Peru Azpillaga Diez
ESK sindikatuak salatu du ABB industriarako teknologia digitalak garatzen dituen enpresak Trapagaranen duen fabrikatik hamar langile kaleratu nahi dituela. Ekainaren 21ean argitaratutako enplegu erregulaziorako espedienteak jasotzen duenez, Galindoko fabrikako galdaragintza tailerreko hamar langileri kontratua eten nahi die ABB enpresak. Baita Kordobako (Espainia) Tentsio Altuko ataleko beste berrogei langileri ere. Hori ikusita, Galindoko langileek egun osoko greba egin zuten uztailaren 3an, eta, herenegun, Kordobako langileekin batera, elkarretaratzea egin zuten, Madrilen, ABBren egoitzaren aurrean. Uztailaren 24an berriz elkartuko dira, fabriken bideragarritasuna aldarrikatu, eta lanpostuen mantentzea galdegiteko.
Gorka Azpillaga Galindoko ESKren ordezkari sindikalak salatu duenez, kaleratzeek “deslokalizazio” prozesu bati erantzuten diote, luze gabe fabrika guztiaren “itxiera” ekarriko duena. “Urteak daramatzate langileak murrizten. 2011n, enplegua erregulatzeko iraungipen espediente baten bidez, 96 langileri eten zieten kontratua, eta, azken urteetan, 320 langile izatetik 150 langile izatera igaro gara”, azaldu du Azpillagak. Kasu hartan, Power Products ataleko langileak kaleratu zituen ABBk, birmoldaketa bat egin behar zutela argudiatuz, “merkatuaren egoera zailari” aurre egiteko.
Oraingo espedienteak Trapagarango eta Kordobako langileei eragiten die. “Galindoko galdaragintzako sekzioak 40 langile baino ez ditu. Horietatik hamar kaleratzeak esan nahi du langile taldea %25 murriztuko dutela”, argudiatu du. “Azkenean, ikusten ari gara horren atzean fabrika ixteko asmoa dagoela, oraindik ere errentagarria den arren”.
Izan ere, Azpillagaren aburuz, lanpostuak gutxitzeko espedienteak ez du inolako zentzurik. “Lana, egon, badago, eta azken urteetako emaitzak positiboak izan dira”. Adierazi du, ordea, ABB enpresa lan hori Polonia eta Turkiaren moduko herrialdeetara eramaten ari dela: “Deslokalizazioa itzela da, baina lana badago, eta, gainera, hemendik gertu”. Jakinarazi duenez, iaz, enpresak 60 transformadore egin zituen REE Espainiako Sare Elektrikoarentzat, baina lan hori Italiara eraman zuten, Galindon egin ordez.
Horregatik, langileek espedientea bertan behera uzteko eskatu diote ABBri. “Fabrikak galerarik ez izateaz gain, ABBk Alstom enpresako sekzio oso bat erosi zuen 2013an, Galindon bertan, eta galdaragintzakoek haientzat egin dezakete lan”. Are gehiago, Azpillagaren ustez, fabrika horretan langileak behar dituzte; “langileak kontratatu ordez, ABBk nahiago du langileak murriztu eta aldi baterako laneko enpresak eta azpikontratak erabili. Erantsi du enpresak ez duela “kolaboraziorako” jarrerarik agertu: “Espedientearekin aurrera jarraitu nahi dute, merkatuaren egoera zaila dela diote, eta gure fabrika jada ez dela lehiatzeko gai”.
Oraindik ez dago aurreikusita noiz izango diren kaleratzeak, baina, Azpillagaren esanetan, horien atzean beste asko etorriko dira. “Planta guztia itxiko dutela aurreikusten dugu; goizago edo beranduago, itxi egingo dute, eta beste lekuren batera eraman”. Aurkeztu dieten industria plana ere “barregarritzat” jo du. “Korrika eta presaka” egin dutela deritzo, eta erregulazio espedientea ere berdina dela azaldu du. “Txarto eginda dago, eta ez dago nondik hartu; azkarregi egin dute, eta txarto gainera”.
ABB industriaren eta teknologiaren arloan diharduen mundu mailako enpresa erraldoia da. 135.000 langile inguru ditu eta, Azpillagaren aburuz, erregulazio espedienteak enpresak hartutako erabaki estrategiko baten ondorio dira. “ABBri ez zaio industria interesatzen; digitalizazioaren aldeko apustua egin du, eta industria guztia saltzen ari da”. Hala, Power Grids izeneko atal osoa Hitachi enpresari saldu dio. Hitachik transformadoreen industrian egiten du lan. ABBrenak ziren 35.000 langile inguru haren eskuetan daude orain, eta, horien artean, Galindoko fabrika.
Galindoko fabrika 1923tik dago martxan. Naval eta Labe Garaiekin batera, General ezizenaz oso ezaguna zen Bilboko industria eraztunean. “Mitikoa zen. Baina ikusten dugu jada Ezkerraldean hilda dagoela industria; azkenean, Amazonen lantegi prekarioak izango dira alternatiba bakarra”.