Osasun ondorioak

Airera isurtzen diren substantziek osasunean zer ondorio duten jaso du OME Osasunaren Mundu Erakundeak.

Substantziak

PM partikulak. Harreman kuantitatiboa dago partikula txikien kontzentrazio handiaren eta heriotza tasaren edo eguneroko eta epe luzerako erikortasunaren artean. Partikula bidezko kutsadurak ondorio sanitarioak ditu, baita oso kontzentrazio txikietan ere.

Ozonoa. Gehiegizko ozono kantitateek ondorio kaltegarriak izan ditzakete osasunean. Besteak beste, arnasketa arazoak sor ditzakete, asma eragin edo biriketako funtzioa murriztu eta biriketako gaixotasunak sorrarazi.

Dioxido nitrogenoa (NO2). Zenbait ikerketa epidemiologikoren arabera, asma duten umeengan bronkitis sintomak areagotu egiten dira dioxido nitrogenoa dagoen inguruetan. Biriken funtzioa gutxitzeko sintomekin ere lotuta dago.

Sufre dioxidoa (SO2). Nerbio sistemari eta biriken funtzioei erasan diezaieke. Begien narriadura eragiten du. Kardiopatien ondorioz gertatutako ospitaleratzeak eta hilkortasuna areagotu egiten dira SO2 asko dagoen egunetan. Urarekin nahastuta, azido sulfuriko bihurtzen da; deforestazioa eragiten duen euri azidoaren osagai nagusia da azken hori.