Norabidea aztergai

Norabidea aztergai

Natalia Salazar Orbe

Mende erdia bete da gizakiak lehenengoz ilargia zapaldu zuenetik. Zuri-beltzean iritsi ziren irudiak etxean telebista zutenen begietara. Orduz geroztik, abiada bizian eraldatu da teknologia. Telebistako irudiak koloreztatzearekin hasi, eta harremanak izateko moduak aldatzera bultzatzeraino iritsi da. Sakelako telefonoa besoaren luzapena bilakatu da ia. Hori aztertu, eta etorkizunak planteatzen dituen erronkei erantzun posibleak ematen saiatzen ari da Getxophoto jaialdia. Jokin Aspuru festibalaren zuzendariaren berbak dira: “Azelerazioak, automatizazioak, adimen artifizialak eta, oro har, aurrerapen zientifikoek erronka berriak proposatzen dizkigute; transhumanismoaren kontzeptura hurbiltzen ari gara”. Horrek guztiak gizakiari eta munduari zer-nola eragingo dion aztergai du asteazkenaz geroztik Getxophotok, Post Homo Sapiens. Etorkizuna programatu izenburupean.

Teknologiarekiko mirespena, gorrotoa, beldurra eta haren eragina aztergai dituzten artisten lanak jaso dituzte hilaren bukaerara arte luzatuko den jaialdian. Hausnarketa horren bidez emango diote bukaera Monika Allendek duela hiru urte abian jarri zuen trilogiari. Hark laburbildu du bukatzear den bere komisariotzaren helburua: “Oro har, esango nuke denok dugula sentipena aldaketa garai batean bizi garela, teknologia berrien agerpenaren ondorioz. Ezagutzen ez dugun etorkizun baterantz goazela dirudi, eta nolabaiteko ezinegona sortzen digu horrek. Nondik gatozen eta nora goazen aztertzea izan da azken hiru urteetako jaialdiaren asmoa”.

Etorkizun hori gaur da. Gobernu batek modu ofizialean ziborg moduan aitortu duen lehen gizakiaren presentziak agerian utziko du hori. Getxophoton izango da Neil Harbisson. Antena bat du burmuinean sartua. Horri esker, gizakiaren begiak ikus ditzakeen zein ikus ezin ditzakeen koloreak antzematen ditu. Lurretik kanpoko koloreak ere antzematen ditu, gainera, sateliteekiko konexioa baliatuta. Irudiak, bideoak, musika eta telefono deiak zuzenean jaso ditzake burmuinean, Interneterako konexioa baliatuta.

Harbissonek sentitzen du bera teknologia dela. Ingalaterran jaio zen ekintzaileak ziborgtzat du bere burua. Duela hamar urte Cyborg fundazioa sortu zuen. Gizakiei ziborg bihurtzen laguntzea da nazioarteko erakunde horren egitekoa, baita haien eskubideak defendatu eta ziborg artea sustatzea ere.

Teknologia, arazo

Beste muturrean, teknologia arazotzat duten pertsonen afera taularatu du jaialdiak. Better call Saul-ek, Breaking Bad telesailaren spin off-ak, pantailara eraman zuen elektrosentsibilitatea pairatzen dutenen arazoa. Frekuentzia altuko eremu elektromagnetikoarekiko esposizioak sortutako gaitza da, baina ez dago aitortuta modu ofizialean. Nahikoa ebidentzia zientifikorik ez dagoela diote zientzialariek. Telefilmean barregarri ageri da Chuck McGill, protagonistaren anaia.

Fikziotik harago, hainbat herritarrek ondorioak pairatzen dituztela salatu dute. Eta horien oihartzuna Getxora iritsi da, Claudia Gori argazkilariaren eskutik. The Sentinels: Electrosensitivity in Italy lana nazioarteko Open Call lehiaketaren bidez jarri dute erakusgai jaialdian.

Gaitz hori pairatzen dutenen arabera, nekea, zefalea, arreta jartzeko ezintasuna eta hezurretako eta muskuluetako mina izaten dute. Horien eragileak egunerokoan edozein etxetan aurki daitezkeen aparatuak dira: wifia, telefono mugikorrak, ordenagailu pantailak, mikrouhinen labeak zein urrutiko aginteak.

