Natalia Salazar Orbe
Mundaka Festivalek bosgarren urteurrena beteko du, izena eta agertokia aldatuta: Bay Of Biscay da orain, eta, Mundakan barik, Bermeon ari dira egiten. Santa Katalina penintsularen magia Aritzatxu hondartza gainera eraman dute. Orain ere itsasoari begira dago, antzinako nabigazio kartetan azaltzen zen Bizkaiko golkoa izena gogoraraziz. Hala azaldu du Amets Rodriguezek, antolatzaileetako batek: “Bizkaiko golkoa lotuta dago Frantziako kostaldearekin, Eskoziakoarekin eta Galiziako aldearekin. Bay of Biscay izenarekin agertzen zen nabigazio kartetan, eta gustatu egin zitzaigun”. Ingelesezko izena justifikatuta dagoela deritzo, gainera: “Jaialdiaren gure proiekzioa mundura begirakoa da. Hala bada, gure kultura munduan zabaltzea eta mundura erakustea da asmoa. Zentzu osoa dauka ingelesez egiteak, ez baita guretzako jaialdi bat, baizik eta gurea den jaialdia, mundura begira, eta zabaldua”.
Indartsu abiatu zen atzo Bay of Biscay, herrian egin zuten jaialdi aurreko festarekin. Izen handiak nabarmendu ziren; Matxitxako bidea argitu zuen nagusia Crystal Fighters izan zen. Euskal Herriko artistak ahaztu gabe. Maren gazteak inauguratu zuen festibala; musikaren panoraman gogotsu ari da lekua irabazten. Haren atzetik iritsi ziren, besteak beste, Niña Coyote eta Chico Tornado, Belako eta Hinds.
Kartelak eta Rodriguezek berak iragarri dute gaur ere atzoko mailari eutsiko diotela: Caravan Palace eta Fuel Fandango nabarmendu ditu antolatzaileak. “Izugarrizko talde indartsua da Caravan Palace. Dantza egiteko eta jai giroan murgiltzeko itzela da”. Txileko Mon Lafertek ere astinduko ditu Kantauri itsaso gaineko uhinak. Apirilean Kaliforniako (AEB) Coachella jaialdian egon ziren, eta antolatzaileak pozik daude eurenean izateko aukerarekin: “Rosaliarekin batera, artistarik indartsuena izan zen. Coachella moduko jaialdi bateko artistak gure festibal xumean izatea itzela da guretzat”.
Anita Parker ariko da ostean, goizaldean. Bertako artisten ordezkarietako bat izango da. “Gure artistek beti daukate presentzia gure jaialdian, gure sorkuntza bultzatzen dugulako”.
Lekua rockari
Gaurko erritmo dantzagarriagoak eta elektronikoak alde batera utzita, artistek rock doinuak ekarriko dituzte biharko. “Pianoa lagun duela, ohikoak dituen dotoretasuna eta fintasuna erakutsiko ditu Rufus Wainwrightek. Gero, dezibelak goraka hasiko dira. Tarque izango dugu gurekin: M-Clan taldeko abeslaria da, eta orain disko bat atera du berak bakarrik. Askoz ere rockeroagoa da, eta arrakasta izaten ari da areto guztietan”.
Maika Makovskiren The Mani-Las ere ezin ahantzi biharko eskaintzaren barruan. “Eliteko rockeroak dira. Rock jarreren artean nagusi da taldea. Eta emakumeek osatua. Aurten emakume mordoa daukagu agertokian”, azaldu du Rodriguezek.
Igandean itxiko dituzte oihalak. Agertokia Lamerara eramango dute, eta sarrera librea izango da Zona Zero, Sex Museum eta The Bronson taldeez gozatzeko.
Jaialdiak musikari eskainiko dio gau aldea. Eguna, berriz, bertako produktuak ezagutarazi eta gastronomian sakontzeko baliatuko dute. Itzal handiko sukaldariak lanean ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita haiek prestatutako mokaduak dastatzeko ere.
Zaborrean Arakatuz Sukaldatu jarduera aurkeztu dute. Andoni Luis Adurizek eta Xabier Gutierrezek jasangarritasuna ardatz duen sukaldaritza taularatuko dute. “Mokaduak prestatuko dituzte guk bota ohi ditugun elikagaien atalekin. Besteak beste, mokadu bat prestatuko dute itsas zapoaren azalarekin”.
