Musikari mitikoen plaza

Musikari mitikoen plaza

Aitziber Laskibar Lizarribar

Mitoak. Urrunekoak batzuk, mundu guztian ezagun egin zirenak, eta gertukoagoak besteak, etxekoagoak. Baina mitoak. Izen batzuk ikustea besterik ez dago: The Beach Boys, Suzanne Vega, Anje Duhalde… 50, 30 eta 40 urtetik gora agertokietan daramatenak, eta garai haietako musika irauli zutenak. Sondikan izango dira egunotan hiru izen erraldoi horiek, eta beste zazpi; gehienak, munduari buelta emandakoak. 11 talde batuko dira gaur eta bihar Sondikako Ola zentroan; han izango da Music Legends Fest jaialdia, hirugarrenez. Musikaren historian mugarri izan diren eta oraindik oholtzak utzi ez dituzten talde handiak Ola zentrora ekarri, eta zentroan egiten den lana ikusaraztea du helburu jaialdiak. Adimen urritasuna dutenei, haien familiei eta sektore horretan lan egiten duten gizarte eragileei aterpe eman, eta bestelako gaitasun kognitiboa dutenei lan munduan sartzeko bidea errazteko lanean dabil Ola, 1970. urtetik.

The Beach Boys Kaliforniako taldea izango da jaialdiko talderik entzutetsuena. Surf giroan murgildutako mutiko taldea zenak mende erdia baino gehiago darama oholtzaz oholtza, eta urtean 150 kontzertu baino gehiago egiten jarraitzen du. Urteotan dozenaka milioika disko saldu dituen pop taldea lehen aldiz egongo da Euskal Herrian, gaur, eta, taldekideak urteetan gora doazen arren, “hasierako espiritu fresko eta sortzailea” agindu dute.

Kaliforniatik dator Suzanne Vega ere. Duela 32 urte kaleratu zuen lehen laneko abesti batek musika zerrenden lehen tokian jarri zuen hasieratik: tratu txarrak jasaten dituen haur baten ikuspegitik idatzitako Luka abestiak mundu osoari bira eman zion, eta, 32 urteren ondoren, haren doinuak ez dira oraindik isildu. Bere belaunaldiko musikagilerik onena izendatu zuten, eta, 1980ko hamarkadan, folk musika berreskuratu eta irauli zuen.

Paul Collinsek ere lau hamarkadatik gora darama musikagintzan. 1974an hasi zuen bidea, The Nerves taldean; aitzindaria izan zen AEBetan loratzen ari zen punk-rock eta power pop mugimenduan. 1979tik, The Beat taldeko burua da, eta, 65 urte dituela, esaten du ez duela erretiroa hartzeko asmorik.

Bihar arituko direnen artean, Bruce Springsteenekin batera E Street Band taldea sortu zuen Steven Van Zandt ikusteko aukera izango da. Springsteen ospetsu egin zuten The River eta Born in the USA diskoetako abestiak sortu zituztenetako bat da, esaterako. Rock and rollean aitzindari, sortzaile eta produktore izateaz gain, aktore eta zine zuzendari ere bada. Baita historiagilea ere, irakaslea, eta aktibista. Apartheidaren kontra sutsu aritua da, eta Nazio Batuen Erakundeak birritan egin dio ohorezko aipamena bere aktibismo politikoagatik.

Ben Harper ere jarrera ekintzaileak ezaugarritzen du, soul, rock, blues, reggae eta folkari egindako ekarpenak ez ezik. Amonak kantatzen zituen abesti txerokien eragina nabari zaio, eta gaitasun berezia du pertsonala politikoarekin eta erritmo urbanoak etnikoekin nahasteko.

Watermelon Slim bluesari lotuta dago. Vietnamgo Gerran borrokatu eta zauritu zen, eta mugarria izan zuen hori; bai ikuspegi pertsonalari dagokionez, bai musikari dagokionez. Musika erdigunean jartzea erabaki, eta 1973an lehen diskoa kaleratu zuen, gerraren aurkakoa.