Peru Azpillaga Diez
Joan den urteko bide berari eutsiz, emakumezkoek frontoietan duten presentzia indartzeko egindako apustua berretsi du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, bigarren urtez jarraian, andrazkoen esku pilotako II. Bizkaia Torneoa antolatu du.
Gaur bertan hasiko da txapelketa Bizkaia frontoian, eta amateur mailako zortzi pilotarik hartuko dute parte: lau bizkaitar, hiru nafar eta gipuzkoar bakarra. Horietatik, soilik bi lehiatu ziren iazko torneoan, hain zuzen ere, bikotea osatu zuten Olatz Arrizabalaga bizkaitarra eta Olatz Ruiz Larramendi nafarra. Oraingoan, ordea, ez dira batera ariko, Arrizabalaga, Gentzane Aldai orozkoarrarekin arituko baita. Aurreikuspenen arabera, torneoan arituko diren bikoteetatik indartsuenetako bat osatuko dute, gainera, bizkaitar horiek biek.
Haiekin batera, beste hiru bikote lehiatuko dira torneoan: Amaia Aldai dimoztarrak Nora Mendizabal andoaindarrarekin osatuko duena; Ainhoa Romero lemoaztarrak eta Iera Agirre leitzarrak osatuko dutena; eta Arrate Bergara tuterarrak lehen aipatutako Olatz Ruiz Larramendirekin batera egingo duen bikotea.
Ligaxka formako torneoa
Bizkaia Torneoaren bigarren edizioan parte hartuko duten lau bikoteak multzo bakarrean arituko dira. Hala, ligaxka formatua izango du txapelketak. 22 tantotara jokatuko dira partidak, ostiralero, 19:00etan, gaurtik hasita. Jardunaldi bakoitzean bi norgehiagoka izango dira. Bikote irabazleak bi puntu eskuratuko ditu; galtzaileak, berriz, bakarra.
Ligaxka amaitutakoan, puntu gehien dituzten bi bikoteak finalean lehiatuko dira, eta gainontzeko biak, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan. Bi norgehiagoka horiek egun berean jokatuko dira: azaroaren 30ean. Egun horretako partidak, gainera, Euskal Telebistak emango ditu zuzenean.
Era berean, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Lorea Bilbaok nabarmendu duenez, Bizkaia Torneoan lehiatuko diren pilotariak kontratu profesional batekin arituko dira. “Berdintasuna lortzeko pausoak ematen jarraitu nahi dugu, eta esku pilota bezalako gure kirol propioetan, erronka dugu gizarte gisa, baina baita ardura instituzio publiko gisa”, azaldu du. Ideia berari heldu dio Arrizabalaga pilotariak: “Helburua ez da gaurdanik profesional bilakatzea, baizik eta gazteenei bidea irekitzen joatea”. Pilotariak azpimarratu duenez, halako torneo batek, hedabideen babesa izanik, emakumezkoen kirolari benetan duen garrantzia ematen laguntzen du. “Emakumezkoen pilotari ikusgarritasuna eman nahi diogu, normalizatu egin nahi dugu; harriak jartzen joan behar gara, etorkizuneko belaunaldientzat errazagoa izan dadin. Izan ere, oraindik klubetan zein federazioan bada asko egiteko”, ohartarazi du Arrizabalagak.