta eskaintzen dutela uste du Kleinek. Iritzi berekoa da Biziz Bizi Bilboko txirrindularien elkarteko kide Javier Umaran ere. Euren aldarrikapen nagusietako bat da Bilbo eta Getxo lotuko dituen bidegorria. “Gaur egun, herri batetik bestera bizikletaz egiten diren joan-etorriak aisialdiari lotuta egoten dira. Eta normala da, eguneroko joan-etorrietarako behar den konexiorik ez dagoelako. Benetan penagarria da Bilboren egoera”. Barakaldo eta Bilbo artean kilometro eta erdi dagoela esan du. Baina ez dago bidegorririk, errepidetik egin behar da joan-etorria. “Auto artean etorri behar duzu, eta tartean aldapa handi bat igo behar duzu. Horrek jende askori atzeraka eragiten dio, normala den moduan. Itsasadarraren ertzetik bidegorri bat egongo balitz, jende askok hartuko luke bizikleta hiri batetik bestera joateko, kilometro eta erdi ez da distantzia handia eta”.

Aukerarik egokiena hori iruditzen zaio Umarani: bidegorriak errepideetatik aparteko lekuetan egitea. “Bidegorria errepide ondoan badago, ibilgailuek isurtzen duten karbono dioxido guztia arnastu behar dugu”. Iritzi berekoak dira Monedero eta Klein ere. Baina badakite beti ezingo dela horrela izan. “Kasuan-kasuan aztertu beharko litzateke zer den teknikoki eta ekonomikoki egingarriena”, esan du Umaranek.

Diputazioa gaur egungo egoera zein den aztertzen ari da. Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila txirrindularien ohiturak, premiak eta eskaerak zein diren ikertzen ari da, bere politikak diseinatzeko. Datorren urterako izango dituzte emaitzak. Sail honena da erabilera sustatzeko neurriak hartzeko eskumena. Helburu horrekin bizikletentzako aparkaleku seguruak ipiniko dira “leku estrategikoetan”, bizikletaren eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea ahalbidetzeko. Kleinen esanetan, Herbehereetan metro geltoki guztietatik gertu bizikletentzako aparkalekuak dituzte, edozein lekutan utziz gero lapurtuko dioten beldur izaten delako jendea.

Bizikleten alokairuaz ere ohartarazi du Umaranek. Ondo baloratu ditu Bizkaiko hainbat herrik dituzten alokairu publikorako zerbitzuak. Baina herri barruan erabiltzeko izaten dira bizikletak. “Ni Bilbon bizi banaiz eta Erandion lan egiten badut, nire bizikletarekin joan behar dut. Aukera izan beharko nuke Bilboko bizikleta publiko bat hartu eta Erandion uzteko”. Herri arteko joan-etorrietarako kaskoa eskaintzea ere ezinbesteko jo du. Uste du erraztasun guztiak eman behar direla, “bizkaitar asko” bizikletaz ibiltzeko gogoz daudelako.