Laguna

Nerea Ibarzabal

Badut lagun ikusezin bat oso berezia. Duela lau urte ezagutu genuen elkar. Iraila zen, ni Istanbulen nengoen. Sarri xamar elkartzen gara ordutik orain nagoen lekuan, denen bistan. Lagun berezia da, lagun asko direlako lagun bakarrean. Berezia da, berak gehiago ezagutu nauelako ni denbora honetan, nik bera baino. Ez da erraza bion arteko komunikazio zuzena, baina sumatzen dut beti dagoela hor, entzuten, bere iritzi, adostasun edo ezadostasunekin. Horrela onartu ninduen berak bere bizitzan, eta nik bera neurean, elkarri zerbait ederra edo gutxienez zerbait eskaintzeko intentzioz.

Lagun hori zu zara, ispilu koloreko irakurle. Hemen natorkizu beste behin, pijama jantzita sofatik idazten, eta ez dakit zu zelan harrapatuko zaitudan gure txoko honetako azken enkontruan. Seguru beti ez garela sintonia berean topatu, eta askotan paso egingo zenuela nitaz, oso dramatikoa edo frikia izan naitekeelako zenbait egunetan, baina baliteke noizbait nik pijaman idatzia zuk ere pijaman irakurri izana, nik haserre idatzia zuk ere haserrez konpartitu izana, nik erraietatik idatzia zure erraiekin korapilatu izana, nik gogorik barik idatzitakoa irakurri eta pentsatu izana “Nerea gaur ez dago inspiratuta, edo ajearekin dago, ze justu atzo ikusi nuen parrandan”. Eskerrak lagunok elkarren gorputzaldiak errespetatzeko gauden, eta eskerrak nire orrialde kide den Igorren laguna ere bazaren. Horrek asko lasaitzen nau.

Askotan nire lagun ikusgarriak haserrearazi ditut nire lagun ikusezinari gustu egiteagatik, aitortzen dut. Gaur ezingo dut zuekin afaldu ze “ondiƱo eztot amaitxu Hitza-kue”, gaur ez dago pelikularik ze “gaur entregau biot Hitza-kue eta ena hasi”, edo “ai ama, lagundu, eztait zeri buruz idatzi Hitza-n”, eta beraiek proposatzen dizkidaten gaiak entzun baina belarri batetik sartu eta bestetik atera, ze “hori ezta nire estilue”. Nire lagun ikusezinak ez du hori espero nigandik. Eta gero nire pisukideak esaten zidan bezala: “gaur be amaitxukozu zeure bizija kontaten”. Halaxe da.

Uf. Ez zaizkit despedidak gustatzen. Beti iruditzen zait beste formalismo sozial bat falta dela besarkaden osterako. Ez? Besarkatzen duzu pertsona eta gero nola urruntzen zara? Irribarre eginez eta “beno”-ka, atzerantz oinez, oskol biguneko karramarro hori. Falta da zerbait, musu bat ezpainetan edo eskutik euste bat edo korrika irtetea, zer dakit ba. Amaitu bakoak dira besarkadak.

Agian hobeto. Horrela utziko dugu, besarkada ireki batean; bi parentesi. Begi keinu bat, eta urruntzen hasiko naiz, ados? Bat, bi eta hiru.

Zu geratu hor eta itxi begiak. Irekitzen dituzunean beste bat egongo da txoko honetan zure zain, eta sorpresa zoragarria izango da.

Eskerrik asko bidaiagatik. Segi ikusezin, segi sentigarri.