“Arbitro lana egiteko eskatzen diogu udalari”

“Arbitro lana egiteko eskatzen diogu udalari”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Herritarren galderei telefonoz erantzunda informazioa ematen duen 010 zerbitzuko langilea da Paloma Antunez (Tours, Frantzia, 1963). Bilboko Udalaren zerbitzua da berez, baina Lanalden enpresak kudeatzen du. Azpikontrata horrek ezartzen dizkien baldintzekin eta udalaren utzikeriarekin kexu, sei greba egun egin dituzte langileek. Datozen bi astelehen eta astearteetarako ere deitua dute greba. Antunezek 29 urte daramatza lanpostu horretan.

Bilboko 010 zerbitzuetako langileak grebatan ari zarete. Zergatik?

Lan honetan denbora gehien daramagunok 30 urte daramagu eta gutxien daramatenek 11 urte. Lanean hasi ginenean telemarketing hitzarmenik ez zegoen eta gure lan baldintzak finkatu behar genituen. Hitzarmenen bidez egin izan dugu beti. Baina 2017an amaitu zitzaigun azken hitzarmena. Saiatu ginen enpresarekin berriro sinatzen akordio hori. Iaz ez ziguten kasurik egin, eta aurten grebara joatea erabaki dugu, ikusten dugulako gure lan baldintzak okertzen ari direla. Adibidez, oporrak hartzeko estaldura konkretu bat geneukan eta murriztu egin dute, inolako negoziaziorik gabe. Ez ziguten informaziorik eman, ez ziguten galdetu, eta oporrak heldu zirenean erabaki zuten beste modu batean hartu behar genituela.

Nolatan?

Momentu horretan hamar langile ginen. Horientzako geneukan estaldura bat: pertsona kopuru batek ordezkatzen gintuen oporretan. Gero, beste bi lankide hasi ziren eta beste lan baldintza batzuk jarri zizkieten. Inork ez du ulertzen zergatik, baina lan baldintza desberdinak dituzte, okerragoak. Bi urte oporrik gabe egon dira bi langile. Badakigu ilegala dela hori, baina horrela egon dira eta hori ezin du onartu administrazio batek. Langileek salatu zuten egoera, eta auzibidea hasi baino lehen akordio batera heldu ziren enpresarekin. Oporrak aitortu zizkieten eta gure zakuan sartu zituzten; hamar langileren oporrak betetzeko pertsona kopuru berak bete beharko zituzten hamabirenak. Bi langile horiek ere oporrak dituzte, normala denez. Guk ulertzen dugu enpresarentzat zaila izatea kopurua handitzea, baina eseri nahi dugu eta negoziatu; ez diogu ezeri uko egiten, baina trukean zerbait eman beharko digute…

Ez zarete eseri ere egin?

Eseri ziren behin, esan genuenean greba egingo genuela. Sumatzen genuen izango zela aurpegia garbitzeko udalari begira, eta hala izan zen: hamar minutuz eseri ziren eta esan ziguten ez zutela dirurik. Altxatu ziren eta horrekin amaitu zen. Baina udalak, azken lizitazioan, %4 igo die pliegoa eta guri soldatan igo digutena %1 inguru da. Aldea handia da. Bestetik, oporren kontua nolabait konpentsatu beharko digute, egunen bat gehiago emanda edo… Eta beste lankide bat ere eskatzen dugu. Dei kopurua pila bat igo da, eta deiak luzeagoak dira orain, kudeaketak ere egiten ditugulako: udalekuetarako, plusbaliarako eta bisita gidatuetarako txandak ere ematen ditugu. Eta pertsona kopuru bera gara.

Zenbat langile zarete egun?

Hamabi langile.

Denak emakumeak?

Bai, plantillan gaudenok bai. Ordezkoren bat badago mutila, baina plantillan gaudenak emakumeak gara guztiok.

Azkenaldian kalera ateratzen ari diren langile asko feminizatuak diren sektoreetakoak dira…

Bai, hala da. Gertatzen dena da hitzarmenak oso txarrak direla. Guri ezartzen diguten telemarketineko hitzarmena ez da hemengoa; Madrilgoa da. Madrilgo hitzarmen guztiak dira hemengoak baino okerragoak. Eta langileak emakumeak diren kasuetan, askoz txarragoak.

Zuek ematen duzuena zerbitzu publikoa da, pribatizatu egin dena azpikontrata baten bidez. Halakoetan ari direnen protestak ere areagotzen ari dira.

Bai. Bilbokoa da azpikontrata gehien duen udala. Azpikontratazio pila bat ditu, ez du ondo kudeatzen nora doan bere dirua, eta, bere dirua, azken finean, hiritarron dirua da. Segimendu bat gutxienez egin behar luke.

Jarraipen bat egin dezala da udalari eskatzen diozuna?

Bai, ea azpikontratatu duenak zer baldintza dituen, nora doan dirua… Eta, orain, arbitro lana egitea eskatu nahi diogu. Uste dugu udalak badaukala nolabaiteko ardura eta exijitu behar diola enpresari gurekin negoziazio bat egitea.

Zer moduzko erantzuna izaten ari dira grebak?

Enpresak ez digu deitu. Udal gobernua zenak, EAJk eta PSEk, ez digute erantzun. PPk, EH Bilduk eta Podemosek hartu gaituzte eta jarraipen bat egin nahi dute, eta EH Bilduk eta Podemosek esan digute prest daudela gaia plenora eramateko. Zeren 30 urte pasa ondoren, hurrengo pliegoa ateratzen denean beste enpresa bat badator, gerta daiteke gu kalean geratzea. Langileoi dagokionez, hamabi langileetatik bat bajan dago, eta gainontzekoak greban gaude, eta jarraitzeko prest. Udan etenaldia egingo dugu, baina irailan berriro egongo gara kalean.

Zer beharko litzateke grebak bertan behera uzteko?

Enpresa esertzea negoziatzera eta negoziatzea. Eta udalari eskatzen diogu kontutan hartzeko lanean daramagun denbora, hurrengo pliegoetan beste enpresa bat badator gu kalean ez geratzeko.