Nerea Bedialauneta Alkorta
Azti zentro teknologikoak Bizkaiko golkoko hego-mendebaldeko itsasoko hondakinak murrizteko Bluenet egitasmoa abiarazi du, Gaiker eta Italiako Next Technology Tecnotessile zentro teknologikoekin eta Ondarroako Itsaskorda enpresarekin elkarlanean.
Datuen arabera, zaborretan urtero 4,6 eta 12,7 milioi tona artean botatzen dira itsaso eta ozeanoetara. Zabor gehiena lehorretik sortutakoa da, baina 640.000 tona ozeanoetan galdu edo abandonatzen diren itsas tresnak dira, eta, Bluenet proiektuagaz, itsasoko jardueratik datozen hondakinak %20-40 murriztea dute helburu, Bizkaiko golkoko hego-mendebaldean.
Bizkaiko golkoko gune horretan, gainera, arrantza eta akuikultura sektoreak eragindako zabor gehiago dago proportzioan beste toki batzuetan baino —itsasoko zabor guztiaren %34—, eta, hain zuzen ere, horregatik garatuko dute proiektua Kantauri itsasoko txoko horretan. Proiektuagaz, arazoari irteera bat eman nahi diote, eta jasotzen den zaborrari bigarren bizi bat eman, bestelako erabilpen bat.
Aztiko itsas teknologiako aditu Oihane Cabezasen esanetan, hondakinak dira itsas faunarako ingurumen arazo handienetariko bat. “Uretako animaliei zauriak, kalte fisikoa eta heriotza ere eragiten diete. Gainera, oso kostu ekonomiko handia dute. Bluenet proiektuari esker, hondakinak murriztuko ditugu, arrantza sektoreari aholkua emateko hobeto prestatuta egongo gara, Europako politikei buruzko ezagutza hobea eskainiko diegu, eta neurri garrantzitsuak aplikatu ahal izango ditugu ingurumena babesteko eta jarduera ekonomikoaren iraunkortasuna hobetzeko”.
Proiektuaren arduradunek jakinarazi dutenez, alde bi garrantzitsutan eragingo du. Alde batetik, arrantzontzien sareetan harrapatuta geratzen den itsasoko zaborra jaso eta lehorreratu nahi dute, behar bezala prozesatzeko. Bestetik, eta ahal den heinean, arrantzan erabilitako soka eta sare hondakinak berrerabili nahi dira, material berriak fabrikatu eta, horren ostean, lehengai egokia lortzeko.
Hondakinek gero eta kezka handiagoa eragiten dutela jabetuta, arrantzontzien sareetan harrapatuta geratzen diren zaborrak jaso eta lehorreratuko dituzte. Eta, horretarako, Fishing For Litter deritzon egitasmoagaz, euren borondatez bat egin duten hainbat arrantzontziren laguntza edukiko dute.
Harrera oso ona
Egitasmoak oso harrera ona eduki duela nabarmendu dute; oraingoz, 22 arrantzontzik parte hartuko dute. Arrantzontzi gutxi batzuekin hasi dira, baina etorkizunean gehiagok parte hartu ahal izango dutela ere azaldu dute. Ekinaldian parte hartzeko asmoa dutenek Aztira deitu besterik ez dute.
Proba pilotuan parte hartuko duten arrantzontziek biltegiratzeko ontziak izango dituzte barruan, sareetan harrapatuta geratzen diren itsasoko zaborrak gordetzeko. Jasotako materiala, gero, euskal kostaldeko lau portutara eramango dute: Ondarroara, Bermeora, Getariara eta Hondarribira. Ondoren, Aztiko teknikariak portuetara joan, eta jasotako zaborra karakterizatuko dute, birziklatu ahal den edo ez erabakitzeko.
Era berean, arrantza materialak birziklatzea eta berrerabiltzea aurreikusten dute, soka berriak egiteko. Horren ardura Ondarroako Itsaskorda enpresak edukiko du. “Itsas sektorerako sokak, sareak eta kordelak egiten ditu Ondarroako enpresa horrek, eta funtsezkoa da material birziklatuz egindako sokak itsasoaren industrian balioztatu eta onartu daitezen”.
Egitasmoa urte hasieran abiatu zuten, baina oraindik ez dira hasi praktikan ipintzen; orain arte, azpiegiturak prestatzen ibili dira, eta laster hasiko direla aurreratu dute.
Arduradunen esanetan, egitasmoari esker arrantza sektoreak arrantza jasangarriaren bidean aurrera egiten jarraitzeko hainbat onura lortuko ditu.
Arrantza sektorea hasita dago komunitate zientifikoagaz aktiboki parte hartzen. Haren inplikazioa ezinbestekoa izango da 2020aren amaiera arte iraungo duen proiektu horrek arrakasta izan dezan. “Horretarako, sektorearen proaktibitatea sustatuko dugu itsas alfabetatzearen bidez —batez ere nautikako ikasleekin—eta saiatuko gara sareak eta sokak itsasora botatzea galarazten”.
Arrantza sektorea parte hartzaile aktiboa da, baina, haiekin batera beste hainbat eragile ere ari dira Blueneten, horien artean Eusko Jaurlaritzako Arrantza Saila, kofradiak eta garbiketa zerbitzuak. “Horiei esker, hondakinen kudeaketa plana ahalik eta inklusiboena izango da, eta iraun egingo du, baita proiektua amaitu eta gero ere”.