Peru Azpillaga Diez
“Badira hamar urte inguru Elorrioko Institutua Agenda 21eko proiektuan sartu zela”, hasi da azaltzen Xabier Rodriguez institutuko proiektu arduraduna. “Urtero, Durangaldeko beste zentroekin batera, gai bat hautatu, eta hori jorratzen dugu: iaz ekonomia zirkularra izan zen, eta, aurten, berriz, ekosistemak”. Ostera, gaiak “oso zabalak” direnez, zentro bakoitzak bere ikuspuntua txertatu eta bere lanketa propioa egiten duela erantsi du Rodriguezek: “Elorrio herri txiki bat da, badu bere industria, baina batik bat nekazari ingurua dela esan genezake; alde horretatik, guk orain dela bospasei urte egin genuen ikastetxean ortua jartzeko apustua”.
Ortua jarri zuten egun beretik, egitasmoan ahalik eta ikasle gehien inplikatzeko helburua izan du Elorrioko Institutuak. Orain arte, Hauspoa izeneko orduan —arratsaldeko ordu libreetan institutuak eskaintzen dituen ekintzak— eskaini da ortuan ibiltzeko aukera; DBHko 1. mailatik 4. mailara bitarteko ikasle guztiek har zezaketen parte. Aurten, baina, ingurumenarekin lotutako hezkuntzan pauso bat gehiago ematea erabaki dute. “Batik bat, gaztetxoenek azaldu izan dute beti inplikazio maila handiagoa. Hala ere, ez ginen ikasle guztiengana heltzen, eta, ortuko lanaren inguruan ezjakintasun handia zegoela ikusita, proiektuari bultzada bat ematea erdietsi genuen”.
Gainera, Elorrioko Institutuak sukalde propioa duenez eta, beraz, ikasleen janaria bera bertan prestatzen denez, ortuan jasotako elikagaiak ikasleei eskaintzeko helburua dute. “Uste genuen ideia ona izan zitekeela ikasleek landutako produktuak ikasleen elikaduraren parte bilakatzea”. Izan ere, Rodriguezen aburuz, urteetako lanarekin eraiki duten baratzea errentagarria ere izan daiteke: “Tamaina polita du ortuak, eta, lan handia eskatzen duen arren, etekina ere parekoa izan daiteke”. Horrela, elikadura osasuntsu bat bermatzearekin batera, elikadurari lotutako hezkuntzan sakontzeko aukera dutela baieztatu du Rodriguezek.
“Ikasleen gehiengoak ez ditu barazkien sasoiak ezagutzen; hots, babarrunak adibide modura hartuta, ikasleek ez dakite noiz landatzen diren, nola ereiten diren eta noiz jasotzen diren; are gutxiago nola eramaten diren sukaldera”, adierazi du Rodriguezek. Hortaz, ortuan landatutako barazkiak erabilita, prozesu osoa zaindu eta ikasleei bestelako jakintza integral bat jasotzeko aukera ematen zaiela uste du.
Ortuko lana ikasgai bihurtzeko prozesua, ordea, ez da egun batetik bestera egin. Aspaldi jarri zuten ortua institutuan, eta, hasieran, irakasle arduradunaren kontua baino ez zen. Pixkanaka, ordea, Hauspoaren barruan sartu zuten, eta, irakasle eta gurasoen inplikazioari eta lanari esker, eskola orduetan txertatzea lortu dute aurten. Izan ere, Rodriguezek azaldu duen bezala, Elorrioko Institututik Agenda 21 proiektuarekiko atxikimendua izan du sorreratik. “Apustu garbia izan da hasieratik, eta horri esker izan dugu orain ortuko esperientzia ikasgai bilakatzeko aukera”. Hori dela eta, DBHko 2. mailako ikasleek, beste hautazko ikasgai batzuekin batera, ortuan lan egiteko hautua egin ahalko dute aurten, lehendabizikoz. Hiruhileko bakoitzeko hamar bat ikasle ibiliko dira, eta, denborarekin, esperientzia hedatzea espero dute.
