Emakume burujabeen aurkako ehiza

Emakume burujabeen aurkako ehiza

Natalia Salazar Orbe

Eguzkiari galtzen hasi berri den indarra emateko asmoz, suek beteko dituzte inguru guztiak urteko gaurik magikoenean. Udako solstizioa, San Joan gau bilakatua, iristear da. San Joan gaua edo sorginen gaua esaten zaio ekainaren 24 bezperako gauari. Oraindik leku batzuetan erre egiten dituzte sorginen irudiak. Emakume zaharrak, bakarrik bizi zirenak, itsusiak eta belarren propietateen gaineko ezagutza zutenak. Horra hor haiei buruz eraikitako irudia. Sorginaren estereotipo hedatu hori ulertu eta apurtzeko hitzaldia antolatu du Sorginorratz Bermeoko emakume taldeak. Amaia Nausia historialariak emango du, gaur. Nortzuk ziren sorgintzat jo eta zigortu zituzten ehunka emakumeak? Zergatik egin zuten haien aurka? Galdera horiek argitzen saiatuko da.

XVI. mendean eta XVII.aren hasieran orokortu zen sorgin ehiza Europa osoan. Euskal Herria ere ez zen salbu geratu. Ehunka lagun zigortu zituzten garai hartan. Baita hil ere. Europa guztian 100.000 baino gehiago erre zituzten. Emakumeen kontrako sarraski hura azalduko du Nausiak, feminizidioa, Kabidxe aretoan.

Bateko eta besteko herrietan sorgintzat salatu zituzten gehien-gehienak emakumeak izan zirela azaldu du: “%70 eta %80 artean”. Arrazoia argia da: “Emakumeak diziplinatzeko” martxan jarritako jokabidea zen. Izan ere, haren arabera, ez da kasualitatea sorgin ehiza XVI. mendean eta XVII.aren hasieran gertatzea. Urte haiek Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko trantsizio garaia izan ziren. “Estatu modernoa familia tradizionalean oinarrituta eratu zen. Oso garrantzitsua zen familia barruan bakoitzak bere rolak ezagutzea. Estatuak uste zuen familia estatu txiki bat zela, eta, estatu txiki guztiek ondo funtzionatuz gero, estatu handiak ere ondo funtzionatuko zuela”. Eta emakumearen jokabidea zein izan behar zen zehaztu zuten. Emakume idealaren ezaugarriak jaso zituen gidaliburua ere bazegoen. “Ideal hori kastitatean —alegia, jarrera sexualean— eta amatasunean oinarritzen zen”. Hala, Ama Birjina bilakatu zuten emakumeen “eredurik desiragarriena”. Eta ideal horretatik ateratzen ziren emakume guztiak “diziplinatu” egiten zituztela azaldu du.

Emakumea, eremu pribatura

XVI. mendea kapitalismoaren sorreraren garaia ere izan zen. “Patriarkatua sendotzen da mende horretan”. Horren eraginez emakumea eremu publikoetatik gero eta gehiago kanporatu zutela ekarri du gogora. “Gero eta gehiago bultzatuko gaituzte eremu pribatura, etxearen eta familiaren eremura”.

Bestalde, emakumea gizartearen ordenarentzat “arriskutsua” zela hedatu zen. “Intelektualki ahulagoak ginela zabaldu zen”: gizonak gai ziren euren pasioak kontrolatzeko; emakumeak, ordea, ez. “Horregatik, gure sexualitatea tentagarria zen, eta, gizonak bekatuan erortzen baziren, gure errua zen”. Emakumea errudun bihurtu eta hura kontrolatu beharra ezarri zen, “eta arauetatik ateratzen zena zigortu”. Beraz, sorgin ehiza oso tresna baliagarria bilakatu zen ideal horiek zabaltzeko. Hala dio Nausiak.

Bakardadea ere bada sorginaren estereotipoa: bakarrik bizi zen emakume gisa irudikatzen da. Sorgintzat jotako emakume asko eta asko alargunak ziren. Horrek ere badu azalpena. Gaztetan, neskatxek aita izaten zuten kontrolatzeko. Eta, heldu bihurtzean, senarra. “Baina alargunek ez zuten ondoan gizonik. Eta, gainera, bazuten esperientzia sexuala. Hala, alargun izate hutsagatik susmagarriak ziren”.

Nausiak Nafarroako egoera aztertu du bereziki. Han, Europa osoan baino legegintza aurrerakoiagoa zuten alargunentzat. Gozamen eskubidea eta ezkonsaria figura juridikoak aipatu ditu. “Alargunak senar ohiaren ondarearen kudeatzaile bihurtzen ziren. Ez jabe, baizik eta kudeatzaile, alargun ziren bitartean, berriro ezkontzen ez baziren”. Ondarearen kudeaketa horrek autonomia handiagoa ematen zion alargunari. Eta “oztopotzat” zuten sarri asko benetako oinordeek: dela seme-alabek edo hildakoaren anai-arrebek. “Sorginkeria salaketa askoren atzean era horretako familia barruko arazoak daude”.

Ordaindutako dotea kudeatzeko gaitasun handiagoa ere aitortzen zieten Nafarroako gorteek alargunei. Eta, halako neurriak euskal matriarkatuarekin lotu izan badira ere, Nausiak bestelako irakurketa bat egin du: “Neurriokin egin nahi zutena izan zen emakumea etxera gehiago lotu. Egia da etxean boterea eman zietela, baina hor bakarrik kokatzen zen botere hori”.

Medikuekin lehian

Eta zergatik ageri ohi dira sorginak belarrei eta ukenduei lotuta? Unibertsitateak ere garai hartan sortu ziren. Eta medikuntza herriko eta urteetako ezagutzatik maila akademikora pasatu zen. “Gizonezkoek bakarrik zuten unibertsitatera jotzeko aukera”. Horiek, mediku bilakatuta herrietara iristen zirenean, emaginekin edo sendatzaileekin egiten zuten topo. “Lehia desleiala leporatzen zieten. Gutxiago kobratzen zuten, eta herritarrek konfiantza zuten haiengan. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza zuten. Lehia hori erditik kentzeko modu bat ziren sorginkeria salaketak”.

Emagin eta sendatzaile horiek emakumeei euren gorputzen eta ugalketaren kontrola egiteko ematen zieten laguntzari ere aipamen egin dio Nausiak. “Abortuak egiten laguntzen zieten, edo, seme-alabarik izan nahi ez bazuten, belarrak ematen zizkieten. Eta hori, noski, patriarkatuaren erroen kontra doa. Beraz, elementu subertsiboak ziren”.

Bermeon bertan ere pairatu zuten era horretako jazarpena. Kabidxen jaso dituzte jazoera haiek, Sorginen ehiza: sarraskiaren memoria berreskuratzen erakusketan. Teresa Landatxuak gauetan akelarreetara eramaten zutela esan ostean, bertako agintari zibilek jazarpen gogorra abiatu zuten, eta hainbat emakume hil zituzten.