Natalia Salazar Orbe
Airearen kalitateak etengabe hobera egiteko joerari eusten dio. Hala ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, kezka sortzen dute tartean behin argia ikusten duten datuek. Azken txostena Ekologistak Martxan plataformak argitaratu du, asteon; 2018ko datuak jasota, hainbat ondorio atera ditu. Bizkaiko kutsadura foku garrantzitsuenak seinalatu ditu: batetik, Muskizko findegia, Santurtziko zentral termikoa eta Zabalgarbi errauste planta; bestetik, ibilgailu motordunen zirkulazio handia eta portuko trafikoa; eta, azkenik, lurralde osoan zehar barreiatuta dauden industrialdeak eta zentral energetikoak.
Datu positibo gisa aipatu du nitrogeno dioxidoa urteko balio mugaren azpitik mantendu dela Bilbon. Maria Diaz Harokoaren estazioak metro kubikoko 39 mikrogramo erregistratu ditu batez beste: ez da iristen araudiak ezarritakora, 40ra. 2017an, gainditu egin zuen muga hori. Areetako estazioan, berriz, substantzia horrek berak hirutan gainditu zuen metro kubikoko 200 mikrogramoko balio muga. PM10 eta PM2,5 partikulek Algorta, Barakaldo, Basauri, Santurtzi eta Zornotzan izan zuten eraginik handiena: OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako mugak gainditu zituzten. Bilboko portuko hiru estazioetan ere mugez gaindiko hainbat erregistro egon ziren. Elementu horiek Santurtzi eta Getxoko airearen kalitatean ere eragiten dutela ebatzi dute.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren datuen arabera, “kutsatzaile atmosferikoentzako ezarritako mugen barruan” daude neurketa guztiak. Urtero, airearen kalitateari buruzko txosten bat argitaratzen du sail horrek. Azkena 2017koa da. Jaurlaritzak dio “arazo puntual batzuk” soilik antzeman direla, industria jarduerak —Petronorrengatik— eta, batez ere, trafikoak —Bilbon— eragindakoak. Konponbiderako jomuga garraio jasangarria hobetzeko neurrietan jarri dute.
Industrialdeen inguruan bizi diren herritarrek, ordea, kezka agertu dute, eta azken urteetan argitaratu diren zenbait ikerketak areagotu egin diete ezinegona. Espainiako Epidemiologia Zentroko bost ikerlarik 2017an egindako ikerketa baten arabera, heriotza eragiten duten minbiziak izateko arriskua %17 handiagoa da estatuko herri industrialetan. Horien artean, Bizkaia aipatu zuten.
Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea kontrolatzeko sareak ditu. 54 estazio ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta horietatik 28 Bizkaian daude. Hala ere, ebaluazioak ez dituzte egiten lurraldez lurralde, baizik EAE osoa kontuan hartuta. Gainera, Ekologistak Martxan-ek esan duenez, Jaurlaritzak ez ditu hartzen kontuan estazio publikoetako asko ebaluazio hori egiteko. Ondorioz, neurketa horiek hankamotz daudela uste du plataformak. Isuri handiak dauden eremuetako kutsaduraren kontrola ahuldu egin dela salatu du, eta hainbat estazio kendu dituztela. Jaurlaritzari eskatu dio airearen kalitatearen ebaluazioa hobe dezala.
Estazioek hainbat elementu kutsakor neurtzen dituzte; besteak beste, sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, 2,5 eta 10 mikra baino diametro txikiagoa duten PM partikulak, karbono monoxidoa, ozonoa eta bentzenoa. Oposizioak gobernuari leporatu izan dio estaziook zenbait ordutan ez dutela daturik jaso, eta horrek fidagarritasuna kentzen diela azterketei. Jaurlaritzak erantzun du informazioa fidagarria dela bermatzeko beste datu jasotzen dutela: UNE-EN arauak ezarritako kalitatearen helburuak bete behar dituztela-eta.