Beraz, jaialdiak ohiko eskemari jarraituko dio aurten ere, lekuz aldatu arren. “Arazoa ez, baina buruhaustea” izan da antolatzaileentzat aldaketa hori. “Lau urtean egon gara Mundaka Festival marka bultzatzen. Pena da. Baina egin dugun guztia ez da galdu; argi dago berberak garela eta esperientzia dugula; publikoak hori badaki”.
Aukera bazuten jaialdia Mundakan egiteko, baina Espainiako Kosta Mugapearen arauak bete behar zituzten. “Kostaldetik sei metroko bide-zorra utzi behar zen. Horrek gure eremua zatitzea zekarren; izan ere, esaterako, ermita atzeko eremua ezin izango genuen erabili. Erosotasuna eskertzen dute gure jaialdira datozenek gehienek, eta era horretan hautsi egingo genuen. Hesi batzuk ere jarri beharko genituzkeen, eta ikusmira guztia estali. Lekuak duen berezitasun guztia galduko litzateke. Beraz, kostaldeko jaialdi bat garenez, kostaldeari jarraitu genion, eta Bermeora iritsi ginen”.
Buruhausteak ez ezik, erraztasunak ere ekarri dizkie kokaleku berriak, besteak beste, muntaketa lanei eta irisgarritasunari begira. Eta leku handiagoa ere ematen die. Hori baliatuta, kanpatzeko eremu bat atondu dute aurten. Xarmaz betetako Glamping eremua, hain zuzen. “Publikoak urtero eskatzen zigun kanpaldirako eremu bat, baina ez zen posible. Haima oso itxuroso eta erosoak jarri ditugu, koltxoi, izara eta burko eta guzti. Erosotasuna eta kalitatezko zerbitzua glampingean ere eskaini nahi genituen”. Bi lagunentzako gaua, 80 euroan. Ez dute eskaini bestelako kanpatze aukerarik.
Espazio handiagoa ez dute baliatu edukiera handitzeko, eta, prezioei dagokienez ere, Mundaka Festivalekoei eutsi diete. “Guretzat, garrantzitsua da publikoaren erosotasuna. Bereizi egiten gaitu besteengandik”.
Mundaka Festival jaialdiak kritikak jaso zituen martxan jarri zutenetik. Besteak beste, Danona Donea herri plataformak salatzen zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 100.000 euroko diru laguntza ematen ziola jaialdiari, eta jaialdiak ez zuela betetzen kostako araudia. Horrez gain, salatzen zuten jarduera pribatu baten ondorioz astebetez itxita egoten zela “herriko tokirik ederrenerako sarbidea”.
Alberto Uriona kazetariak ere artikulu bat baino gehiago eskaini izan dio jaialdiari. Hark zabaldu zuen lehenengo hiru urteetan Mundakako Udalari ez ziotela ordaindu ezer festibala han antolatzeagatik. Haren arabera, “soilik iaz, presio sozial handiaren ondorioz, udalak ia 20.000 euroko fakturak bidali zizkien herriko kiroldegia erabiltzeagatik —hiru egunez herritarrentzako itxita izan zuten—, Santa Katalinako espazio publikoa okupatzeagatik eta aparkaleku publikoen erabilera eurek bakarrik izateagatik”.
Amets Rodriguezek adierazpen horiei erantzun die: “Udaletxearena aitzakia bat besterik ez da izan”, esan du, haren esanetan kritika egin dien Zain Dezagun Urdaibai elkartea aipatuz. “Era horretako jaialdi bat daukaten hiriek edo herriek eurek ordaintzen diete antolatzaileei, eta laguntza ematen diete eurenean egiteko. Guk inoiz ez diogu eskatu ezer udalari. Inoiz ez. Eta garrantzitsuagoa dena: tasak ordaindu ditugu”. Mundakan ere ordaindu ote zituzten galdetuta, erantzuna baiezkoa izan da. “Ordaindu behar izatea ez da oso logikoa, baina ordaindu dugu, eta ordaintzen dugu”.