Natalia Salazar Orbe
Hondarren artean zanpatuta, bizirik iraun guran, azaleratu egin nahi duen hiri bat. Berandu da. Lurrak eta harriek estali dituzte inguruak. Baita herritarrak ere. Ia-ia. Herritar horiek guztiak ageri dira hondakinen artean mimetizatuta. Noraezean dauden negozio gizon txikiak dira denak. Urteetan hartu dituzten erabakien albo ondorioei erreparatzen diete. Naturatik aldendu ahala, gizakiak utzi duen arrastoa irudikatzen du hiri horretako egoerak. Hain zuzen ere, Isaac Cordal artistak errealitatea islatu du fikziotik, Liderrak jarraitu izeneko lanean. Besteak beste boterearekin, burokraziarekin, politikarekin, patriarkatuarekin eta bankarekin zerikusia duen gizarte estereotipo bat irudikatu du. Artistak etengabeko gainbeheran dagoen gizartearen ikono gisa aurkeztu ditu bere lana osatzen duten eskulturak. Azkuna zentroan dago ikusgai esku hartze artistikoa, Bilbao Art Districten Arteen Astearen barruan.
Atzo abiatu zuten jaialdia. Zazpigarrena da aurtengoa, eta orain arteko luzeena. 11 egunetan, 50 esku hartze artistiko, bisita gidatu, tailer, jardunaldi, hitzaldi eta kontzertu baino gehiago izango ditu. Eta orain arteko helburu berei helduko die: hiria, herritarrak, artistak, arte galeriak, kultur eragileak, ekoizpen zentroak, museoak, unibertsitatea, sektore horretako profesionalak eta modu batean edo bestean artearen munduarekin zerikusia duten pertsona eta erakunde oro harremanetan jartzea eta denak elkarrekintzan aritzeko ingurune bihurtzea.
Artearen asteak sektore artistikoa mugiarazi nahi du. Artea urte osoan zehar sortzea, erakustea eta merkaturatzea bultzatu. Hiriko ehun artistiko eta kulturalak garatzen duen jardueraren garrantzia nabarmendu nahi du, eta harri koskorra jarri lehiakortasuna eta etorkizuneko garapena bultzatzeko. Hala azaldu dute antolatzaileek. Bilboko Udalak bultzatutako jardunaldiek Mawa Tres artista eta Andrea Estankona ikerlaria dituzte komisario.
Jaialdiaren asmoa da aukera ematea arte bisualek sortzen duten balio ekonomikoari, sozialari eta kulturalari buruz hausnartzeko. Hain zuzen, artea aurkeztu nahi dute hirian partekatutako esperientzien espazioak sortzeko eta esperimentazioa, irudimena eta ikerketa sustatzeko funtsezko aktibo gisa. Betiere, artea garapen integralerako eragilea ere badela azpimarratuta, eta kulturaren balioa irudikatzen duela.
Egitaraua gogoeta horretan oinarritu dute. Horixe du ardatz: zer garrantzitsua den balio sozial, kultural eta ekonomikoek isla izatea artearen munduan.
Jarduerek hiriko hainbat agertoki zipriztinduko dituzte. Hainbat espaziok hartuko dituzte artelanak eta adierazpenak: besteak beste, Azkuna zentroak, Arte Ederren Museoak, Zabalguneko eraikinak, Mesedeetako zubiak, Erriberako zubiak, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren zabaldegiak, Areatzako estalpeek, Abandoibarrak, Casilda Iturrizar parkeak eta Bilboko beste parke batzuek, arte galeriek, Bilbao Artek, Rekalde aretoak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak. Jarduera horien guztien lagin bat besterik ez da hurrengoa.
Zazpi esku hartze eta instalazio ikusi ahalko dira datozen egunetan. Isaac Cordalen Liderrak jarraitu da horietako bat. Miriam Isasik, berriz, Doppler Eco Tac eramango du Arte Ederren Museora. Bertan, bederatzi musikarik partitura bitxi bat interpretatuko dute, zuzenean. Burmuineko erresonantzia magnetiko batek eta ikusmena aldi baterako galtzearen esperientzia sentsorialak igortzen dituzten soinuen bitartez sortutako partitura bat da. Beraz, ikus-entzuleek artea, ikerketa eta esperimentazioa uztartzen dituen lan bat aurkituko dute.
Bestalde, ezohiko musika tresnak ezagutu eta jotzeko aukera eskainiko du Lutiteka kontzertuak. Jonathan Garcia Lana Tunipanea artistak bederatzi urtetan sortutako ehun musika tresna baino gehiago eramango dituzte Zabalguneko eraikinera. Ostegunean, musika esperimentala lantzen duten hainbat artistak hartuko dituzte tresnok, eta sormena askatuko dute.
