Doinuak lurretik aireratuz

Doinuak lurretik aireratuz

Uxue Gutierrez Lorenzo

San Joan gaua beti izan da sona handikoa Zornotzan, eta beti izan du musika protagonista; zehatzago, kaleko musika. Udako solstizioaren betiko eredua irauli eta gau berezia prestatzen hasi ziren Zornotzan duela hamahiru urte: “Ohitura da beti San Joan inguruan ekintza musikalak antolatzea; gainera, ekainaren 20an musikaren eguna ospatzen da. Aitzakia aproposa iruditu zitzaigun musika festibal bat antolatzea egun horietan”. Ametx erakunde antolatzaileko kultur dinamizatzaile Dabid Murillok azaldu du zein izan zen proiektuaren abiapuntua. Hausnarketa horren emaitza da Haizetara, fanfarre eta kaleko musikaren nazioarteko lehiaketa.

Udari hasiera emateko, ohikoa da herri eta auzoetan sua piztu eta haren inguruan urteko gaurik luzeenaz jai giroan gozatzea. Zornotzan, ordea, sugarrez besteko balioa du musikak. Ez edonolako formatuan, gainera. “Hemen ez dago oholtzarik: kalea da musikarien agertokia. Hortaz, ez dago ez anplifikaziorik, ez bozgorailurik ez eta argiztapen berezirik ere; jende artean jotzen dute, lurrean”. Murillok festibalaren bakantasuna azpimarratu du, Euskal Herrian bakarra den formatu bat baliatzen baitute. Horrek egiten du berezi festibala antolatzaileentzat: “Publikoa eta musikariak oso hurbil daude gisa honetako festibalean”. Urteroko egiturari eutsiz, nazioarteko bederatzi banda arituko dira kalerik kale gaur hasi eta igandera bitarte.

Lehiaketa izanik, hiru sari nagusi banatzen dituzte. Lehena, 10.000 eurokoa. Bigarrena, publikoaren saria, 4.000 euro. Eta, azkenik, 1.000 euroko ordainsaria jasotzen du jaialdiko instrumentistarik onenak.

Ideia, atzerritik

Euskal Herrian bakarra da Haizetara, baina antolatzaileek beste herrialde batzuetatik jaso zuten ideia. “Frantzian eta Alemanian oso ohikoak dira horrelako jaialdiak”. Alderik bada, baina. “Han, musikariek dirua eskatzen dute jo ondoren. Hemen ez dugu horretarako ohiturarik”. Euskal Herrian aitzindariak izateaz gain, parte hartzaileentzat eredu izan da Haizetara. “Hego Europako herrialdeetan badakigu bisitatu gaituzten bandek antzeko jaialdiak antolatu dituztela gurean egon ondoren”.

LEHIAKETA OFIZIALA

Bederatzi talde, beste horrenbeste musika estilo eta hamaika jatorritako musikariak. Izan ere, kasu batzuetan herrialde berekoak dira taldekide guztiak, baina, beste batzuetan, taldearen osaera bera nazioartekoa da. Aurten Eyo´Nle Brass Band (Benin), Jingle Django (jatorri anitzetakoa), Biflats (Herrialde Katalanak), Sopa Loca (Frantzia), 3indarrok Elektrotxaranga( Euskal Herria), Los Muchachos Brass (Espainia), Befunkbop (Espainia), Flat Cap Brass (Erresuma Batua) eta Orquesta de Ermesinde (jatorri anitzetakoa) arituko dira lehiaketan. Hirurogeitik gora izen emate izan dituzte, eta horien artean egin dute hautaketa. Irizpide nagusia aniztasuna bermatzea dela dio Murillok. “Era guztietakoak eta leku guztietakoak dira taldeak. Aukeraketa egiteko, kontuan hartzen dira halako gauzak; batez ere, estiloa”.

Beninetik heldutako taldeari arreta berezia eskaini dio kultur dinamizatzaileak. “Exotikoenak dira. Musika beltza eta jazza uztartzen dituzte, eta nahiko berezia da Afrikatik talde bat etortzea”. Gaur du txanda Eyo´Nle Brass Band taldeak, 24:00etan, Zubiondo plazatik hasita. Egitaraua osatzen duen Euskal Herriko taldea, berriz, elektrotxaranga bat da, eta jaialdiaren historian bigarrenez egongo da elektrotxaranga bat lehiakideen artean. Estreinakoz parte hartu zuen elektrotxarangak, publikoaren saria irabazi zuen. Horiez gain, Balkanetako doinuak, betiko klasikoak, pop musika, swimga, cumbia… bisitariek denetik aurkituko dute Zornotzan egunotan.

TALDE GONBIDATUAK

Estilo pluraltasuna indartu nahian beste hiru banda gonbidatu dituzte jaialdira, lehiarako egokiak ez izan arren musika aniztasuna hedatze aldera. Broken Brothers Brass Band (Euskal Herria), Lambroten Brass Band (Espainia) eta Bloco Rebelason (Espainia) taldeak dira aurtengo gonbidatuak. Lehenak funk, gospel eta jazz modernoa bateratzen ditu, eta Bloco Rebelason, berriz, batukada afro-brasildarra da. Batukadetan perkusioa da nagusi, eta haize instrumentuen jaialdia izanik, horiek protagonista dituztenak lehenesten dituzte lehiaketan.

BESTELAKO EKINTZAK

Musika diziplina artistiko nagusia den arren, beste alor batzuetako zenbait jarduera topa daitezke programan. Adibidez, Trakamatraka elkarteak kontzertu didaktikoa eta umeentzako tailerra antolatu ditu biharko, 12:00etarako, Zelaietako parkean. Musika eta birziklapena elkartzen ditu ikuskizunak. Bestalde, Swing Side Bilbao dantza konpainiak emanaldia egingo du. “Kale estiloari oso lotuta dagoen dantza mota bat izanda, ohikoa da kaleko musika jotzen duten taldeek swinga lantzea”, aipatu du Murillok. Ekintza iraunkor bat ere badago: Katxarrismos musika tresnen erakusketa ikusgai egongo da jaialdiak iraun bitartean. Egitaraua osotuz, jam session-a antolatu dute musikariei inprobisaziorako tartea eskaintzeko. Parte hartzaile guztiek izango dute era librean musika jotzeko aukera, denak batera nahastuta, bihar, 24:00etan, Harrison hotelean.