Javi West
Sarean elkarteko kideak Bilboko San Frantziskoko auzotarren errezetak biltzen ari dira, bizilagunen kulturak han isla daitezen. Auzoko Zaporeak izena jarri diote egitasmoari, eta, hil hauetan zehar, bilduma osatuko dute Maria Larramendik eta Sandra Amutxastegik, Auzoko Zaporeak proiektuaren bultzatzaileek.
Asko dira San Frantziskoko auzoan bizi diren kolektiboak. Elkartean, tailer ugari egin dituzte kanpoko sukaldaritzarekin lotuta, baina antolatzaileek uste dute errezeta bilduma auzoaren kultur aniztasunaren testigantza moduan geratuko dela.
“Aniztasun eta aberastasun kultural handiko auzo batean bizi gara, eta, hori hezurmamitzeko, gordailu fisiko batean geratzea nahi genuen”, esan du Larramendik. Bildumarekin, doako gordailu publiko eta digital bat eratu nahi dute, baina aurrerago formatu fisikoan aurkezteko asmoa daukate.
Sarean-en proiektua Bilboko Udalak aukeratuetako bat da, Gazte Balioak Martxan lehiaketaren barruan. Larramendik uste du sariak bultzada lagungarria eman diola egitasmoari: “Baliabide ekonomiko batzuk eman dizkigu proiektua martxan jartzeko, giza baliabideetarako eta proiektuaren beraren gastuetarako”. 2.000 euro inguruko diru laguntza lortu dute, eta, aukera handia izateaz gain, akuilu bihurtu da saria. “Martxan jartzeko aitzakia bat”, esan du koordinatzaileak, proiektua aurretik baitzuten pentsatua.
Auzoaren kultur aniztasuna irudikatzeko modu asko dauden arren, proiektuaren bultzatzaileek sukaldaritza aukeratu dute. “Azken finean, guretzat sukaldaritza herrien eta lurraldeen herentzia kulturalaren isla da”, azaldu du Larramendik.
Horrez gain, nabarmendu du ez direla egun batetik bestera hasi behar, baizik eta hamarkadetako lana dagoela atzean, San Frantzisko auzoaren historiagatik beragatik. Larramendik dio “oso modu naturalean” eraikitzen direla harremanak “kafe batekin”.
Horregatik, ez du uste zailtasunik izango dutenik hango kolektibo eta bizilagunengana heltzeko: “San Frantziskok mugimendu asoziatibo oso indartsua izan du, eta hamarkada askotan zehar gure auzoa oso mobilizatuta egon da zentzu askotan; kulturarekin, aldarrikapenekin, aktibismoarekin, artistekin…”.
Errezeta liburua osatzeko ez ezik, beste ekintza batzuk egiteko asmoa ere badute. Gehienbat gastronomia tailerrak antolatuko dituzte uda eta gero. Orain arte ere antzeko hainbat jarduera egin dituzte urteotan. Besteak beste, Senegalgo janaria, Mexikokoa —kolonaurrekoa eta egungoa—, Kataluniakoa eta Bangladeshekoa prestatzeko tailerrak.
Kultur aniztasunaren lekuko izateaz gain, errezeta liburuak beste era bateko helburuak ditu: “Bildumak balioko du gure auzoak jakiteko non gauden, zer-nolako problematikak ditugun, eta zer-nolako potentzialitateak”, aldarrikatu du Larramendik. Horrez gain, Sarean elkartearen jatorrizko helburuari lagunduko diola uste du. “Bizitza edo esperientzia ezberdinetatik datozen pertsonek elkarbizitzarako espazio bat izatea da”, laburbildu du Larramendik: “Gure asmoa beti izan da espazio horiek sortzea, giro ludiko batean eta ekintza kulturalen bidez”.
Amutxastegik eta Larramendik abendura arte daukate proiektua amaitzeko, baina jarraipen bat izatea espero dute, oraingo epe eta baldintza ekonomikoek ez baitiete ahalbidetzen egitasmoa bere osotasunean egitea. Bide beretik, formatu fisikoan argitaratzeko asmoa dute, “aniztasuna ospatzeko oso tresna eraginkorra” dela uste baitute.
Sarean, elkartea izateaz gain, jatetxea ere bada, eta hor ere proiektuak aztarna utzi nahi du “modu batean edo bestean ekarpenak menuan sartuz”. Izan ere, bertako auzo elkarteek historia luzea dute, eta Sarean horien ondorengoa izan arren, apustu berezia egin dute gastronomiaren alde; jatetxea eratu zuten 2015ean. Han, indarra ematen die gertuko produktuei.
Auzo saiatua
Luzea da San Frantziskoko auzo mugimenduaren historia. 1990eko hamarkada hasieran Kultur Bar izeneko tabernaren inguruan gorpuztu zen, eta artistek ere lekua zeukaten proposamenak aurkezteko.
Taberna hori itxi eta urte batzuetara, 1998an, Txakur Berdea Sarea zabaldu zuten, oraingo Sarean-en aurrekaria. Bost elkartek sortu zuten, auzoko langabezia altuari —ia %40— eta ekintza kulturalen gabeziari erantzuna emateko. Luzaroan izan zen inguruko adierazpen artistikoen ardatza eta bizilagunen elkartzeko lekua, 2008an itxi zuten arte.
Hutsune bat geratu zen orduan, eta bertako auzo mugimendua gune fisiko barik geratu zen. Urte batzuen ondoren, 2015ean, lortu zuten udalak—harenak dira lokalak— espazioa berriztea eta auzo elkarteei uztea haien dinamikak eta problematikak lantzeko. Horrela sortu zen Sarean elkartea, ekintzaileak eta norbanakoak “konektatzeko” .
Gau irekia
2012an, oraindik lokal barik zeuden arren, San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzokoek Gau Irekia izeneko egitasmoa sortu zuten. “Auzoetako bizitza kulturalean auzokideen parte hartzea akuilatu” nahi zuten, bertako artisten lana sustatzeaz gain. Askotariko performance, tailer eta kontzertuek dute lekua bertan. Sorreratik, urtero egin dute, eta hazten ari da, gero eta artista eta parte hartzaile gehiago batzen baitira. Bizkaiko Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta BBK Fundazioaren laguntza du.