Txikitasunean handiak

Txikitasunean handiak

Oihana Cabello Elorriaga

Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxeko jantokian Busturialdeko produktuak kontsumitzeko aukerak batu zituen bost nekazari, orain lau urte. Diseinu berezituak eta bakarrak egiteko nahiak bultzatuta hasi zen Nora Cucurull bermeotarra txapel pertsonalizatuak egiten, eta artisau garagardoa ekoizteko abagunea zelakoan sortu zuten Boga kooperatiba, Mungian.

Busturialdeko nekazariak batzen ditu JanTokikoa elkarteak; Bermeoko sortzaile baten diseinuetatik abiatuta, Bizkaiko beste sortzaile batzuen produktu esklusiboak saltzen ditu Uhaina markako dendak; eta garagardogile bilakatu den garagardozale talde batek sortu du Boga kooperatiba.

Bogako marketing eta salmenten arduraduna da Urtzi Ugalde, eta kooperatibako sortzailea ere bada. “Mundu mailan eta Europan artisau garagardoaren merkatua suspertze fasean zegoela ikusten genuen, eta horren eragina heldu zitaigun, batez ere Katalunia aldetik. Orduan ikusi genuen aukera Euskal Herrian ere guk gure aletxoa jartzeko. Garagardo marka propio bat merkaturatzeko”, azaldu du.

Lagun artean garagardoa egiten zuen taldetxo bat zenak bere baliabideak landu eta lanpostuak sortzeko aukera ikusi zuen. Hala, 2014ko apirilean sortu zuten Boga, eta bost urte bete berri ditu. Urteurrena ospatzeko, jaialdia egin zuten apirilaren 5ean, kooperatiban bertan, eta aurrerantzean inguruan haren marka ezagutzera emateko baliatuko duten taprooma inauguratu zuten. “Jendea erakartzeko baliabidea da, gu ezagut gaitzaten. Taberna eta denda txiki bat da, fabrika barruan, eta ostiraletan irekiko dugu, kultura zein gastronomia ekitaldiak antolatzearekin batera. Marka ikuspegitik, garagardoaren kultura zabaltzeko modu bat da, eta bisita gidatuak ere egingo ditugu”, azaldu du Ugaldek.

Bost urteko ibilbidean, Bogak izan duen eboluzioarekin pozik daude kooperatibako kideak. Produktuak garapena izan du, lan orduak eta soldatak duintzen joan dira, eta lantaldea handitu eta egonkortu dute.

Lurrak ematen dituen elikagaiak dira, halaber, JanTokikoa elkartearen lehengaia. Baserritarrak dira, eta, haiei esker, Gernikako Allende Salazar herri ikastetxeko ikasleek tokiko eta sasoiko produktu naturalak jaten dituzte gaur egun. Gurasoen ekimenez, proiektu pilotua ezarri zuen Hezkuntza Sailak ikastetxe horretan, eta lau urtean ekinbidea egonkortuz joan da.

JanTokikoa elkarteko koordinatzailea da Amets Elgezabal baserritarra, eta proiektuan bidelagun du Unai Kintana, duela gutxi arte proiektuaren koordinatzaile izan dena. Antolatuz gero, umeak tokiko produktuekin elikatzeko aukera badagoela diote biek, eta orain arte mantentzeko gakoa planifikazioa izan dela. Zer hobetu behar den ere argi dute: “Harremanak sortu behar ditugu beste ekoizle batzuekin, lehenengo sektorean dabiltzanekin. Hori izango da proiektuak aurrera egiteko gakoa, eta etorkizuna bertoko ekoizleei irtenbidea ematetik bermatuko da. Bertoko lekuetan bertoko produktuei irtenbidea ematetik, hain zuzen: ikastetxeetatik hasi, eta zaharren egoitzetan, tabernetan, jatetxeetan…”. Ekoizleen arazoa da askotan ez dakitela nora joan saltzera. “Plaza daukagu astelehenetan Gernikan, baina bertan salmenta ez dago bermatuta”.

Saretuta

Alde horretatik, JanTokikoa eta eskola jantokiak ekoizten dituzten produktuak saltzeko sekulako aukera dela diote. “Kantitate handiak eskatzen dizkigute eta salmenta bermatuta dugu”. Beraz, balorazio ona egin dute nekazariek: “Kalitatezko produktuak ekoizten ditugu, gainera”.

Taldea handitzeko gogotsu daudela diote. Nekazaritza arloan, Busturialdea erreferentea izan dela diote, eta lurra landu nahi dutenei bultzada eta erraztasunak ematea ezinbestekotzat jo dute Kintanak eta Elgezabalek. Produktuari bere osotasunean begiratuta, gainera, tokiko ekonomiari laguntzen diote: okindegiak, arrandegiak… denak sar daitezke sarean, eta etorkizuna bermatu. Busturialdean falta dena kanpotik ekartzen dute, baina, betiere, kooperatiba ekologikoekin lankidetzan.

