Ahozko irakaspenei adi

Ahozko irakaspenei adi

Natalia Salazar Orbe

Txurrut bat, txurrut bi, konturatzeke, zilipurdi”. Bada hitzez azaltzerik esaera zahar horren esanahia. Eta bertsotan? Zer-nola jaso esaera horren muina, eta bertsotara eraman? Are erronka korapilatsuagoa izango dute bihar Sopelan, Esaera Zaharren Txapelketan: bertso bat entzun, ondo ulertu, interpretatu, eta zer esaera zahar dagokion ebatzi beharko dute AEK-k antolatutako lehiaketan parte hartzen dutenek.

Antolatzaileek ehun esaera zaharrez osatutako zerrenda bat banatu dute lehiakide guztien artean. Zehatzago esateko, 99 dira esaera zaharrak, ehun horien artean infiltratu bat sartu baitute. Hala azaldu du Aitor Fernandez de Martikorena Rodriguez AEK-ko kideak. “Halako batean, bururatu zitzaigun jolasaren barruan beste jolas bat sartzea. Esaera horietako bat guk asmatzen dugu. Txapelketa bukatuta, saritxo bat izango da esaera berria zein den asmatzen duen taldearentzat ere”.

Jolas moduan sortu zen lehiaketak helburu jakin batzuk ere finkatu ditu urteekin. Besteak beste, esaera zaharrak aldarrikatzea. “Izan ere, gaur egun, erabiltzekotan, gaztelerazkoak erabiltzen ditugu. Erakutsi nahi dugu euskaraz ere badaudela asko, eta oso politak”.

Sopelan egun batez euskara lau haizeetara entzuteko aukera ere ematen du lehiaketak. “Hori ere ez da eguneroko kontua. Euskara entzuten da herrian, eta kalez kale ibiltzen gara musikarekin. Euskarak presentzia hartzen du”.

Goizean eta arratsaldean egiten dituzte saioak. Lehenengorako bertsoak ALBE Algortako Bertso Eskolako kideek prestatuko dituzte. Idatzita eramaten dituzte, tabernaz taberna lehian aritzen diren taldeei abesteko.

Bertso bakoitzaren atzean dagoen esaera asmatzen duenak bi puntu eskuratzen ditu. Asmatu ezean, errebotea pasatzen zaio beste talde bati. Azken horrek asmatzen badu, puntu bat lortzen du. Goizeko lehen fase horretan puntu gehien eskuratzen dituztenak pasatuko dira arratsaldeko finalera. Fase horretan, bertsolarien saioak izaten dira, zuzenean. Aurten, Arrate Illarok eta Beñat Gaztelumendik egingo dituzte esaera zaharren definizio musikatuak.

Gehienak, bertakoak

Lehiaketara aurkezten diren talde gehienak Uribe Kostako kuadrillak edo lagun taldeak izan ohi dira; 30 eta 35 urte artekoak. “Inoiz, baina guk nahi genukeen baino gutxiago, euskaltegietako ikasleak etortzen dira, irakasleekin batera”. Eskualdetik kanpoko taldeak ere izan dituzte noizbait: “Gipuzkoatik, Bilbotik, Ezkerraldetik, Aiaraldetik eta baita Nafarroatik ere”.

Bertso bakoitzaren atzean dagoen esaera zaharra asmatzea ez da izaten lan erraza lehenengoz lehiaketara aurkezten diren taldeentzat. “Kostatu egiten zaie. Lehenengo, bertsoa interpretatu behar dute, eta, gero, esaera zaharra atera. Gainera, hitzez hitz esan behar dute, zerrendan begiratzeko aukerarik gabe”. Errepikatzen dutenentzat errazagoa da erronka. “Dinamika ezagututa, errazagoa egiten zaie. Ohitu egiten dira. Kanpotik zaila ematen du, baina nahiko maila ona egoten da”.

Bertsolarientzat ere ariketa berezia da. “Oso bitxia eta ezohikoa dela esaten dute. Baina baita gustagarria ere. Zer-nola helarazi esaera zahar baten muina bertso batean! Zaila da, baina gustatzen zaie”.

Parte hartzaile kopuruari dagokionez, antolatzaileek azaldu dute aldakorra dela. Gutxien izan duten urteetan, hamar talde elkartu dira. Orain arteko marka 36 taldetan dute. Aurten dozena baten inguruan ibiliko direla aurreikusi dute.

Sopelako Esaera Zaharren Txapelketak ibilbide luzea egin du: 26.a dute biharkoa. 1992an eman zioten hasiera proiektuari, “kasualitatez”. Algortako euskaltegiko irakasle bat eta Sopelako euskaltegiko beste bat bertsozaleak ziren, eta ikasleen artean lehiaketa hori martxan jartzea erabaki zuten. “Eurek bertso bat prestatu, eta ikasleek asmatu egin behar zuten zein esaera zegoen haren atzean”. Handik hiru urtera, Sopelako AEK-k erabaki zuen txapelketa harekin jarraitzea, baina lehiakide gehiagori zabalduta. “Horrela sortu zen, eta aurten 26.era heldu gara”.