Bizikidetza sustatzeko neurri sozialak eskatu dituzte Bilbon

Bizikidetza sustatzeko neurri sozialak eskatu dituzte Bilbon

Peru Azpillaga Diez

“Normaltasunez onartzen da segurtasun eza hazi egin dela, egoera konpontzeko erabaki irmoa hartu beharrean”. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ohar bidez salatu du segurtasun faltari lotutako egoeren inguruan zenbait komunikabidek duten jarrera, baita administrazioek orain arte hartutako neurriak ere. Horiek ikusita, egoera konpontzeko eta bizikidetza sustatzeko neurri sozialak galdegin ditu, proposamen zehatzak jarriz mahai gainean.

Lehenik eta behin, mezu argi bat zabaldu du hedatzen ari den segurtasun falta sentsazioaren inguruan: “Segurtasun eza maila batean existitzen den arren, ezin daiteke baieztatu, zenbait komunikabidek egiten duten bezala, segurtasun gabezia handitu egin denik; azken urteetako estatistikek ez dute hori esaten”. Federazioaren ustez, sare sozialek eta hedabide batzuek “alarma soziala” piztera mugatzen dute beren jarduna, eta “errealitatetik harago doan” segurtasun-gabezia sentsazio bat sortzen dute.

Gaur egungo egoera arrazoitzeko, krisiaren eraginari egin diote erreferentzia: “Azken hamarkadan, krisiak astindu gogorra eman die klase herritarrei; langabezia tasa %30eraino iritsi izan da, eta horrek marjinalitatea, esperantza eza eta etorkizun falta eragin ditu prestatuta dagoen baina lanik topatzen ez duen gazteriarengan”. Hala, lan eskaintza zabalago batek, soldata eta baldintza duinek lagunduta, onura sozial handiak izango lituzkeela gogoratu dute Bilboko auzo elkarteek; “zenbait gazteri kaletik ateratzeko aukera eskainiko lieke aldi berean”.

Edozein modutan, segurtasunik eza amaitzeko, indarrak “prebentzioan” jarri behar direla deritzote, eta, hori gauzatzeko, ardura norengan dagoen argitzeko garaia dela nabarmendu dute. “Bilboko auzoetako mugimendukook kezka bizia dugu arazoari ez zaiolako bere osotasunean aurre egiten, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz”. Horregatik, gaur egun segurtasunaren arazoari ematen zaion erantzuna ezbaian jarri dute, eta zenbait proposamen mahaigaineratu dituzte.

Diputazioak eta gizarte zerbitzuek beren ardurapean dituzten gazteei erantzun integralak eman behar dizkietela adierazi dute elkartekoek, eta erantsi dute horretarako beharrezkoa dela egun duten estrategia eta lan egiteko era aldatzea. “Azpikontratazioa ez da bidea, ezin daiteke ardura bat delegatu inolako bermerik jaso gabe”.

Alde horretatik, gizarte zerbitzuen esku dauden gazteen gaineko kontrolak handiagoa izan behar duela uste dute, eta prebentzio politiketan sakondu behar dela: “Gizarte zerbitzuetara bideratzen diren gazteek formakuntza baxua izan ohi dute, beste kultura bat, eta baliabide ekonomikorik ez. Kontrolak zuzenagoa izan behar du, eta, hori lortzeko, kaleko hezitzailearen figura berreskuratu beharra dago”. Era berean, hezkuntza sistemaren barruan formakuntza “etikoa” bultzatu behar dela argudiatu dute, gazteek bizitzan dituzten arazoei aurre egin ahal izateko.

Sistema judizialaren jarduteko era ere zalantzan jarri dute, indarkeria matxistako kasuak jarriz adibidetzat. “Bestelako jarrera bat hartu behar du”, kexatu dira. Ildo berari eutsiz, delitu txikien inguruan aritu dira: “Delitu txiki asko pilatzen direnean, behin eta berriro, ezin daiteke mailaz igo arte itxaron, jada berandu delako; gizarteratze programarik gabe, gainera, kartzela ez da inoiz izango erantzuna”.

Horregatik guztiagatik, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak segurtasun faltaren sentsazioa murrizteko egindako proposamenak ez du babesten kamera edota polizia gehiago jartzea. “Horren ordez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, auzokideekin batera, foro irekiak antolatzea da gure asmoa, existitzen diren bizikidetza arazoen inguruan informazioa eta proposamenak helarazteko”. Hala, era finkoan eta salaketa formatuetatik aldenduz, segurtasun falta sentitzen dutenek adierazteko eta beren iritzia emateko espazio bat sortzea da elkartearen helburua: “Esperientziak elkarbanatu eta guztion artean interbentzio formulak garatu ditzakegu, arazoei benetako irtenbideak emateko”.