Aitziber Laskibar Lizarribar
Aisialdia eta auzokideen atsedena uztartzeko ahaleginean, proiektu berri bat jarri du martxan Bilboko Udalak tabernaz beteta dagoen kale batean: soinua neurtzen duten gailu bereziak jarri ditu Ledesma inguruko eraikinetan. Kalean legez onartuta dagoen soinu maila gainditzen denean, abisua emango dute gailu horiek, bertan daudenak ohartarazi eta isilago aritzeko eskatzeko. Argi seinale bat igorriko dute sonometro horiek lurrera, “isilago egin” mezuarekin.
Egitasmoa aurreko astean ezagutarazi, eta asteburuan jarri zuen martxan udalak. Azaldu duenez, bertako hainbat ostalariren babesarekin abiatu du proba, gainera. Egitasmoarekin bat egin duten ostalariek neurriaren nondik norakoak azaltzen dituzten eskuorriak banatu dituzte tabernetan, kartelak ere jarri dituzte, eta kanpainaren irudia duten elastikoak ere bai soinean. Helburua, elkarbizitzarako apustua egin eta herritarrak kontzientziatzea.
Lehen asteburuan, Ledesma inguruan izan diren pertsona gehienek ez zuten egitasmoaren berririk. Ondo iruditzen zaiela azaldu dute batzuek, eta hausnartu beharra aldarrikatu dute; proiektuak elkarren errespetuan lagun dezakeen esperantza azaldu dute. Beste batzuek, berriz, mesfidantzaz begiratu diote neurriari, ez duela fruiturik emango sinetsita.
Udalarentzat ere ez dago argi neurriak eragin positiboa izango duen ala ez. Baiezkotan dagoen arren, ikusi egin beharko dela dio. Hori dela eta, proba pilotu gisa aurkeztu du neurria.
83 dezibeleko muga
Ledesman dauden tabernen inguruko eraikinetan jarri ditu neurgailuak lehen fase honetan Bilboko Udalak. Inguru horretan jendetza biltzen delako aukeratu du lehen jomuga moduan. Eraikinen hormetan sonometroak jartzeko baimenak lortu, eta martxan ditu dagoneko. Soinu maila neurtzen dute sonometro horiek, eta, kaleko zaratak 83 dezibeleko muga gainditzen duenean, salto egiten dute neurgailuek. Baja el tono – Isilago egin irakurriko da lurrean orduan, sonometroek lurrera igorritako argi izpiek idatzita. Hori ikusita, kalean diren herritarrak auzokideei kalte egiten ari direla konturatu, eta isilago arituko diren esperantza dute sustatzaileek.
Eta hori hala den neurtuko du. Alde batetik, inguru horretan bizi diren pertsonen iritzia jasoko du udalak; egitasmoaren emaitzak baloratu ditzatela eskatuko diete auzokideei. Bestetik, udalak berak ere neurtuko du kanpainak helburuak bete dituen edo ez; zarata gutxitzea lortu duen ala ez.
Zabaltzeko asmoa
Proba pilotuak esperotako emaitzak baditu, egitasmoa zabaltzeko aukerak aztertuko ditu udalak. Alegia, Ledesma kalean zarata gutxitzen bada, sonometroak hiriburuko beste gune batzuetan ere jartzea aztertuko du. Horretarako eperik ez du zehaztu, halere, Bilboko Udalak.