Peru Azpillaga Diez
Listo. Amaierara iritsi da arraun denboraldia. Arraunak uretatik atera, traineruak apaletan gorde, eta ondo merezitako atsedenaldia hartzeko garaia heldu zaie arraunlariei. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, urte osoa prestatzen ibili ostean, udarekin batera, arraunlariak txalupa azkarren bilakatzeko lehia gordinean murgiltzen dira. Horretarako, arraunkadaz arraunkada, olatuen gainetik eta hodeien azpitik, asteburuero atera dira itsasora etxera banderaren batekin itzultzeko ametsarekin. Aurten, ordea, beste urte batzuetan ez bezala, Bizkaiko taldeek ez dute lortu zakua beteta amaitzerik. Ondo lehiatu diren arren, Kaiku eta Urdaibai taldeek beste urte batzuetan erakutsitako mailatik urrun dabiltzanez, banderak gordetzeko apalak espero baino hustuago amaitu dute. Hala ere, bizkaitarren denboraldiak ekarri ditu etorkizunera begira esperantza pizten duten zenbait momentu pozgarri.
Lehendabizi, goi mailako ligan, hau da, Eusko Label TKE Traineru Kluben Elkarteko Ligan, Bizkaiko sei talde aritu dira: Santurtzi, Zierbena, Urdaibai, Ondarroa, Kaiku eta Isuntza. Guztira, bost bandera eskuratu dituzte, eta denek lortu dute maila mantentzea. Horien artean, Santurtziko Sotera trainerua izan da azkarrena, eta, hiru bandera irabazteaz gain, hirugarren postua ere eskuratu du ligan, Orio eta Hondarribiaren atzetik.
“Balorazio oso positiboa egiten dugu, Bizkaiko lehenengo taldea izan gara, hiru bandera, Espainiako txapelketa… Egia da banderaren batek ihes egin digula; hortaz, badugu zer hobetu datorren denboraldirako”, nabarmendu du Iker Zabala Santurtziko entrenatzaileak. Haien helburua aurreko urteko bosgarren postua hobetzea eta ohorezko txandan sartzea zen: “Uda osoa ibili gara lehenengo hiruren artean. Estropada askotan banderatik oso gertu geratu gara, baina Hondarribia zein Orio aurretik izan ditugu; zazpi aldiz geratu gara bigarren”. Hori dela eta, hurrengo urtera begira taldea mantendu eta bandera gehiago irabazteko “salto” txiki bat ematea dute helburu.
Sailkapen taulari jarraituz, Zierbena taldea ageri da Santurtziren atzetik, laugarren postuan. Bandera bat eskuratu dute aurten, eta, 2014an maila berreskuratu zutenetik, TKE Ligan finkatzea lortu dute, eta egungo talderik sendoenetako bat osatu. Kontrako bidea hartu dute aurten makalago ibili diren Urdaibai —bosgarren— eta Kaiku —bederatzigarren— arraun taldeek. Izan ere, zenbait urtez bai Ligako bai Kontxa banderako lehian aritu diren bi klubak goibel aritu dira aurten. Kaiku banderetako lehiatik oso urrun ibili da. Urdaibai taulan gorago ageri den arren, ez du aparteko denboraldirik egin: entrenatzaile aldaketa eta guzti, azken jardunaldian lortutako bandera baino ez du lortu oraingoan Bermeoko taldeak.
Bestelako sentipenekin amaitu dute denboraldia TKE Ligan aritu diren Bizkaiko beste bi taldeek. Batetik, Isuntza hamargarren postuan izan da, eta, Bizkaiko azken taldea izan den arren, maila mantentzea lortu du. Lehenbiziko denboraldia zuen Lea Artibaiko talde xumeak goi mailan; aurtengo helburua beteta, hurrengo urtean ere talderik onenekin arituko da lehian.
Era berean, Ondarroako arraun taldeak azkenaldian bizi izandako denboraldirik pozgarriena izan du; TKE Ligan aurreko urteko postua hobetzeaz gain —zazpigarren amaitu dute, Kontxako Bandera lehiatzeko sailkatu dira lehenbizikoz 23 urtetan. “Gure hirugarren urtea izan da TKE Ligan, aurreko urteekin alderatuta, postu bat hobetu dugu aurten, eta 100 puntu baino gehiago eskuratu ditugu lehen aldiz”, adierazi du Koldo Aspiazu Ondarroako presidenteak. Oro har, oso denboraldi “konstantea” egin dutela nabarmendu du. Aitortu du hasieratik izan dutela Kontxan sailkatzeko helburua. “Arraunlari guztiak lehiatu dira. Asteburu batetik bestera zortzi aldaketa egiten genituen arren, trainerua oso ondo ibili da beti; beraz, oso pozik gaude”, azaldu du Aspiazuk. “Gero, Kontxarako sailkatzea genuen helburu, iaz segundo gutxigatik geratu ginen kanpoan, horrek arantza bat utzi zigun eta aurten kentzea lortu dugu”, erantsi du. Aspiazuren esanetan, haiena bezalako talde xume batentzat, maila “bikaina” eman du aurten Ondarroak.