Etorkizuneko zentinelak

Gori argazkilariak gizakiaren eta ingurunearen arteko harremana aztertu du, eta etorkizuneko zentinelak deritzenei buruzko lan sentibera eta informatiboa garatu du. Erradiazioetatik babesteko pertsona horiek erabiltzen dituzten tresnen argazkiak egiten ditu artistak. Gaitzaren ondorioz darabilten bizitza estiloaren eraginez pairatzen duten isolamendua ere taularatzen du haren lanak. Beren planetan errefuxiatu diren pertsona gisa aurkeztu ditu.

Claudia Gorirekin batera, beste lau artistaren lanak aukeratu dituzte 35 herrialdetako 190 proposamenen artetik: Haley Morris-Cafieroren The Bully Pulpit; Jaakko Kahilaniemiren Past-It; Federico Estolen Heroes del brillo eta Ezio D’Agostinoren NEOs.

Denera hogei erakusketa eskaintzen ditu Getxophotok, batez ere, espazio publikoan. Ikus-entzuleekiko elkarrizketa irekia proposatu nahi du fatxadetan, parkeetan, aretoetan, utzita dauden lekuetan, azoketan eta beste hainbat espaziotan jarritako irudien bidez. Planteamendu horri esker, irudiak era guztietako ikusleengana irits daitezke, eta ez dira mugatzen profesionaletara soilik.

Bost dira jaialdiaren ardatzak. Hala bereizi dituzte antolatzaileek: erakusketak; mundu osoko artistei ateak zabaltzen dizkien nazioarteko open call-a; heziketa programaren parte diren laborategiak; kultur ekosistema indartzea ahalbidetzen duten kultur agenteen eta erakundeen arteko elkarlana; eta irudiei eta lanbideari buruzko hausnarketarako partekatutako espazio gisa gauzatzen diren topaketa eta jarduerak.

Ikuspegi eta lengoaia anitz

Artista bakoitzak, bere ikuspegia ez ezik, lengoaia bisual propioa ere eraman du jaialdira. One of them is a Human lana aurkeztu du Maija Tammik. Lau erretratuk osatzen dute lana. Hiru androideren —gizaki itxura duten robotak— eta pertsona baten aurpegien erretratuak dira. Baina erakusketan ez da zehazten zein den benetako gizakiaren aurpegia, ezta benetan halakorik dagoen ere.

Ziberjazarpena mahaigaineratu du, berriz, Haley Morris-Cafiero argazkilari estatubatuarrak. The Bully Pulpit lanean, Interneten jazarpena pairatu duen artistaren beraren esperientzia jaso eta taularatu du. Sarean bera jazartzen zuten erasotzaileen profilak aztertu ondoren, haietaz mozorrotzen da, eta argazkietan bidali dizkioten iruzkinak txertatzen ditu. “Itsusi” eta “gizen” komentarioak jaso izan ditu, besteak beste. Internetek eskaintzen duen segurtasun sentipen faltsua erakutsi nahi du artistak. Emakumeen gorputzaren irudikapen bisualari eta lotuta aurkezten dituen edertasuna, onarpena, tolerantzia eta ziberjazarpenaren moduko kontzeptuei buruz gogoeta egitera behartzen du ikuslea.

Internetek eraso egiteko ahalbidetzen duen inpunitatea alde batera utzita, zientzia eta teknologiaren bitartez giza gorputza hobetzea proposatzen duen transhumanismoa du oinarri Matthieu Gafsouren H+ lanak. Gaiaren trataera zabala egiten du kontzeptualki mugimendu intelektual horrek. Hain zuzen, bihotzeko taupada markagailuen edo telefono adimendunen gisako eguneroko gailuetatik hasi eta hilezkortasuna lortzeko gorputz biologikoa utzi eta makina batez ordezkatzeko esperimentuetaraino doazen kontzeptuak hartu ditu. Gafsouren lanak munduan zehar egindako bidaietan aurkitutakoak erakusten ditu: laborategi handietako zientzialariak, garajeetan lan egiten duten biohackerrak eta mugimendu horrekin lotutako objektuen argazkiak jarri ditu ikusgai artistak.

Zientzia, teknologia eta globalizazioa, etorkizunean zer-nola bideratu aztergai. Horixe Getxon egiten ari diren hausnarketa, artearen eskutik. Aspuruk eman du gakoa: “Azken urteetan munduan izan diren aldaketen aurrean, indar handia hartu du globalizazioaren aurkako mugimenduak; baina, diotenez, etorkizunean robotizazioaren kontrako mugimenduak hartuko du leku hori”.