Aitziber Laskibar Lizarribar
Hondartzak eta itsasoa berez irekiak badira, badira are irekiagoak diren hareatzak; irisgarriagoak, guztientzakoago bihurtu dituztenak. Sei izango dira, aurtengo udan, Bizkaian: Plentzia, Getxoko Ereaga, Lekeitioko Isuntza, Gorlizeko Astondo, Ondarroako Arrigorri eta Mundakako Laidatxu. Hondartza Denontzat egitasmoak martxan dira sei hareatza horietan, mugikortasun arazoak dituztenek ere hondartzara joan eta bainatzeko aukera izan dezaten.
Mugitzeko zailtasunak dituztenentzat beren-beregi prestatutako azpiegiturak izango dira sei gune horietan; hondarretan zein uretan ibili ahal izateko gailu bereziak. Guztira, uretako gurpilak dituzten 31 aulki izango dira: mendekotasun arinak dituztentzat bederatzi, maila ertaineko mendekotasuna dutenentzat hamabost, eta mendekotasun handiko pertsonentzat zazpi. Hondarretan ibiltzeko bereziak diren 70 makulu pare ere izango dira. Baita lau garabi hidrauliko ere, mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonak errazago mugitu ahal izateko. Horiek guztiak erabili ahal izateko, laguntzaileak izango dira sei hondartza horietan; prestaketa berezia duten 21 begiraleko langile taldea.
Irisgarritasunari begirako bestelako azpiegitura batzuk ere izango dituzte hareatza horietan: zerbitzu berezi horiek dauden lekuetaraino iritsi ahal izateko zurezko plataformak, batetik, eta bestetik, karpak, aulkiak, mahaiak, komun egokituak eta aldagelak, laguntza guneetan bertan.
Bidaideak elkarteak kudeatuko du zerbitzua, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKren Gizarteratze Arloak ordainduko dute. Uztail eta abuztuko egun guztietan egongo da zabalik zerbitzua, 11:00etatik 19:00etara bitartean. Iaz 5.300 aldiz erabili zuten zerbitzua herritarrek, eta kopurua handitu egingo duten esperantza dute, gainera, sustatzaileek.
5.800 bainu
Urtetik urtera arrakasta handitzen ari den programa da Hondartza Denontzat. Duela hamabost urte abiatu zenetik, 50.000 bainu baino gehiago hartzen lagundu du, eta aurten, 5.800 laguntza inguru emango dituztela aurreikusten dute.
Baliabide kopurua, zerbitzuen kalitatea eta guneen kopurua handituz joan da urteen joanarekin. Mugikortasun arazoak dituztenak itsasoan bainatzera eramateko egitasmoa martxan jarri zenean, esaterako, bi hondartzatan eskaini zen zerbitzua. Aurten, Bizkaiko eremu gehienak eta hondartzarik jendetsuenak kontuan hartuta, sei hareatza prestatu dituzte hondarretan euren kasa ibili edo itsasoan sartu ezin diren pertsonentzat, “estrategikoki”.
Muskizko Areatza hondartzan ere izango dira erraztasunak mugitzeko arazoak dituztenek bainatzeko aukera izan dezaten. Hondartza Denontzat programak ez du Areatza biltzen, baina Bidaideak elkarteak Muskizko Udalarekin duen akordioari esker, hartarako azpiegitura izango du. Elkarteak beharrezko laguntza teknikoa eta baliabideak maileguan utziko ditu, eta udala izango da programa kudeatuko duena.