Hari batetik zintzilik dagoen ofizioa

Hari batetik zintzilik dagoen ofizioa

Lore Bengoetxea

Ezagutu izan dituzte Ondarroan baxurako hirurogei txalupatik gora zeuden garaiak; lau bat kuadrillatan, dozena saregile inguru batzen zirenekoak txalupek apurtutako traina konpontzeko. Garai haiek, baina, joan dira. Emakume mordo hartatik bost traina konpontzaile baino ez dira geratzen; denak kuadrilla bakarrean. Eta haiekin batera desagertuko da ofizioa Ondarroan, lekukoa hartuko duenik ez dagoelako.

Etxeko txalupetan edo aziendan hasi ziren lanean aktibo dauden saregile gehienak. Neskatillak esaten zaienak ere bazeuden; txaluparik eduki ez arren, besteen modura txaluparako lan egiten zutenak eta sareak konpontzen zituztenak. Haziendaduna izan ala ez, denek ikasi zuten saregile ofizioa; arbasoengandik askok, eta batak besteari erakutsiaz ere gutxik ez. Baina erretiratzeko ordua ez dute urrun, eta erreleboa falta da. Penaz diote ez dagoela ofizioari eutsiko dion inor. “Eta hau ez da egun batetik bestera bete daitekeen lana. Ofizioa da hau, eta, beraz, ikasi egin behar duzu”, adierazi du Garbiñe Garalde Lakak.

Baxuraren egoera

Ondarroako saregileek diotenez, ez dago arrazoi bakar bat egoera ulertzeko. Hala ere, sektorearen beraren egoeran jartzen dute arreta. Izan ere, Ondarroan, baxurako txalupa bakarra dago; eta kanpotik etortzen direnen artean, “kastellanoen” sareak baino ez dituzte konpontzen, Kantabriako txalupenak, Galiziako baporetakoek badakite-eta ofizioa: bai galiziarrek eurek, bai senegaldarrek eta bai perutarrek. “Inguruari erreparatuz gero, Bizkaian, Bermeok apenas daukan saregilerik. Lekeition, bat, azienda daukana; Kalamua-koa”. Gipuzkoari dagokionez, Getarian eta Orion traina konpontzaileak egon badauden arren, gehiegi ere ez, eta, horrela, inoiz egokitu izan zaie ondarroarrei Hondarribiraino joan behar izatea, lanerako behar beste ez zirela eta. Saregileen elkartea sortu osteko kontua da hori; 2006az geroztikoa. Hamairu urte dira elkartea sortu zela, eta, urteotan, erdira jaitsi da saregileen kopurua. Saregileek eman duten datua da: 2006an, Hondarribitik Bermeoraino, ehun saregiletik gora zeuden; orain, ez dira 50era heltzen.

Ondarroarren kasuan, azpiegitura egokia falta izan da; urte askoan teilapean lan egin izan dute. “Zenbat hotz; zenbat euri…!”, esan du Guruzne Badiolak. Euren eskaerei erantzuteko, orain sei bat urte, etxe prefabrikatu bat egin zuten, baina ez dute baldintza onik, inondik ere. “Hemen, komunik ere ez dago; eta sareak zabaltzeko, leku gutxi”, azaldu du Maite Burgoak.

Edozelan ere, argi daukate azpiegitura ez dela lanbidean sartzeko gako nagusia. “Ikusi Orion zer gertatu zen: deia egin zuten, traina konpontzaileak falta zituztela eta. Hamahiru agertu ziren, eta hiru baino ez ziren geratu. Besteek ihes egin zuten, ikaratuta, lan baldintzak ikusita, nahiz eta sareak zabaltzeko pabiloi ezin hobeak dituzten”, gogoratu du Burgoak.

Normala iruditzen zaie saregilearen ofizioa ez izatea erakargarria gazteentzat. “Ez dakigu ziur lana noiz edukiko dugun. Beti egon behar gara prest, deitzen digutenerako. Beharbada, aste guztian ez daukagu lanik, eta zapatu-domeketan daukagu. Hona ezin daiteke etorri lan ziurra behar edo nahi duen inor”, dio Maria Jose Aramaiok.

Ardura berezia

Ondarroako saregileek, ostera, beste era batera bizi dute ofizioa. “Gu ez gatoz hona pezetagatik; hor daukagu geure Ongi [Ongi Etorri ontzia]. Ez da gurea, baina gurea balitz bezala sentitzen dugu; sareak apurtuta sartzen bada, konpondu egin behar dira sareok, lana egin dezaten. Eta beste txalupen kasuan, gauza bera. Geure ardura dela sentitzen dugu”, esan du Josune Badiolak.

Lantoki duten etxe prefabrikatutik ez oso urruti, portuko lonja eraikitzen ari dira. Guruzne Badiolaren ustez, berandu dator. “Ondarroan egoten den flotagaz eta ematen zaion zerbitzuagaz, pena izan da arinago ez egitea. Barruan egingo genukeen beharra, beste baldintza batzuetan, eta, beharbada, baten bat gehituko zen lanera”.