Informazioa eman eta batzeko gunea

Informazioa eman eta batzeko gunea

Aitziber Laskibar Lizarribar

Iazko ekainaren 28a. Mugimendu oso baten sorrerarako mugarri izan zen eguna. Lehenago ere iristen ziren Bilbora migratzaileak, euren herrietako egoera gogorretatik ihesi, Frantziarako bidean segitzeko asmoz. Eta lehenago ere baziren pertsona horiei laguntza ematen zieten herritarrak. Baina autobus bete migratzaile iritsi zen egun hartan Bilbora, Bilboko kale gorrira. Ondoko egunetan ere aldiro iritsi ziren migratzaileen autobusak. Herritar batzuk, horren berri izan, beharrezko harrerarik ez zitzaiela ematen ikusi, eta mugitzen hasi ziren; antolatzen, eta oinarrizko harrera eskaintzen: lotarako lekua, janaria, arropa… Antolaketan sakondu eta auzoz auzo igaro zen mugimenduaren hazia izan zen. Herritarrak modu autogestionatuan antolatu ziren kale gorrian geratzen zirenei aterpea eta janaria emateko. Atxuriko kantxetan, Santutxuko Karmelan, Bilbo Zaharrean, Deustuko Erriberako Bizinahin. 150 migratzaile ingururi, egunero.

“Zoramena izan zen”, aitortzen du Maite Abiega Bizkaiko Harrera Sareko kideak. Ezustean harrapatu zituzten egoerak herritarrak. Ehunka migratzaile iristen ziren. Egoera txarretan, nora joan ez zutela. Instituzioek ez zioten aurre egin egoerari. Ez zituzten beharrezko baliabideak jarri. Eta herritarrek hartu zuten beregain lan hori. Modu boluntarioan, txandak eginda, ahal zuten bezala. Guztira, 10.000 afari inguru eman zituzten eta beste horrenbeste loleku utzi.

Aurten egoera errepikatuko den susmoa dute. Zer gertatuko den ez dakitela dio Harrera Sareko kideak, baina oso litekeena dela etorkin kopuruak berriro gora egitea: “Uda garaian itsasoa bareago dagoenez eta bidaia egiteko baldintza hobeak direnez, gehiago etortzen direla badakigu. Aurreko urtean hori ikusi genuen”. Aurten, prestatuta egon nahi dute.

Hasi dira lan horretan, eta urrats bat egin dute: noraezean iristen diren migratzaileei informazioa emateko bulego bat ireki dute; InfoPoint gunea. Bilboko Luis Iruarrizaga kaleko 9. zenbakian dago, Bilborocken atzealdean, Kaia portuko langileen sindikatuaren egoitzan. Bizkaiko Harrera Sareak erabil dezan utzi du sindikatuak.

Astelehenetik ostegunera

Astean lau egunez egongo da zabalik informaziorako gunea: astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 19:00etara, eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 12:00etara. Bertaratzen diren migratzaileei beharrezko informazioa ematea da asmoa: zein baliabide dituzten azalduko diete, zein zerbitzu publikorako eskubidea duten eta zer egin behar duten horiek erabili ahal izateko, eta herritarrek modu autogestionatuan zein laguntza ematen dituzten.

Informazioa jasotzea da beste helburua: migratzaileen beraien ahotik euren egoeraren berri izatea. “Instituzioek askotan esaten dute zerbitzu bat eta beste dagoela, behar adinako laguntza ematen dutela… baina gero errealitatea beste bat izaten da”, azaldu du Abiegak. “Benetako errealitatea” ezagutu nahi dute, “egin beharreko hausnarketak egin eta hartu beharreko neurriak hartzeko”; ahalik eta eraginkorren izateko.

Boluntarioek egingo dute informazioa eman eta jasotzeko lan hori, txandaka, eta hartarako sarea antolatzen ari dira. Egoitza Bilbon egonik, hiriburukoak dira boluntario gehienak, baina gabezia nagusi bat dute gehienek: hizkuntza. Frantsesez moldatzen dira horietako batzuk, baina migratzaileekin elkar ulertzeko arazoak izaten dituzte gehienek. Hori dela eta, apustu berri bat gauzatzen saiatzen ari dira Harrera Sareko kideak: “Afrikar komunitatea inplikatu nahi dugu, hizkuntzarekin dugun arazoa dela eta oso baliagarria izango litzatekeelako gurekin egotea. Ea animatzen diren eta lan hau denon artean egiten dugun; polita litzateke”.

Sareak egin beharreko lanari dagokionez, oraindik ez dakite noraino iritsiko diren aurten. “Errealitatea ezagutu eta egoerari pultsua hartu behar diogu lehenengo”. Iazko esperientzia errepikatu eta iritsi berriei harrera egiteko prestatzen ari diren galdetuta, erantzun argirik ez du Abiegak: “Ikusiko dugu”. Lolekuak eta janaria prestatu behar ez izatea dute helburu; hori instituzioen lana dela argi dute, eta lan hori bete dezaten presio egingo dute. Baina Abiegak ez du ezer baztertzen: “Harrera egin behar badugu, ba egingo dugu aurten ere. Prest gaude. Ikusiko dugu. Baina, edozein kasutan, behar horrek esan nahiko luke instituzioek ez dituztela bere betebeharrak betetzen”.