Marmol gorria arte bilakatuta

Marmol gorria arte bilakatuta

Ander Makazaga Conde

Badira 13.000 urte inguru Urdaibai gizakien egonleku bilakatu zela, eta gaur arte iraun duten artelanak dira horren lekuko. Adibidez, Santimamiñe koban aurkitutako animalien irudiak garai hartako biztanleen testigantza dira oraindik ere.

Gizakiaren, artearen eta naturaren arteko loturak ez du etenik izan, eta Agustin Ibarrola artistak 1983 eta 1985 bitartean Omako basoan sortutako lan abangoardista da adibide bikaina: bertako zuhaitzak margotu zituen, 47 obra eraikitzeko.

Ez dira Urdaibain gizakiek egin dituzten esku hartze artistiko bakarrak. 1960ko hamarkadan, marmol gorriaren ustiapena nagusitu zen Ereñoko Geranda mendiko harrobietan. Azken urteetan ez dira erabilgarri egon, baina harrobiak biziberritu egin dituzte Rober Garai mundakarrak eta Alberto Palomera bilbotarrak, bertan egindako eraldatze artistikoarekin. Inguruko harrobiak aztertzen aritu ziren pare bat urtez, eta Ereñoko Geranda mendiko bi harrobiek txundituta utzi zituzten. Urtarriletik lanean aritu dira, eta zapatuan zabaldu zuten; ibilbideak zein bisita gidatuak egiteko aukera eskaini dute.

Esku hartzea harrobietan

Bi artistek bazekiten: orain dela 340 milioi urte, Paleozoiko garaian, ozeano tropikal baten hondoa zen gaur egun ingurune menditsua dena, eta garai horrekin elkarrizketa zabaltzea otu zitzaien: “Ozeano hartan moluskuak eta itsas izakiak bizi ziren, eta berorri balioa eman gura izan diogu, antzinako orbainetan arte garaikideagaz lotutako esku hartze bat eginez”, azpimarratu dute bi artistek. Hala, Sinfonia Arrecifal Ereñoko Arte eta Natura Behatokia arte galeria sortu dute, bederatzi obrak aire zabalean osatutako instalazio garaikidea.

Bertan, bisitariei dagokie obrari zentzua ematea. “Gizakia obra osatzen duen pieza da”, argitu du Garaik. Mundakarra, ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa izateaz gain, naturan esku hartzeak egin zalea da.

Bestalde, Palomera margolaria da, eta arte galeria sortzeko orduan teknika patafisikoa erabili dutela azaldu du: “Patafisika salbuespena begiratzea da. Ingurune naturalak zeharkatzen dituen bidaiariaren begirada berreskuratu nahi izan dugu. Ezeri begira ez doan mendigoizalearen begirada indartu”. Le Patafisic Cabinet taldea osatu dute biek, eta ez zaizkie ezarritako konbentzioak interesatzen. Konbentzio unibertsalek “sormena hiltzen” dutela uste dute. Horregatik, begiratzeko modu berriak aldarrikatzen dituzte: “Ikuspuntuak”.

Arrakalak aldarrikatuz

Sortzaileek bi harrobitan banatu dituzte arte galeria osatzen duten bederatzi instalazioak: Gerandape Goikoa eta Geranda Erdikoa. Bisitariek zientzia eta artea uztatzen dituzten sorkuntza lanak aurkituko dituzte bi harrobietan. “Sinestesiaren lengoaia” erabiliz, gizakiaren zentzumenak pizten dituzten loturak ezartzen saiatu dira, baina modu desordenatuan: “Uki daitezkeen testurak usaintzea lortzea, koloreak entzutea edota lurrinak ikuskatzea izan dugu helburu”.

Galeria nagusira iritsi aurretik, bisitariek Domo Picto Mecanismo Arrecifal obra aurkituko dute Geranda Erdikoan: “Naturak bere mugimenduen bitartez sortutako eraikuntza bisualen inguruan hausnarketa egin beharraren ondorioz sortutako pieza da”.

Gune nagusia Gerandape Goikoa harrobian dago, eta sortzaileek Pinacoteca Triastica izendatu duten koadroz osatutako horma batek egiten dio harrera bisitariari. Marmol gorriaren pigmentazioa aprobetxatuz, artistek lanketa piktoriko bat egin dute “gurean aurkitu ezinezkoak diren kolore tropikalekin”. Aurrez aurre, hegan egiten hasi zen lehen izakia, sorgin-orratza, bihurtzeko aukera dute bertaratutakoek Alas Meganeuras instalazioan. Eta badira 340 milioi urte eraldaketa hori gertatu zela; hala, denbora neurtzeko maskorrez betetako erlojua ere — Reloj de Eones izenekoa— sortu dute.

Harrobiak gaur egun oraindik ere bizirik jarraitzen duela aldarrikatzen duen Tolva CronoTransformadora obrak bultzatzen du bisitaria galerian barrena. Instalazio mekaniko horrek harriaren lokatza xurgatu eta prozesatu egiten du, jarraian, hodien bidez, eta maskor bihurtzen: “Prozesu naturala alderantzikatu egiten du gailu honek. Ez du zikinkeriarik igortzen, ur garbia baizik, purua. Xede purifikatzailea dauka”.

Bizirik daude Geranda mendiko harrobiak, baina gaixo, arrakalaz beteta. Hala, Garai eta Palomerak harrobia sendatu nahi izan dute: “Kintsugi Reparador obrarekin, harrobia sendatu dugu, marmol gorriaren arrakalak estali beharrean nabarmenduz, urrezko maskorrekin zauriak indartuz. Praktika japoniarra da; noizbait sufrimendu bat egon dela balioesteko erabiltzen dute”.

Bada joko bisual bat ere. Harriaren lokatzetik xurgatu ostean eskuratu daitekeen maskor bat hartu, eta arrakalak nabarmentzeko erabilitako urrezko maskor jakin bat aurkitzea, 340 milioi urteko jauzi erraldoi bat egiteko.

Iraganeko soinu haiekin konektatzeko asmoz, Gabinete Sonoro. Escuchadores de Otras Eras instalazioak proposamen ugari eskaintzen ditu galerian. Soinuaren bitartez, denborak eragindako haustura tektonikoak konpontzeko instalazioak daude ikusgai bertan. “Gong de Geranda obrarekin, adibidez, kanpai garaikideak eraiki nahi izan ditugu, haizearen soinuarekin nahastuz oihartzun interesgarri bat sortzeko asmoz”. Tremolo Bombardino, Bocina del Coral, Octavas Corrugadas, Baffle Abissal edota El Arrecifono piezek osatzen dute instalazioa, marmol gorridun horma “koadro soinudunez” betez. Bozetoak margotzen joan ahala, paperean sortutako kaosa bere horretan eraman dute praktikara; “paretan egindako zirriborroak” dirudite.

Keinua artearen historiari

Iragan historiko eta naturalarekin mantendutako etengabeko elkarrizketa artistiko honetan, artearen historiari egindako keinu eder bi ere aurki daitezke: batetik, El Grito de Munch bivalvo obra, margolari espresionistaren lan famatuari egindakoa. Bestetik, maskor, molusku, fosil edota itsasoko izakien artean ageri den Botticelli italiarraren Venusen jaiotza koadroari egindakoa.

Laburbilduz, azken urteetan erabilgarri egon ez den marmol gorriko harrobia eraldatu dute Garaik eta Palomerak. Esku hartze artistiko garaikide baten bitartez, “marmol gorri honetan etenda egon den denbora balioetsi” dute.