Beste arlo eta maila batean, baina sarea sortu du Uhaina marka gidatzen duen Nora Cucurull bermeotarrak ere. Txapelak diseinatzen hasi zen, eta marka propioa sortu du. Bermeoko alde zaharrean du tailerra, eta denda ireki du. Bere txokoan, beste sortzaile batzuen produktuak ere salgai ditu; denak emakumezkoak. “Nire nahia da errepikatu ezin diren diseinuak sortzea, bereziak, nire markarekin”.

Txapelez gain, mihiseak, kotoi organikoarekin egindako kamisetak, jantziak, jertseak, poltsak edota diru-zorroak sortzen ditu: “Pertsonaliza daitekeen edozer gauza”. Eskuz egiten ditu, eta horregatik dira bereziak, bakarrak direlako. “Esklusibotasuna eman nahi diot bezeroari”.

Jaso eta eman

Ekintzailea izatea ez da erraza, baina beraien kabuz aurrera egiteko gaitasuna badutela erakutsi dute Bogak, JanTokikoak eta Uhainak. Cucurullek dioenez, “sormenak ez dauka adinik. Ez da erraza, baina gustukoa baduzu esfortzua ez da horren handia ere”. Inori begira egon gabe, pausoa ematera ausartu behar dela diote ekintzaileek. Norberaren betetasuna asko da, baina tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena ere nabarmendu dute ekoizleek. “Enpresa txikiak gara, aurrekontu txikiarekin eta hastapenetan gaude. Baina herriari gure ekarpena egiten diogu”.

Boga kooperatibako Urtzi Ugaldek ere bost urteotan beraien produktuak jalgi dituen datuak aipatu ditu. “Iaz, 80.000 litro garagardo salduta itxi genuen urtea. Enplegu zuzenen eta ez-zuzenen artean, horrek esan nahi du hamabost bat lanpostu sortu ditugula. Gure eraginez, hamabost pertsona enplegatu ditugu. Aztik egin zigun inpaktu ekonomiko eta sozialari buruzko txosten bat, eta horretan jaso ditugu datuak. Oso positiboa da guretzat. 160.000 euroko ekarpena egin diogu Ogasunari, eta gure ekoizpenak 220.000 euroko balio erantsia eragin zion Euskal Autonomia Erkidegoari. Beraz, alde horretatik oso pozik gaude. Orain, horri eustea tokatzen da”.

Ingurukoa eta ingurumena zaintzen

Moda jasangarria da Nora Cucurull diseinatzaile bermeotarrak bultzatzen duena. Hori da bere produktuak egitean darabilen filosofia. Horretarako, bere diseinuetan kotoi organikoarekin egindako arropak erabiltzen ditu: kamisetak, zorroak edota jantziak egiten ditu, besteak beste.

Esklusibotasuna ere badu helburu sortzeko orduan. Eta diseinu pertsonalizatuak ere egiten ditu. Jendeak badaki esklusibotasuna eta ingurumenarekiko errespetua balio erantsiak direla, eta, hein batean, horren bila dabiltzala uste du Cucurullek. Hala ere, bermeotarrak dio askok ez dutela ulertzen: “Kontsumitzeko eta erosteko ohiturak aldatzea da asmoa. Alegia, denek produktu bera ez erostea, baina, batez ere, behar ez duzun gauzarik ez erostea, eta, erosten duzun heinean, ekologikoa izan dadila, ez kutsakorra”.

Iraunkortasuna da, baita, Bogaren balioetako bat. Elkartegintzatik zetozen kooperatibaren sortzaileak, burujabetza eta elikadura sozialarekiko sentsibilitate handi batekin. Gastronomiak eta kalitateak jasangarritasunari lotuta joan behar dutela uste dute garagardogileek. “Balio horiei lotuta ikusi genuen gure produktua, hor izan zezakeela lekua. Horregatik Boga izena, euskal gastronomia, kultura eta kirolarekin lotutako hitz sinple eta laburra”. Arraun egitea, taldean egitea, kooperatibaren metafora ere badela diote.

Horrez gain, tokiko ekonomiarekiko ardura ere badu Boga markak. Hemengo lehengaiak erabiltzearen alde egiten dute. “Ez da propioki guk egiten dugun gauza bat, baina elikadura burujabetzan nahiko zentratuta daukagu geure burua, eta, elkarlan orokorrago bat aipatzearren, euskal garagardogileen elkarteko kide ere bagara”, aipatu du Ugaldek.

Elkartegintzan ere ari da Jan-Tokikoa, eta tokiko elikagaien kontsumo arduratsua bultzatzen du. Tokian tokiko eta sasoian sasoiko produktuen alde egiteko eskatu du elkarteak.