Natalia Salazar Orbe
Hizkuntza batek munduaren ikuspegia osatzeko tresnak eskaintzen ditu; kultura batean murgiltzekoak, haren berezitasunak ezagutu eta ulertzekoak. Euskarak bide hori zabaltzen die euskal herritarrei. Haren erabileraren normalizazioa lortze aldera, asteon euskaltegietan izena emateko epea zabaldu dute. Euskara ikasi ez ezik, erabilera bultzatzeko kanpaina ere egin dute sustatzaileek. Bilboko euskaltegien sareak Euskaltegiak zabalik. 2019-2020 matrikula orain kanpaina abiatu du. Irailaren 30era arte egongo da izena emateko modua.
Hiriburuan hamazazpi euskaltegik eskainiko dute euskara ikasteko aukera, eta hiriko auzo gehienetan barreiatuta daude: Deustun, Txurdinaga eta Otxarkoagan, Begoñan, Ibaiondon, Abandon, Errekalden eta Basurtu-Zorrotzan.
Leku horietako guztietako euskaltegiek erabiltzaileen behar askotarikoetara egokitutako eskaintzak iragarri dituzte. Isabel Isazelaia Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendariak eman ditu azalpenak: “Gaur egun, euskaltegietan intentsitate eta ordutegi askotako ikastaroak ditugu, autoikaskuntza eskaintzen dutenak barne. Dauzkagun ikas-sistemei esker, denentzako aukera dago, ikastaroak oso eramangarriak dira eta”.
Diru laguntzak
Herritar guztiei euskara ikasi eta erabiltzeko deia egin badiete ere, indar berezia egin dute gurasoengan eta aisialdiko begiraleengan. Kolektibo horientzako diru laguntzak iragarri ditu Bilboko Udalak. Euskara eta Hezkuntza Sailak 209.000 euro jarri ditu “euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea” duten kolektibo horiek izena ematera animatzeko. Taldeok umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran “berebiziko garrantzia” dutela arrazoitu dute udaleko ordezkariek: “Bilboko ume eta gaztetxo gehienak, ikasketak euskaraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan”. Laguntza horien bidez, euskara etxekoen arteko harremanetan ohiko tresna bihurtzeko harri koskorra jarri nahi dute.
Horiez gain, diru-sarrera batetik behera duten erabiltzaileentzako laguntzak ere iragarri dituzte. Diru laguntza horiek 2020ko udan emango dizkiete eskaera egin eta onartzen dietenei. Ordaindutako matrikularen zati bat itzuliko diete.
Udalak, iaz, 299 pertsonari eman zizkien diru laguntzak, eta 155.900 euro pasatxo banatu zituen. Laguntza horien %82 gurasoentzat izan ziren, eta %8, berriz, aisialdiko begiraleentzat. Gainerako %10 diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen zuten herritarrek hartu zuten.
Getxoko euskaltegiek ere aukera zabala eskaini dute. Irailean eman behar dute izena euskara ikasi edo hobetu nahi dutenek.
HABEk ere izena emateko kanpaina aurkeztu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 35.000 ikasle erakartzeko asmoa du. Euskararekin gehiago ahalko duzu izenburupean, irailaren 27ra arte egongo da zabalik izena emateko epea. Diru laguntzak ere emango dituzte.