Hildakoak

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Hor ez zapaldu, hori hobi bat da. Adi non zapaltzen duzun, harlauza batzuk loka daude-eta. Kontuz, horko horri lustrea eman diote eta marka egingo diozu gainean zapalduz gero”. Eta gu garbitu gabeko hobien gainetik ibiltzen ahalegintzen ginen gaurko egunez. Oinpean eta alboetan hildakoak genituela emandako buelta bakoitzean bazegoen nor eta zer ikusi.

Urteko egun gehienetan isilik egoten ohi zen leku hartako berbaroaz akordatu naiz gaur. Halako batean, pertsona batek hilobi baten aurrean zegoen jende multzo bati galdetzen zion: “Zuek hemen zein daukazue ba?” eta, “Aiba, ez nekien zuen artekoa zenik…”, erantzuten zuen. Gero antzeko zerbait egingo zuen aurreraxeago; gozamena eta tristura igartzen zitzaizkion aurpegian. Hilerria zendutakoen museo izaten zen egun batez, eta han ibiltzen ginen, behin betiko erakusketa hartan bueltaka, denak ikusi ezinda eta denak ikusi beharrean.

Begi-bistatik galdutako hura ere hantxe: ez nintzen akordatzen hilda zegoenik, edo beharbada ez nekien hil zenik ere. Datei erreparatu eta gazteegi hil zen baten alboan hil zenean baino gazteagoa zeneko argazkia jarri zioten beste bat. Abizen berdinekoen hurrenkera luzeak panteoi batean, eta hil berri den baten lore koroa bat erdi ustelduta alboan. Denak leku berean, bakoitza bere lore, bere leku, bere diru eta bere distira.

Kanposantuak lorez josita egongo dira gaur ere. Hobietako batzuk distiratsu eta ertzak lore-hostoz inguratuta egongo direla imajinatzen dut. Ikusi egin ditzaket kandela gorriak piztuta; batzuk, haizeak etzanda, eta beste batzuk, alboa erdi erreta. Lore hori, zuri eta urdinak han-hemen, eta aurrerago aluminio paperean batutako arrosa parea.

Leku berean biltzen dira bizitzatik joan ezinda ibilitakoak eta bizitzari tupustean lapurtutakoen hautsak. Gaur hilerrira joatea erabakiko dutenen artean, bere hilei baino besteen loreei gehiago begiratuko diotenak ere egongo dira. Eta urte guztirako plastikozko loreak jarri dizkionari alboz begiratu eta gutxietsiko duena ere ez da urrun ibiliko. Landa ertzen batean hartutako loretxo batzuk eramango ditu beste batek nitxoan aspaldi jarri zuen ontzira. Beste batzuentzat asteroko errutina izango da. Beste batzuk ez dira joango.

Oroitzapenen kutxa dira hobiak, tapa zabaldu beharrik gabe arimarekin bat egiteko balio dutenak. Izango da hilak gogoratzeko kanposantura joan beharrik ez duena edota egunero joango litzatekeena. Bada hilerrian hobiratu ez zutena edota kristaua ez den beste erlijio batekoa dena. Dena den, esaten da heriotzak denok berdintzen gaituela, denok hil behar dugula noizbait, ez dagoela horri ihes egiterik.

Baina ez ditu hautsak berdin harrotzen edozein gorpuren hautsak. Ikusi besterik ez dago Francisco Franco diktadore espainiarraren hilotzaren hotsa. Bizi zela eta hil ondoren egindako eta agindutako sarraskien itzalak milioika bizitza, identitate eta memoria belztu zituen. Orain lekuz mugitu dute, bere helikoptero, segurtasun neurri, errespetu eta diru publiko guztiarekin. Eta lurpean sartu dute berriz, baina ez behar beste sakon, behar beste ilun. Gaua argituko dioten kandela asko ditu inguruan oraindik.