Substantzia kutsagarri gehienak neurtzen dituzte estazio guztiek. Aldiz, bentzenoa, metal astunak eta bentzoapirenoa gutxiagotan neurtzen dira. Horien ebaluazioa modu globalean egiten dute. Kabina horiek jasotako datuei erreparatu, eta legeak ezarritako mugen arabera ebazten dute airearen kalitatea ona den edo ez.
Legea eta osasuna lehian
Sara Ibañez mediku erretiratu eta Meatzaldea Bizirik plataformako kideak zehaztu du parametroak legearen barruan egoteak ez duela esan nahi kaltegarriak ez direnik. “Legea aldatuz joan da, eta, permisibitatea murriztuz badoa ere, presio egiten duten enpresa lobby-ek baldintzatuta dago”.
Hego Euskal Herrian 102/2011 errege dekretuak arautzen du zenbatekoa den baimendutako elementu kutsagarrien muga. OMEk muga txikiagoak gomendatzen ditu. PM10 eta PM2,5 partikulekin ikus daiteke aldea: OMEk urtean batez beste metro kubikoko 20 mikrogramo gomendatzen du gehienez; Jaurlaritzak, berriz, 40ko muga dauka ezarrita. PM2,5 partikulen kasuan, berriz, OMEk metro kubikoko 10 mikrogramo gomendatzen du, eta Jaurlaritzak 25eraino baimentzen du. Jaurlaritzak azaldu du errege dekretua 2008ko Europako arauen transposizioa dela eta ez dituela hartzen 2005ean OMEk ezarri zituen gida balioak.
Partikula horien arriskuaz ohartarazi du Ibañezek: “Gaur egun ondo ezagutzen dira, eta egindako ikerketek erakusten dute partikula fin eta ultrafinak —2,5 mikrakoak edo txikiagoak— arnastean berehala gure babes hesiak zeharkatu eta gai direla biriketako albeoloetara eta kapilar txikietara iristeko. Horietan barrena dabilen odolean sartu eta gorputz osoan barreia daitezke. Plazenta bera ere zeharkatzen dute, eta fetura eta haren organoetara ere iristen dira”.
Bide beretik mintzatu da Jaurlaritza ere. “OMEren gidak argitaratu zirenean, ordura arte egindako ikerketak PM10 partikulei buruzkoak ziren. Hala ere, gero eta ikerketa gehiagok uzten dute agerian PM2,5 partikulen arriskugarritasuna. Ez da egiaztatu muga batetik behera ondorio kaltegarririk ez dagoenik. Beraz, zaila da babes osoa eskainiko duen gida balio bat finkatzea”. OME bera ere berak finkatutako balioak berraztertzen ari dela azaldu du Ingurumen Sailak. Hala, aurreikusi dute airearen kalitateari buruz Europako Batasunak osatzen duen hurrengo zuzentaraua murriztaileagoa izango dela parametro horiekiko eta balitekeela OMEren balioekin bat egitea.
Halako substantziak behar bezala neurtzearen garrantzia aipatu du Ibañezek. Esan du airearen kalitatea neurtzeko kabina guztiek ez dituztela neurtzen 2,5 mikrako partikulak. “Gehienek 10 mikrakoak neurtzen dituzte”. Besteak beste, Muskizen gertatzen da hori. Partikula horiek ibilgailu batekin parekatu ditu: “Substantzia kutsakorrak itsatsi egiten zaizkie partikula horiei. Gainera, zenbat eta txikiagoak izan, elementu kutsatzaile gehiago dute”. 2,5 mikrako partikulez gain txikiagoak ere badaudela azaldu du. Eta horiek ez dituzte neurtzen, inon. Dieselak, esaterako, halako partikula finak dauzka.
