Txikitik jaiotako azoka

Txikitik jaiotako azoka

Peru Azpillaga Diez

Politika eta autogestioa: horiek izango dira asteburuan Portugaleteko Merkatua beteko duten bi ideia nagusiak. Politika, mundua ulertu eta eraldatzeko ikuspegi desberdinak bilduko dituelako, betiere, ideia antifaxista eta antikapitalistetatik abiatuta. Autogestioa, liburu, fanzine eta material politikoaren azokan eskuragai izango diren produktuek autoekoizpena eta autofinantzaketa dutelako oinarri.

“Gu bezalako kolektibo txikiek ez dute lekurik izaten ohiko azoka handietan, batik bat, bertan parte hartzeko dirutza ordaindu behar delako”, hasi da azaltzen Amaia Nikolas Sare Antifaxistako kidea. “Hori dela eta kolektibo batzuen artean elkartu eta azoka politiko hau antolatzea erabaki genuen, autogestioaren ideia erdigunean jarri eta herri mugimenduko kolektibo zein argitaletxe txikiei lekua emanez”.

Lehenagotik ere elkarlanean ibilitako kolektiboak direla nabarmendu du Nikolasek; haien lanari ikusgarritasuna emateko batzea erabaki dute. Azokan mota guztietako gai politikoak jorratzen dituzten liburuak egongo direla azpimarratu du, antikapitalismotik hasi eta memoria historikoa lantzen dutenetaraino. “Egia da dena dela politika, baina badira ohiko liburu eta azoketatik kanpo geratzen diren hainbat gai”, ohartarazi du Nikolasek. “Niretzat, adibidez, oroimen historikoa sakon landu behar dugun gai bat da, oso bazterrean uzten ari garelako; hori berreskuratu behar dugu, asko dugulako ikasteko oraindik”, erantsi du.

Azokan bilduko diren liburuen gaiez gain, Nikolasek bertan bilduko diren kolektiboek liburu, fanzine eta material horiek ekoiztu eta aurrera ateratzeko egiten duten lana jarri du balioan. “Mota honetako liburuek ez dute espaziorik ohiko liburutegietan, baina gainera, hemen bilduko diren kolektibo gehienek autogestioaren bidez funtzionatzen dute”. Nikolasek adierazi duenez helburu nagusia jendeari bestelako alternatiba batzuk daudela ikusaraztea da, bai edukiari, bai argitalpen prozesuei lotuz. “Guk, esaterako, materialaren bidez ateratzen dugun diruan oinarritzen gara gure proiektua aurrera ateratzeko”, azaldu du.

Horregatik berebiziko garrantzia eman dio gaur bertan abiatuko den azokari: “Hemen batzen garen kolektiboentzat funtsezkoak dira honelako egitasmoak, horiek bermatzen baitute gure jardunarekin jarraitu ahal izatea”. Guztira hogeita hamar kolektibo inguru batuko direla iragarri du Nikolasek. Azoka ireki aurretik egin behar izan duten lanketa lanaz ere mintzatu da. “Hirurogei bat kolektiborekin jarri gara harremanetan, eta proposamenak, oro har, harrera ona izan du”, zehaztu du. “Dena den badakigu nolakoa den herri hau, gauza asko daude asteburuero eta horregatik elkarte batzuk ezingo dira hurbildu, baina, oro har, erantzuna oso ona izan dela esan genezake. Besteak beste, Euskal Herritik kanpoko kolektibo batzuk ere hurbilduko dira”.

Musikaz lagunduta

Dena den, liburu, fanzine eta mota guztietako material politikoa eskura jartzeaz gain, Portugaleteko Merkatuan antolatutako azokak, bestelako jarduera batzuk ere bilduko ditu. Gaurtik hasita iganderaino, azokan bertan, libururen aurkezpenak egingo dira gaztelaniaz zein euskaraz. Horrekin batera, txikigune bat ere atonduko dute 4 eta 10 urte bitarteko gaztetxoentzat: “Umeek ere gune bat izango dute. Bertan, hainbat material erabilita haien ideietatik abiatuta liburu propio bat osatzeko aukera izango dute, esate baterako”.

Era berean, azoka laguntzeko, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako musika jartzaileak egongo dira egunero, musika “iraultzailea eta borrokalaria” zabalduz merkatuko bozgorailuetatik; hala nola, Ak Dj, Rober Portu, Voll Dammer edota Iruñerria Jamaica Clash kolektiboa. Horretaz gain Tito Blas izeneko bertako garagardo artisaua dastatzeko aukera ere izango dute bisitariek. “Azokaren lehenengo urtea izani,k ikusi beharko da nola ateratzen den. Dena ondo joatea espero dugu, eta hurrengo urtean ere beste tokiren baten errepikatu ahal izatea”.