Peru Azpillaga Diez
Bizkaiko kostaldean hazitako lehenengo muskuiluak uztailean iritsiko dira Euskal Herriko plaza eta merkatuetara. Neguari arazorik gabe aurre egin ostean, salmentarako prest daude Matxitxako Moluskoak enpresa publiko-pribatuaren itsaskiak.
Mendexako itsas poligonoa Lekeitio eta Ondarroa artean dago; han hazitako muskuiluak Galiziatik ekartzen direnak baino txikiagoak dira, eta oskolaren kolorea argiagoa dute. Zaporea, berriz, bizia da, itsas zabalean hazitako itsaskiek izan ohi dutena bezalakoa. Aurreikusitakoaren arabera, uztailetik abendura ehun tona muskuilu inguru komertzializatuko ditu enpresak; hau da, hilean hamabost eta hogei tona bitartean.
Eusko Jaurlaritzak sortu zuen Mendexako itsas poligonoa, 2017. urtearen amaieran, 2014-2020 Akuikulturarako Plan Estrategikoaren barruan. Itsas hazkuntzarako 556 hektareako zona bat identifikatu eta gero, Eusko Jaurlaritzak 290 hektarea balizatu zituen. Baimen eta tramite guztiak igarota, muskuiluak ekoizten hasi zen Matxitxako Moluskoak enpresa, joan den urteko udan, Angulas Aguinaga, Rinamar eta beste konpainia batzuei aurrea hartu ostean.
Batik bat, arrantzaren sektoreko hainbat agentek osatzen dute Matxitxako Moluskoak enpresa: Arrankobak, Itsaskordak, Lekeitio eta Ondarroako arrantza kofradiek eta Gipuzkoako kofradien federazioak, baina baita Azti zentro teknologikoak ere. Bestalde, Jaurlaritzak aurreikusten duenaren arabera, poligonoa handitu egingo da datozen urteetan, enpresa gehiago bertaratu daitezen.
Muskuiluak merkatura iristeko aste gutxi falta direla, Matxitxako enpresakoak pozik agertu dira martxan jarritako proiektuak utzitako emaitzekin. Izan ere, azpiegiturak ez du kalterik izan neguan, eta jakinarazi dute marea gogorrak izan diren egunetan ere ez dutela izan galerarik.
‘Long line’ soka sistema
Mendexako muskuiluak long line deituriko sistema baten bidez hazi dituzte. Aztik garatu du, itsas zabalean itsaskiak hazteko. Horretarako, sokak murgildu dituzte itsasoan, 40 metroko sakoneran. Hogei hilabetez, Mediterraneoko muskuiluak —Mytilus galloprovincialis— soka horietan handituko dira. Hala, Aztik garatutako sistemak ez dio kalterik egiten ingurumenari.
Gainera, produkzio baldintzei esker, muskuiluak bizirik har daitezke; hortaz, ez dute araztegi batetik igaro behar —beste kasu batzuetan bezala—. Horregatik, Matxitxako Moluskoak ziurtagiri ekologiko bat lortzeko tramiteak egiten ari da. Halaber, oraingoz hamabi soka jarri dituzte, baina etorkizunean berrogei inguru izatea da enpresaren asmoa.