Ibañezek argi azaldu du ez dela erraza Bizkaiko airearen kalitatearen argazki finkoa egitea, hainbat faktorek baldintzatzen baitute unean uneko egoera. Hala ere, kutsadura gehien pairatzen duten eremuak zerrendatu ditu. “Bizkaian ia denek pairatzen dute asko kutsadura, trafikoagatik, industriagatik zein biengatik”. Ranking horretan, “Bilbo Handia, orokorrean” nabarmendu du. Eskualdeei erreparatuta, Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri ere “nahikoa gaizki” daudela azaldu du. “Guk, Petronorrekin, egoera txarra dugu, nahiz eta beti esaten duten airearen kalitatea ona dela”. Getxo udalerririk txarrena dela iritzi dio, trafikoagatik. “Eta baita hego haizeak jotzen duenean portu inguruko kutsadura guztia iristen zaielako ere. Hara eramaten ari dira industriarik txarrenak. Eta Petronorrena ere iristen zaie. Lerro zuzenean zortzi kilometrora baino ez daukate”.
Erregistro “mugatuak”
Jaurlaritzak argitaratutako azken txostena eskuan duela egin du analisia Ibañezek. “Airearen kalitatearen erregistroak oso mugatuak dira, eta ez daude egokituta leku jakin batean isurtzen ari diren elementuetara, hirietako etorbide handietako kasuetan ez bada”. Maria Diaz Harokoaren eta Mazarredo kaleetako neurgailuak aipatu ditu horien artean. “Bitxia da kasu horietan partikulen osagai metalikoa aztertzen dutela. Ez, ordea, Durangon eta halako beste leku batzuetan. Eta azken horietan galdategi asko eta asko daude”. Industria kimikoa dagoen lekuetan, berriz, amoniakoa atzemateko baliabiderik ez egotea salatu du. “Oso gas arriskutsua da, eta zenbait unetan Petronorrek isuri du, hodiak garbitzeko erabili duenean”.
Muskizen bizi da bera. Bertan, neurgailuak hasi dira bentzenoa, toluenoa eta xilenoa neurtzen. “Baina bi kabinak soilik neurtzen dute: San Julian eta Las Carreras-ekoek. Gainera, haizearen norabideak elementu kutsatzaile bat eraman dezake kabinarik ez dagoen eremu baterantz edo elementuok erregistratzen ez dituen kabina baterantz”.
Hiru konposatu organiko lurrunkor horiei dagokienez, Ibañezek salatu du bentzenoaren mugak soilik daudela ezarrita. Urtean, batez beste, metro kubikoko 5 mikrogramo baimentzen dira. “Beraz, bi astetan 150 mikrogramoko isuriak egon arren —2012ko martxoan gertatu zitzaigun hori Petronorrekin—, ez dute hartzen legearen urraketatzat”.
Airearen kalitateari buruzko 2017ko txostenak dio substantzia kutsatzaileek oro har ez dutela gainditu legeak ezarritako muga. Sufre dioxido muga bai, gainditu zuen Muskizko San Juliango estazioak. Baina araudiak baimendu egiten du estazio bakoitzeko balioek urtean 24 aldiz muga gainditzea. “Gainditze hori Petronorren plantan gertatu zen arazo operatibo baten ondorio izan zen. Zegokion txosten teknikoa helarazi zuten, eta plantaren ikuskatze agindua bideratu zen”. Hala jaso zuen Jaurlaritzak txostenean. Ibañezek salatu du halako jazoerek ez dutela inongo ondoriorik. “Ondorioa guretzat baino ez da, guk geuk arnastu dugu eta”.
Legeak ezarritako mugak zenbait aldiz gainditzeko substantzia batzuek duten baimenak datuen ebaluazioa desitxuratzen duela uste du Ibañezek. “Hori hala izanda, erregistroek beti edo ia beti esaten dute airearen kalitatea ona dela, nahiz eta oso sarri gertatzen diren isuri puntualen ondorioz arriskua daukagun substantzia kutsagarriak arnasteko”.
Egoera hobetzeko zenbait neurri proposatu ditu. “Berriz planteatu behar dira herri inguruetako trafikoa eta industria. Hirian beste era batera bizitzen ikasi beharko dugu; besteak beste, garraio publikoan mugitzen. Ezin dugu onartu Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek gu engainatzea esanez airearen kalitatea ona dela. Argi dago hori ez dela egia. Estazioek jasotzen dituzten datuak eta egungo legedia ez dira nahikoa gu babesteko”.