Hiltegia behar dute abeltzainek

Hiltegia behar dute abeltzainek

Ibai Maruri Bilbao

Laudioko Udalak (Araba) herriko hiltegia itxi zuen abuztu hasieran, Ura Uraren Euskal Agentziak isuri batzuk salatu ondoren. Ustez, arazoa konpontzean irekiko dute berriro. Erabaki horrek eragin zuzena izan du Bizkaiko abeltzainengan. Bilboko Zorrotzako hiltegia eta Durangaldeko Erralde itxi zirenetik, etxean ez dute izan euren beharrei erantzungo dien azpiegiturarik. Karrantzako udal hiltegia baino ez dago gaur egun zabalik, eta soilik haraneko abeltzainei ematen die zerbitzua; urtean, 400 bat buru inguru hiltzen dituzte. Gainontzeko herri eta eskualdeetakoek Laudiora edo Gipuzkoako hiltegietara jotzen dute. Hala, Bizkaitik kanpoko hiltegietan, urtero, batez beste, 8.000 abelburu inguru hiltzen dira; horietatik 2.000tik gora, Laudiokoan. “Asko dira. Bereziki, gertuko eskualdeetako abeltzainek erabili izan dute, Enkarterrikoek, Arratiakoek, Ezkerraldekoek eta Mungialdekoek. Orain, Gipuzkoaraino joan behar dute, urrunago joateak eragiten duen guztiarekin”, azaldu du EHNE Bizkaia sindikatuko Alberto Llonak. Durangaldeko, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko abeltzainek jo izan dute orain arte Gipuzkoako hiltegietara; batez ere, Oñatikora edo Urkaiko kooperatibak Zestoan duenera.

“Sektorean argi ikusten dugu Bizkaian dagoen premia. Administrazioak ere bat egiten du diagnostikoan. Baina, gero, ekimen pribatuaren alde egiten du”, kexatu da Llona. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak uste du hiltegi bat ez dela zerbitzu publikoa, eta, era berean, iruditzen zaio publikoa den bat martxan jartzea enpresa pribatuek edo kooperatibek kudeatzen dituztenei konpetentzia desleiala egitea izango litzatekeela. EHNE sindikatua ez dago ados iritzi horrekin. Dena den, Bizkaian ireki beharko litzatekeen balizko hiltegiaren kudeaketa pribatua izatea onartzeko prest daude. Hala ere, ohartarazi du azpiegitura abiarazteko egin beharreko lehen inbertsioan ezinbestekoa dela laguntza publikoa jasotzea. “Egon badaude diru laguntzak, baina ez dira nahikoa. Uste dugu Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gaur egun dutena baino inplikazio handiagoa izan beharko luketela; bestela, ezinezkoa da. Hiltegiak ez dira negozio errentagarriak; bestela, Bizkaian ez genuen gabezia hau izango. Ez dago, eta ez duzu topatuko dirua jartzeko prest dagoen inor”. Eurek horregatik uste dute zerbitzu publikoa dela.

Balizko hiltegi berri horri bultzada emateko asmoz, Lardeki izeneko taldea sortu zen 2016an. EHNEk eta sektoreko beste sindikatuek, Lorra kooperatibak, Bizkaiko mendi nekazaritza bulego batzuk eta industriako ordezkariak izan dira bultzatzaileak. Eurekin batera, gaur egun, Bizkaiko 70-80 baserritar ere badira bazkide. Lursail bila ibili dira, eta diru laguntzak begiratzen. Baina ez dute proiektua martxan jartzeko aukerarik ikusi, eta Llona ezkor agertu da: ez du uste epe laburrean lortuko dutenik. “Ez naiz ausartzen esatera bost urte barru proiektua egiteko gai izango garenik. Ez dut ikusten erakundeen aldetik behar den konpromisorik. Horregatik, guretzat, orain, lehentasuna du Laudioko hiltegia berriro zabalik egon ahal izateak”. Udalarena izan arren, enpresa pribatu batek kudeatzen du, eta datorren neguan amaitzen zaio esleipenaren kontratua enpresa horri. “Orain erabaki beharko dute nork egingo dion aurre isuriak konpontzeko egin behar den inbertsioari, edo enpresak edo udalak”.

Kanpora hiltegi bila

Bereziki, Label ziurtagiria duen haragia saltzen zuten abeltzainek igarri dute Laudioko hiltegiaren itxiera. Derrigor Gipuzkoara joan behar dute. Izan ere, ziurtagiri hori lortzeko baldintzetako bat da abelburua Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan hezia eta hila izatea. Beraz, Araban eta Bizkaian hiltegirik ez dagoenetik, Gipuzkoa dute aukera bakarra. Horrek kostuak asko handitzen dizkie, baita garraiorako behar duten denbora ere.

Dena den, ziurtagiridunak ez dira arazoak dituzten bakarrak. “Oraintxe, bakoitzak topatzen du egokiena den irtenbidea. Arabako asko eta Bizkaiko batzuk Mirandara [Burgos, Espainia] joaten hasi dira; beste batzuk, Kantabriara [Espainia]”, azaldu du. Llonaren esanetan, horrek ez dakar soilik kostuak handitzea. Baditu beste ondorio batzuk. “Askotan berba egiten dugu klima aldaketaz, horri aurre egiteko ekonomia zirkularraz; baina, gero, ikusten dugu behar diren azpiegiturak falta direla”.

Haren ustetan, horrez gainera, apurtu egiten da abeltzainen, harakinen eta kontsumitzaileen arteko katea. “Ganaduarekin dirua irabazi nahi duenak aukera bi ditu: edo saldu txahala lodituta, edo amarren errapeetatik kendu eta beste bati saldu loditzeko. Bizkaiko hiltegiak itxi zirenean, harakin, baserritar eta kontsumitzaileen arteko katea hautsi zen, eta ikusi dugu joera gero eta gehiago dela beste batek loditzeko saltzea, Gipuzkoara edo Arabara”. Bizkaiko EHNEko kideek uste dute behin kate hori apurtzean, oso zaila dela lehengoratzea. “Hor sartzen dira industria handiagoak, handizkariak… eta betetzen dute ekoizle txikiek hutsik utzi dugun lekua. Ezinbestekoa da kate horiek berrosatzea, berandu izan baino lehen”.