Zaleak pozarren
Aurten izandako emaitza onak medio, bai Santurtziko bai Ondarroako zaleek harrera beroa egin diete beren taldeei. Santurtziko Itsasoko Ama arraun taldea historikoa da. Hainbat urtean onenen lehiatik kanpo ibili ostean, badirudi berriro ere garai batean bezain bikain jarduten hasiak direla. “25 bat urteko hutsune handia izan du taldeak, eta, orain, ikusten ari gara ilusioa berreskuratzen ari garela bai klubean bai herrian; oraindik asko falta da garai bateko marea morea berriro ikusteko, baina bide onean goazelakoan nago”, jakinarazi du Zabalak.
Aspiazu ere oso eskertuta azaldu da ondarroarrek taldeari emandako babesa dela eta. “Estropada guztietan, edozein herrira joaten ginela ere, zalerik gehien eramaten zuen taldea izan gara”, azpimarratu du harro. “Kontxakoa, esaterako, ikaragarria izan zen, jende mordoa bildu zen gu ikustera. Azken igandean, soilik autobusetan, 550 pertsona inguru etorri ziren”. Denboraldiak ilusio berriak piztu dituela deritzo. “Orain dela urte bat hasi ginen zuzendaritzako kide berriak lanean, eta, pixkanaka, gora goaz”. Taldearen bilakaeran, harrobiko lana ere nabarmendu du Aspiazuk. “Orain, bulegoko lana egiteko garaia heldu da, arraunlariak lotzekoa. Gu harrobiko taldea gara; emakumezkoen traineruan, bat izan ezik, harrobikoak ziren denak; eta gizonezkoenean ere, etxeko hamabi arraunlari izan ditugu”. Azaldu duenez, hori dute altxorra, eta bide horretatik jarraitzeko erabakia dutela berretsi du. “Egia da, gaur egun, puntan aritzeko, ezinbestekoa dela fitxaketaren bat egitea; baina, hala ere, herriko jendea izan behar da beti lehentasuna”.
Behetik gora
TKE Ligatik harago, KAE 1 eta 2 ligetan ere, ondo aritu dira Bizkaiko taldeak. Getxo arraun taldeak, esaterako, KAE 2 ligako hirugarren postuan geratu ostean, kanporaketarako sailkatu eta KAE 1 ligara igotzea lortu du. KAE 1 ligan, ostera, Deustu arraun taldeak denboraldi historikoa egin du, eta, bigarren sailkatzearekin batera, TKE Ligara igotzeko kanporaketan aritu da lehendabizikoz bere historian. Traineruen lehiako goi mailara igotzeko ametsa, ordea, ezin izan dute gauzatu. Aukerak azken txanpara arte luzatu zituzten arren, ezin izan zituzten aurkariak gainditu. Hala ere, Iker Gimeno patroia oso pozik azaldu da aurten egindako lanarekin, eta gauza handiak lortzeko xedean taldea bide onean doala deritzo.
“Helburua taldearen maila koxka bat igotzea zen; horretarako fitxatu zuten Jon Elortegi entrenatzailea, eta horretarako etorri nintzen ni ere”, adierazi du. “Hasieratik izan dugu kanporaketan aritzea helburu, eta, banderak irabazi ahal bagenituen, asko hobeto orduan”, erantsi du. Azkenean, bigarren amaitu dute KAE 1 ligan, eta hiru bandera eskuratu dituzte. “Taldeari zeukan guztia atera diogu; arraunlariek dena eman dute, eta oso pozik gaude egindako lanarekin”.
Denboraldi osoan zehar Zarautz aurretik izan duten arren, Deustuk ere errenta handia atera dio hirugarren sailkatu den Getariari, eta horrek kanporaketak denborarekin prestatzeko aukera eman diela azaldu du Gimenok. “Ondo kudeatu dugu gure errenta, baina egia da Zarautz gu baino indartsuago ibili dela denboraldi osoan zehar eta kanporaketan ere; hala izan da”. Dena den, Gimenok nabarmendu duenez, TKE ligara igotzeko lehiatu izana amets bat izan da, eta ez dira damutzen izandako errendimenduaz. “Deusturentzat lehenengo aldia izan da; gogor egin dugu lan, eta arraunlarien inplikazioa izugarria izan da; bagenekien oso zaila izango zela, aurkariek maila bikaina zutela. Guk geneukan onena eman dugu, baina Zarautz eta Ares hobeak izan dira”, argudiatu du Gimenok.
Denboraldiko momentu bat hautatuz gero, kanporaketako estropadarekin geratzen da; “TKE ligarekin amets egin genuen, buruan izan ginen, eta igandera arte mantendu genuen ilusioa bizirik”. Talde osoarentzat joan den asteburua oso berezia izan dela dio: “Jarraitu beharreko bidea marraztu dugu”.