Gernika eta beste su batzuk

Igor Elordui Etxebarria

Behin eta berriro gogoratu behar dugu, urtero behin, gutxien-gutxienik; horixe, behintzat, zor diegu ordukoei; horixe, behintzat, badagokigu ondorengooi: gaurko egunez, 1937an, duela 82 urte, Alemania naziaren Kondor Legioko hegazkinek, Italiako abiazio faxistaren hegazkin italiarrek lagunduta, Gernika bonbardatu eta suntsitu zuten; eta hala egin zuten, egin ere, Francoren aginduz. Aurretik, eta gero ere bai , egin zituzten herri xehearen kontrako bonbardaketa masiboak: Durangon, Elorrion, Otxandion… Baina Gernika euskal askatasunaren eta autogobernuaren ikurra zen. Bonbak jaurti zituzten astelehen batez, alegia, azoka egun batez; eta bonbak bota ostean ihesi zihoazenak metrailatu zituzten airekoetatik. Bi mila pertsona inguru hil zituzten eta Gernika erabat birrindu. Zibilen aurka ordura arte inoiz egindako aire-erasorik handiena. Eskerrak George Steer kazetaria han zela, hari esker munduak jakin baitzuen Gernikan jazotako basakeria, eta, hartara, Picassok, hunkituta, Guernica margotuko zuen.

Baina historia gogoratzeaz gain, azaletik bada ere, zilegi da akordatzea Alemaniako Gobernuak bere garaian aitortu zuela egindako ankerkeria, eta baita barkamena eskatu ere eragindako sarraskiagatik. Eta, ostera, Espainiako Gobernuak sekula ez duela orduan Frankistek zabaldutako bertsioa gezurtatu, ez, jakina, ezelango barkamenik eskatu. Zeren eta, zilegi bezain egokia da ahotara ekartzea, frankistek Agirre Lehendakariak gezurra zioela erantzun zutela, Gernika ez zutela bonbardatu eta Gernikako sua gorriek eragin zutela zabaldu zutela. Eta gaur arte. Zilegia, egokia eta aipagarria da, beraz, oroitaraztea, Espainiako Gobernurako hauteskunde orokorren atarian, ez dutela inolako barkamenik, damurik edota aitortzarik eskatu, azaldu edota egin, ez PSOE agintean dela, ez PP agintean dela, ez Juan Carlos I errege dela, ez Felipe VI errege dela.

Kontrara. Ez dut fribolizatu gura, baina, azkenean, Gernikakoa eta 80 urte geroago, lehengo lepotik burua neofrankistek. Altsasun, Errenterian… beraiek sortzen dituzten suak beste inork sortuak direla esaten segitzen dute. Hauteskundeetan, eta bestela ere, darabilten mezu nazionalista espainiarzalea elikatzeko lagungarri zaielako, noski. Eta, George Steer baten faltan, Madrilgo sasi-kazetariz baliatzen dira haien gezurrak airatzeko, haien biktimismoa eta balentriak hauspotzeko, eta Euskal Herrian eragiten duten mina eta sortzen duten herra ezkutatzeko. Gauza jakina da hori. Txarrena zer den? Gaurkoa bezalako egun batean, eta zilegi, egoki eta aipagarria izateaz gain, hauteskundeen ingurumarian, aproposa izanagatik ere, euskal herritarron zenbait ordezkari instituzional eta politikoen isiltasuna Francoren oinordeko instituzional zein ideologikoen aurrean.