Natalia Salazar Orbe
Ez dago atzera-bueltarik. Erabakia irmoa da. Gorlizko hondartzan bertan zutik eta zabalik zegoen azken jatetxea bota egingo dute. Dunak berreskuratzeko proiektua du esku artean aspalditik Trantsizio Ekologikorako Espainiako Ministerioak. Orain, prozesua martxan jarri du: urte luzez erretegia hartu duen eraikina zigilatu du, eta hura eraisteko agindua eman du.
Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak 1944an eman zuen baimena Gorlizko hondartzan, itsas eta lurreko domeinu publikoko eremuan, askaldegi bat jartzeko. Eta hainbat taberna zabaldu zituzten. Baimen hori iraungitzat eman zuen 2013ko otsailaren 25ean, eta Kosta Mugapeari eskatu zion “ahalik eta azkarren” kendu zezala han geratzen zen Hondartzape erretegia, eraikin hura hondartzan egoteak administrazioarentzat arriskua zekarrela arrazoituta.
Urteetan auzia geldi egon ostean, joan den astean erretegiari zigilua jarri zion Kosta Mugapeak. Epailearen epai hura gauzatzera behartzen duen autoa eman dute epaitegiek orain. “Eraikina jabeek eraisteko agindua ezarri du. Beraiek eraitsi ezean, Kosta Mugapeak eraitsi beharko du”. Hala jakinarazi du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak.
Aspaldi hasi ziren idazten Hondartzaperen heriotza agindua. Espainiako Gobernuak 2007an onartu zuen Gorlizko hondartza egokitzeko eta antolatzeko proiektua. Haren barruan jaso zuten hondartzan bertan zeuden establezimenduak eraisteko asmoa. Sei urteren ostean berretsiko zuen asmo hura Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, 1944ko kontzesioa bukatutzat emanda.
Haren eraginez, azken urteetan zeharo aldatu da Gorlizko hondartzaren itxura. Ia itsaso pareraino iristen ziren eraikinek besarkatzen zuten hondartzako harea horrenbeste urte ez direla. Hainbat ostalaritza establezimendu hondartzaren parte bihurtuta egon dira urteetan. Apurka, ordea, desagertuz joan da eskaintza hori. Rober jatetxea, La Fragata, Guztiok bat, Haizea eta Maritimo Astondo eraitsi dituzte 2007az geroztik. Hondartzapek soilik lortu zuen eraispenei eustea.
Helburu zehatz batekin eman dute jatetxea eraisteko agindua. 500 metro koadro inguruko hareatza eremua berreskuratzea da asmoa, eta dunak sortzea. Horretarako, eraikin osoa botako dute. Baita inguruko zimenduak eta hormak ere.
Dunak berreskuratzeko lan horretan, lehendabizi inguruko harea bahetuko dute. Eremua egokituta, gizakiaren esku hartzeak utzitako material antropikoa kenduko dute. Horrela, dunak sortzeko prest utziko dute eremuaren barnealdea.
Ekologistak, alde
Txipio Bai elkarte ekologistak begi onez ikusi du dunak leheneratzeko proiektua. Iñaki Ortigosa bertako kidea da: “Azken mendean hondartzek —eta kostalde osoak— zoritxarrez izan duten urbanizazio sistematikoaren ondoren, ia ahaztuta daukagu leku naturalak direla, habitatak. Eta hareaz inguratutako igerileku gisa ikustera iritsi gara. Kostaldean eraikuntzari mugak jartzea ez ezik, ahal den neurrian egindako kalteak gutxitu eta aurreko egoera naturalera itzultzea ere desiragarria da oso, ekologiaren eta naturazaletasunaren aldetik”. Gorlizko hondartzan 2007az geroztik martxan dagoen proiektua norabide horretan doala azaldu du.
Azken hiru hamarkadetan familia berak gidatu du Hondartzape erretegia. Jatetxekoek ez dute nahi izan adierazpenik egin. “Oraingoz ez dugu inongo informaziorik emango, zehatza den zerbait esku artean izan arte”. 35 urtetan izan duten ogibidea galdu dute. Bestalde, Gorlizko Udalak adierazi du komunikabideen bidez izan dutela aginduaren berri.
Ortigosaren arabera, eraistea atzeratu egin da jabeek jarritako helegitearen ebazpena ez delako argitu orain arte. “Horrela, de facto, luzapen bat suertatu zaie jabeei, eta, auziak zirauen bitartean, udalak aurreko egoeran baleude bezala jokatu du, epaileek azken hitza eman arte”. Itsasoko eta lurreko ondasun publikoak arautzen dituen 1988ko legeari egin dio aipamen autoa argudiatzeko: “Argi zioen: kostaldea publikoa da, eta bertan egon zitezkeen eraikin pribatuen baimenek epemuga zuten”.