Peru Azpillaga Diez
Dantza, antzerkia, akrobaziak, magia… Umore Azokak mota eta estilo guztietako kaleko arte ikuskizunak bilduko ditu Leioan. Hala, asteburu osoan zehar 120 ikuskizun baino gehiago eskainiko ditu, Leioako herrigunean zehar sakabanatutako hamahiru gunetan.
Euskal Herriko kaleko arteen azoka nagusia da Leioako Umore Azoka. Atzo hasi zen, eta, igandera bitartean, hemengo eta nazioarteko 46 konpainiak hartuko dute parte. Eskainiko dituzten emanaldien artean, hemeretzi estreinaldiak izango dira.
Kaleko artea lantzen duten konpainientzat erreferentzia bilakatzeko helburuarekin sortu zen Umore Azoka, orain dela hemeretzi urte. “Euskal Herrian baziren hainbat konpainia kaleko artea lantzen ari zirenak, baina ez zegoen guztientzat erakusleiho eta topagune izan zitekeen espaziorik; horregatik, soilik kaleko arteari eskainitako egitasmoa antolatzen hasi zen Leioako Udala”, azaldu du Alberto Garcia Umore Azokako koordinatzaileak.
Pozik agertu da hogei edizio hauetan egitasmoak izandako ibilbidearekin, eta jaialdiak izandako eragina nabarmendu du: “Lehen baziren hainbat konpainia, baina, Umore Azokarekin batera, hazkunde handia egon da Euskal Herrian kaleko artea lantzen duten taldeen artean”.
Horrekin batera, Garciak adierazi du azokak oso erantzun ona jasotzen duela artisten eta ikusleen partetik. “Aurten, seiehun ikuskizun proposamenetik gora jaso ditugu, eta, horien artean, 120 hautatu behar izan ditugu”. Batzorde artistikoak egiten du hautaketa, eta bi irizpideren arabera hartzen dituzte erabakiak. Alde batetik, Umore Azokak estreinaldien aldeko apustua egin ohi du, eta ikuskizun guztiak gutxienez bi aldiz eskaintzen ditu. Bestetik, arte diziplinen arteko oreka mantentzea da batzordearen beste eginbeharretako bat. “Egun dauden teknika eta fusio guztiei lekua egiten saiatzen gara. Lehen, taldeek normalean estilo bakar bat lantzen zuten, baina, gaur egun, diziplinen arteko fusioa da nagusi: antzerkia eta dantza, magiarekin edota akrobaziekin batera, esaterako”.
46 konpainia horietatik, beraz, hogei Euskal Herriko txoko ezberdinetatik heldutako taldeak izango dira, eta beste 26, nazioarteko hainbat herrialdetakoak: Galizia, Herrialde Katalanak, Frantzia, Italia… “Azpimarragarria da oso Euskal Herriak kaleko arteen ikuspegitik bizi duen egoera, Artekalek [kaleko arteen elkarteak] duen bazkide kopurua ikusi besterik ez dago”.
Kaleko arteen berezitasunei dagokienez, Garciak bi nabarmendu ditu: “Hurbiltasun handia duten ikuskizunak eskaintzen dituzte, eta konpromisoa askoz handiagoa da: bai aktoreena, bai ikusleena”. Izan ere, Garciaren aburuz, kaleko emanaldiak “dinamikoagoak” dira, eta, aktoreak ez badu publikoarekin “konektatzen”, azken hau ez da ikuskizunaren amaiera ikustera geratuko:”Publikoarekin konektatzea funtsezkoa da; bestela, alde egiten du”.
Hortaz, soilik kaleko arteen azoka izateak duen balioaz mintzatu da Garcia, eta baieztatu du publikoak ere eskertu egiten duela: “Pasa den urtean, 37.000 ikusle izan ziren. Badira hogei urte ere daramatzatenak etortzen, txikitan haien gurasoekin hasi eta orain beraien seme-alabekin datozenak; hori ikaragarria da”.
Negoziorako aukera
Leioako kaleak artez eta umorez betetzen ditu Umore Azokak, baina taldeen promoziorako tokia ere bada, eta, horregatik, goizez, azokak batik bat negoziorako eta konpainien arteko harremanak sendotzeko aukera ematen du. “Azokak badu barrura begirako alderdi hori, konpainien alderdi profesionala bultzatzekoa”. Hala, batasun tokia dela adierazi du Garciak, sektoreari buruzko jakintzak eta hausnarketak banatzeko gunea, eta zenbait ekintza profesional burutzeko plaza.
Besteak beste, Euskadiko Antzoki Sarearen batzar orokorra egingo dute egun horietan, eta baita Artekale elkartearen IV. Topaketak ere. Horrekin batera, Umore Meetings deituriko egitasmoa ere jarriko dute martxan, negoziorako bilera azkarrak egiteko. “Garrantzitsua da konpainiek ere haien negoziorako tartea izatea, eta hori da, hain zuzen ere, estreinaldien aldeko apustua egitearen arrazoietako bat”.
Garciak zehaztu duenez, Umore Azokak mundu osoko profesionalak elkartzen ditu Leioan, eta, beraz, oso egun gutxitan hamaika emanaldi ikusteko aukera dago. “Ikuskizun horiek gerora beste toki batzuetan kontratatuko dituzte, eta estreinaldiak jende hori erakartzeko era bat dira”. Hala ere, erantsi du haien helburua “oreka” mantentzea dela, azoka jaialdi bat ere badelako; “publiko zabalak gozatzeko jaialdia”.