“Iparragirreren gitarra sinbolo bat da, eta horrek egiten du berezi”

“Iparragirreren gitarra sinbolo bat da, eta horrek egiten du berezi”

Ander Makazaga Conde

Duela hilabete batzuk, Laura Vicariorekin harremanetan jarri zen Enkarterrietako Arkeologi Museoko zuzendaria. “2020. urtean Jose Maria Iparragirre koplariaren jaiotzaren berrehungarren urteurrena beteko dela-eta, haren gitarra zaharberritzeko proposamena egin zidan. Esan zidan datorren urtean musikaria omentzeko ekitaldi bereziak antolatuko dituztela, eta oso aproposa iruditu zitzaidan”.

Gernika-Lumon, Europako Ondarearen Jardunaldietan, tailer berezi bat eskaini duzu. Zer jorratu duzu?

Gernikako Batzar Etxean dago Iparragirreren gitarra, kristalezko erakusleiho batean, eta instrumentuaren azterketa sakon bat egiteko aukera eskaini zidaten jendaurrean. Urte asko darama bertan. Ez dakit noiztik, baina aspaldidanik ez du inork gitarra jo. Konponketak behar ditu berriz erabilgarri egon dadin, eta urrian Gernika-Lumon eman dudan tailer hori aukera ederra izan da instrumentuari lehen gainbegiratua emateko.

Noizkoa da gitarra?

XIX. mendekoa da, Buenos Airesen egina. Salvador Ramirez luthier malagarraren sinadura dauka. Kontuan izanik Ramirez Argentinara bizitzera joan zela, eta Iparragirre bera ere bertan ezkondu zela, baliteke musikariak bertan erosi izana.

Zer ezaugarri ditu?

Gitarra erromantikoa da, klasikoa baino txikiagoa. Masta estuagoa du, baita gorputza bera ere. Instrumentuaren larakoak egurrezkoak dira, nahiz eta garai hartan jada metalezkoak jartzen zituzten. Gorputzera iristen diren hariak lotzeko zubia ere ezberdina dauka. Hariak, gainera, ez dira nylonezkoak, gaur egungoak bezala, eta horrek eragina dauka soinuan. Izan ere, gitarra klasikoak baino soinu biribilagoa dauka, nahiz eta afinazioa ez den oso egonkorra.

Zer konponketa egingo dituzu?

Gernikako Batzar Etxeko erakusleihoan zegoela, argi eta garbi ikusi nuen gorputzak arrakalak dituela, zati batzuk higatuta daudela, eta trasteak ere gastatuta dituela. Hariak oso zaharrak dira, eta zaila da berdinak aurkitzea, baina badakit oraindik lor ditzakedala. Horrez gain, gitarra guztiz irekiko dut; izan ere, gogortu egin beharko dut barrualdea. Azkenik, berniza emango diot. Ez dakit inoiz beste zaharberritzerik egin dioten edo ez, baina premia behitzat badu, eta datorren urtean erabilgarri egoteko lehenbailehen egin beharra dago.

Noiz hasiko zara lanean?

Gabonak aurretik aurreikusten dut lanean hastea, eta instrumentuak ezarriko dit erritmoa; hau da, ez dut zaharberritzea presaka egin nahi. Behar dudan denbora guztia hartuko dut, baina ziur nago 2020ko uda baino lehen bukatuta izango dudala. Oraindik ez daukat gitarra esku artean, baina laster izatea espero dut.

Gernika-Lumotik Bilbora eraman beharko duzu gitarra. Aldaketa hori arriskutsua al da musika tresnarentzat?

Kutxatila berezi bat erabiliko dut Bilboko Bailen kaleko nire lantokira ekartzeko; ondo babestuta etorriko da. Nire eskuekin eta hemen ditudan erremintekin egingo dut lan.

Lana bukatuta, mantentze lanak ere garrantzitsuak dira, ezta?

Mantentze lanik onena norbaitek gitarra erregulartasunez jotzea da. Cremonan (Italia), adibidez, XVII. eta XVIII. mendeko instrumentuak dituen museo berezi bat dago. Musikari bat dute kontratatuta egunero hara joan, erakusleihoetatik instrumentuak atera eta jo ditzan. Horrez gainera, urtean behin gainbegiratu bat ere egin beharko litzaioke. Egurrak denbora asko eman du dar-dar egin gabe, eta instrumentu bati gerta dakiokeen gauzarik txarrena da hori. Jo ahala joango da bere soinua hobetuz.

Ba al dago jatorrizko soinua berreskuratzerik?

Hori da asmoa. Iparragirreren jaiotzaren berrehungarren urteurrenean, musikari batek koplari urretxuarraren kantak interpretatuko ditu, eta ordurako prest egon beharko du. Gitarra zaharregia da, baina sinbolo bat ere bada. Eta horrek egiten du berezi. Horregatik, jatorrizko soinura ahalik eta gehien gerturatzea da orain dudan erronka, artelanekin egin ohi legez. Ez dut gitarra berri bat sortuko, garrantzitsua da denboraren aztarnak ere identifikatu daitezela.

Iparragirreren gitarra sinbolo bat dela esan duzu. Horrek presiorik egiten al dizu?

Ohituta nago XVII. mende inguruko musika tresnak konpontzen, horiek esku artean izaten. Gehienbat [Nicolas] Lupot luthierraren harizko familiako instrumentuak izan ditut aurrez aurre; Stradivarius frantsesak liratekeenak. Baina betiere jabe aipagarririk izan ez dutenak. Horregatik, berezia da enkargu hau niretzat. Erantzukizuna da, duda barik, baina batez ere ohore handia. Ez dakit gitarrak zer balio izango duen ekonomikoki, baina, sinbolikoki, ezin da parekatu.