Margotutako soinuak jarduerak soinuen eta formen arteko harremana izango du aztergai. Esperimentu bat da: Bouba eta Kiki izenak irudi bateko formekin lotzeko eskatuko diete pertsona batzuei. Orain arte egindako saioetan, pertsona gehienek, %95ek, ertz asko dituen forma bat lotu dute Kiki-rekin. Eta forma biribilduak, berriz, Bouba-rentzat aukeratu dituzte. Esperimentu horren bidez, Aitor Renteriak, Irene Madrazok eta Euskal Akuarelarien Elkarteak ondorioztatu dute soinuek eta formek harremana dutela gizakien buruan.
Sormena, ikerketa, trebakuntza; denak uztartuta. Orainari ez ezik, geroari begira ere jarriko dira etorkizuneko artista eta sortzaileak. Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako hainbat esku hartze artistiko ikusgai egongo dira hiriko hainbat espaziotan. Arte esperimentazioa, hausnarketa eta bat-batekotasuna protagonista izango dira beste hainbat jardueratan.
Bilbao Art Districtek aurreikusitako bisitek aukera emango dute hiriko eremuei beste ikuspegi batetik erreparatzeko: Solasparkea eta Herritar Ekologikoak antolatu dituzte. Lehenengoak Casilda Iturrizar parkea izango du agertoki. Bi ibilbide antzeztu egingo dituzte Raquel Meyers eta Saioa Olmok. Parkeko elementuekin hitz egingo dute, modu alternatiboan.
Herritar Ekologikoak ibilbidean, berriz, Alvaro Arocak eta Miriam Martinezek Bilboko parkeetan dauden arren bertakoak ez diren zuhaitz espezieak izango dituzte aztergai. Espezieok identifikatuko dituzte, eta nortasun agiria egingo diete. Bisitariek haiei buruzko informazio osatua jasoko dute; besteak beste, jatorriari eta familiei buruzkoa. Ingurunearekin harremanetan jartzeko beste modu bat proposatzen du ibilbideak; ingurune horri eskubideak aitortzea du helburu jarduera sinple baina transzendental eta kontzeptualak.
Bestalde, bisitariak arte galerietara joatea sustatzeko eguna antolatu dute hilaren 11n. Bisita gidatuak egingo dituzte La Taller, Martzana, SC Gallery, Aldama Fabre Gallery, Juan Manuel Lumbreras, Vanguardia, MH Art eta Aire galeria eta espazioetara.
Azkenik, musika tresna esperimental bat eraikitzeko tailerra antolatu dute Tunipanea artistarekin batera. Sokazko eta musika elektronikoko hibrido bat osatuko dute. Parte hartzaile bakoitzak pieza bat muntatuko du, eta tresna, osatuta, Lutiteka plataforman sartuko da, ehundik gora musika tresna ezohiko biltzen dituen plataforman, alegia.
Datozen egunetarako antolatu dituzten jardunaldiek eta hitzaldiek hausnarketa izango dute ardatz. Komisarioen eta artisten arteko topaketak egingo dituzte, esaterako, Bilbao Arten. Ateak itxita egingo dituzte, hautatutako zenbait komisario eta artistarekin. Horrez gain, jardunaldi bat ere prestatu dute, edonorentzako zabalik egongo dena. Han, praktika artistikoek sortzen dituzten balioak aztertuko dituzte, komisarioen praktikaren ikuspegitik.
Bestalde, gaur, Blanca Ortigak Zentrora mugitzea. Eragiketa artistikoak ikuspegi feminista batetik jardunaldia egingo du. Topaketa diskurtsibo horretan, artista aitzindari eta esperimental batzuek duela 60 urtetik gaur egunera arte egin dituzten eragiketa artistikoetara hurbilduko dira.
Artea lanbidea den planteatzen duen galderak ere gogoeta sakona eskatuko du. Horri erantzuten saiatuko dira hainbat unibertsitatetako ordezkari eta artista batzuk.
Bilbao Art Districten Arteen Astearen laugarren hanka arte espazioetan antolatutako solasaldiek, tailerrek eta kontzertuek osatzen dute. Luca Gerardo-Giordak gidatutako saioak harmonia, mugimenduak eta matematika uztartuko ditu. Basque Center for Applied Mathematics zentroko kidea da hura.
Arte erakusketetarako bisita gidatuak dira beste aukeretako bat. Usoa Zumeta artistarekin, Juan Manuel Lumbreras galeria bisitatu ahalko da. Bestalde, Jose Mari Arenazak erakusketa bat aurkeztuko du El Pation.
Guztiz bestelako jarduera bat antolatu dute gaurko: grafitiak margotzeko erakustaldi bat egingo dute zuzenean, Amaste espazioan. Areatzako estalpeetan ere antzeko ekitaldi bat antolatu dute hilaren 11rako: grafitiak margotuko dituzte zuzenean. Horrez gain, Fat Combo eta Caostica kolektibo artistikoek Hiriko arte primitibista aurkeztuko dute instalazio batean. Hori guztia, VJ Anisakis artistaren zuzeneko musikaz lagunduta.