Doako eskola digitala, abian

Doako eskola digitala, abian

Amaia Igartua Aristondo

Peñascal Kooperatibak doako eskola digitala jarri du martxan. Peñascal F5 proiektua udazken honetan hasiko da programazioaren arloan formakuntza ematen, Boot Camp formatuaren bidez: ikasketa intentsiboak izango dira, mila ordukoak, eta kurtsoak zazpi hilabete iraungo du.

Baina, horren guztiaren gainetik, proiektu “solidarioa” eta “inklusiboa” dela nabarmendu du Jose Felix Ugaldek, Peñascal Kooperatibako komunikazio arduradunak. “Talde babesgabeenak” ditu jomuga proiektuak, hark azaldu bezala: “Ahalmen ekonomiko txikiagoa duen jendeak formakuntza hau jaso ahal izatea da helburua”. Bestalde, esparru digitalean dagoen “genero arrakala” murriztera ere bideratuta daude ikasketa horiek.

Hautaproben bidez aukeratuko dira etorkizuneko ikasleak. Hala ere, ezohiko parametroak hartuko dituzte kontuan ikaspostuak adjudikatzeko: ez dituzte aintzat hartuko ez aurretik eginiko ikasketak eta ez esparruan izandako esperientzia. Areago, prestatu ezin izan direnentzat zuzenduta dago, batez ere, Peñascal F5. Hortaz, “konpromisoa” eta “motibazioa” beharko ditu, oro har, programan parte hartu nahi duenak, Ugalderen hitzetan: “Ikasketen beharrik gabe hartzen diren gaitasunak bilatzen ditugu”. Horiek dituztenei “laguntza” eskainiko die eskolak.

Zehazki, Peñascal F5 ikastaroak coder-ak sortuko ditu. Programatzaileak izendatzeko “hitz deigarriagoa” da, Ugalderen hitzetan: “Informatikariek erabiltzen duten kodeari egiten dio erreferentzia”. Dena den, funtzioak berdintsuak dira: oro har, web esparruan jardutea.

“Merkatuan eskari handia” duela azpimarratu du Peñascal kooperatibako prentsa arduradunak. Programak eskaintzen duen formakuntzak, gainera, “irteera asko” ditu, web teknologia erabiltzen den arlo guztietan ari daitezkeelako coder-ak: web orriak sor ditzakete, baita teknologia hori oinarri duten proiektuak ere. Lanpostu huts asko daudela nabarmendu du Ugaldek: “Informatikaren sektorean, lengoaia batzuek ez dute lortzen postu guztiak betetzea”. Hala, proiektuari “aukera” deritzo. Batetik, ikasleentzat, garestia den formakuntza bat doan jasotzen dutelako. Bestetik, enpresentzat, espezializatutako lan indarrak gora egin eta, horrenbestez, hutsune horiek betetzea errazago izango zaielako. “Alde horretatik, perfektua dela uste dugu”.

Bartzelonan eredua

Peñascal F5 eskola digitala ez da hutsetik sortu; Bartzelonan izan du aurrekaria. Han, Factoria F5-en eskutik garatu da, eta 2018an hasi ziren trebakuntza eskaintzen. Biek ala biek Simplon modeloa dute oinarri. Langabeei eta sektore digitalean gutxi ordezkatutako kolektiboei emakumeei, errefuxiatuei eta adinekoei, bereziki dago bideratua hura. Frantzian sortu zen, Frederic Bardeauk sustatuta, eta 35 eskola batu dira dagoeneko, zenbait kontinentetan. Bartzelonan, lehen promozioak bukatu ditu ikasketak jada.

Jatorrian, lan merkaturako jauzia errazte aldera ondutako proiektu bat izan zen. Haien filosofiarekin bat egiten zuela ikusita, Simplon eredura atxikitzea erabaki zuen Bilboko kooperatibak. Ugaldek adierazi duenez, “Peñascalen misioa gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskuan daudenak heztea” baita.

Bartzelonakoak %81eko irteera positiboa izan du hiru hilabetera. Alegia, formakuntza bukatu eta hilabete gutxira, hamar ikasletik zortzik teknologiaren arloan lana aurkitu dute, edo programazio ikasketak egiten jarraitu dute. Datuak ikusita, eredua hedatzea erabaki zuten. Bilbon abiatuko dena horren ondorio da.

Lehen urratsak

Izena aurretik emateko epea zabaldu du jada Peñascal F5 eskola digitalak. Webgunearen bidez eman daiteke: Peñascalf5.org. Hautaprobak abuztuaren 26tik aurrera izango dira. Ondoren, aurreikusitako 25 postuak esleituko dizkiete “proiektua egiteko gaitasun minimoak” dituztenei. Epea zabaldu zenetik egun gutxi igaro diren arren, “pozik” agertu da Ugalde: “Batzuk jada sartu dira webgunean. Gutxi dira oraindik, baina arin doa handituz kopurua”.