Zuhaitzen bilakaerari so
Aitzitik, ortuko lana ez da izango aurten institutuko ikasleek izango duten hautazko ikasgai berri bakarra. Horrekin batera, ingurumenarekin lotutako beste ikasgai bat ere izango da Elorrioko Institutuan: Fenologia. Agenda 21 proiektuaren baitan, fonologiarekin lotutako egitasmo bat ere abiatu berri dute. Fenologia aldaketa klimatikoak zuhaitzetan izan dezakeen eragina aztertzean datza.
“Ikasgai horren bidez, gizakiok eragiten ari garen klima aldaketak ingurumenean dituen ondorioak aztertu nahi ditugu, kasu honetan, zuhaitzei erreparatuz. Horretarako, institutuan bertan dauden zazpi zuhaitz hautatu dituzte. “Zuzenean aztertuko ditugu, eta bilakaera ikusi: noiz loratzen diren, hostoak noiz galtzen dituzten… Zikloak normalak diren edota aldaketarik duten aztertzea da helburua”. Urte luzerako proiektua dela nabarmendu du Rodriguezek, urte bakarrean ezinezkoa baita ondoriorik ateratzea. Baina, azaldu duenez, egitasmoa martxan jarri zutenean, ohartu ziren ikasleek zuhaitzen inguruan “sekulako” ezagutza falta zutela, eta horregatik eskaini nahi izan dute aurten fenologia hautazko ikasgai modura.
Ikasteko hamaika modu
Ohiko hezkuntza ereduaz harago, Rodriguezek azpimarratu nahi izan du klase batetik kanpo ere badirela ikasteko hamaika aukera. “Ortuan, esaterako, jakintza ezberdinak jorratu daitezke. Ez da soilik ereite edo lantze kontua: zientziatik hasi, eta hizkuntzaraino; ortuan gauza asko ikas daitezke”. Praktikak ikasitako gauzak barneratzeko duen garrantzia ekarri du gogora Rodriguezek. “Esperientzia funtsezkoa da; ortura datozenak gogotsu datoz: klasetik irten, aitzurrak hartu, naturan egon… beste era batera ikasten dute”.
Esate baterako, Rodriguezen aburuz, gazteei elikaduraren garrantziaz mintzo zaie, ohartaraziz barazkiak jan eta kirola egin behar dutela, baina gero ez da praktikarekin laguntzen: “Elikagaien kasuan, jakintza falta handia dago; ikasleek ez dakite zer-nolako lana egin behar den jaten dituzten produktuak lortzeko”. Hausnarketa berari eutsiz, hezkuntzaren ikuspegitik, ortuko lanak —naturarekin harremanean eta praktikaren bidez—, hezkuntzari bestelako ekarpena egiten diola deritzo Rodriguezek. “Gauzak manipulatzen ikasten dugu; hein batean, haztearekin batera, sormena desagertu egiten da arlo batzuetan, eta hau modu bat da hori berreskuratzeko, ingurune atsegin eta sano batean”.
Era berean, eta institutuak Agenda 21 proiektua babesteko egindako apustuaren atzean, azkenaldian ekologismoak izan duen gorakadaz ere mintzatu da Rodriguez. “Gure zentroan babes garbia du egitasmoak, eta irakasle guztiek hartzen dute parte. Gainera, nik uste dut geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaion gai bati buruz ari garela”. Kontzientzia pizten ari direla ondorioztatu du Rodriguezek, pixkanaka bada ere: “Plastikoek ozeanoetan sortzen duten kutsaduraren auziarekin edo Fridays for Future eta halako mugimenduekin ikasleak ere aktibatu egin direla dirudi, eta hori funtsezkoa da”. Ezinbestekotzat jo du Rodriguezek ikasleek ingurumenaren gaineko kontzientzia izatea: “Dena dago lotuta, baina, azken finean, hau talde lana da, gurasoak, irakasleak… denek erakutsi dute prestutasun handia proiektuarekiko, eta hori izan da, dudarik gabe, aurrera ateratzearen arrazoi nagusia”, ondorioztatu du. Hain zuzen ere, datorren irailaren 27rako ikasleen mundu mailako beste greba batera deitu du Fridays for Future mugimenduak.