Peru Azpillaga Diez
Enpresa eraikitzaile batek Durangoko Arripausueta inguruan martxan jarri nahi duen etxebizitza proiektuaren berriak zenbait bizilagunen kezka piztu zuen orain dela aste batzuk. Izan ere, Inmoloiola Arripausueta SL enpresak Txibitenan etxeak egiteko proiektu bat abiatu nahi du. Eremua, ordea, errekatik gertuegi dago, eta, proiektua gauzatu ahal izateko, erreka inguruan zenbait lan egin beharko lituzke enpresak, ur maila igotzen denetan segurtasuna bermatuta egon dadin.
Hain zuzen, eremu horretako uholde arriskua arindu eta etxeak eraiki ahal izateko, presa, har-pausoak eta apur bat beherago dagoen Iurretarako zubia —Deabruaren zubia esaten diotena—kentzeko proiektua aurkeztu zion enpresak Ura agentziari, Anboto aldizkariak jakinarazi duenez. Bizkaiko buletin ofizialak maiatzean argitaratu zuen Urak obrarako baimena eman zuela. Horrek asaldura sortu zuen herritarren artean, besteak beste Arripausueta eta Deabruaren Zubia babestu beharreko elementu interesgarritzat izendatuta dauzkalako udalak arau subsidiarioetan.
Durangoko Udalak Bizkaiko Hitza-ri azaldu dionez, ordea, ez dirudi proiektuak epe motzean aurrera egingo duenik. Hala adierazi du Aritz Bravo EH Bilduko zinegotziak: “Zubia eta presa, babesteko gune gisa izendatuta ditu udalak; eta, beraz, ezin dira inondik inora ukitu”. Bravok azaldu duenez, 2008ko HAPO hiri antolamendurako plan orokorrean agertu zen, lehen aldiz, etxebizitzak eraikiko zirela Arripausueta inguruan. 2010ean, legeak behartuta, hasieran aurreikusitako etxeen kokapena aldatu zuen enpresak. Proiektuak, baina, ez zuen martxarik hartu, eta geldirik geratu zen. Ostera, 2015ean, uholde arriskuei lotutako Espainiako lege bat aldatu egin zen, eta uholde arrisku maila jakin bat duten inguruetan eraikitzea debekatu.
Arripausuetako balizko etxebizitza horiek ez lukete lege hori beteko eta, beraz, proiektua martxan jarri ahal izateko, uholde arriskua murrizteko lanak egin behar lituzkete ibaian —presa eta zubia kentzea—. “Enpresa eraikitzailea lanak egiteko prest dago, baina ondarearen legeak ez du baimentzen, bi elementu horiek babesgune moduan katalogatuta daudelako”. Katalogazioa aldatzea udalaren esku dagoela erantsi du Bravok. “Irtenbide posibleak aztertzeko prest da udala, baina etxebizitza horiek ez dute lehentasunik. Gainera, eremu hori babestuta dago, eta ez dago izendapen hori aldatzeko inolako arrazoirik”.