Aitziber Laskibar Lizarribar
Euskal kulturaren jaia”. Hala esaten dio Bilboko Udalak Basque Fest jaialdiari, euskal folklorearen erakusleiho izan nahi duen ekitaldi sorta erraldoiari. Asteazkenean hasiko da urteko apusturik indartsuenen zerrendan kokatua duen jaialdia; Aste Santuko egunetan Bizkaiko hiriburura turistak erakartzeko helburuz jaio zena, eta bertokoentzat ere gogoan izateko ekitaldi bilduma bihurtu dena. Programazioak azaltzen du zergatia: doako 300 ekitalditik gora pilatuko dira Bilbon bost egunetan.
Zazpigarren aldia izango da aurtengoa, eta egonkortuta dago dagoeneko. Urtetik urtera ekintza eta gune gehiago batu ditu, eta ikusle gehiago ere bai. Iaz, marka guztiak hautsita, 100.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Musika, antzerkia, dantza, gastronomia eta herri kirolak dira amu nagusiak, eta alor berri bat gehitu zaio aurtengoan: zinema. Bi gune berri ere izango dira: Zabalguneko eraikina eta Arriaga plaza.
Asteazkenean ekingo zaio programazioari, Azkuna zentroan egingo den ekitaldi berezi batekin. Antolatzaileek Lapurdiko Itsasu herriko Errobi jaialdia aukeratu dute aurtengo talde gonbidatu gisa, eta hori izango da abiapuntua. 19:30ean izango da hasierako ekitaldi hori, eta jarraian, kontzertua emango dute Kalakanek eta Khamirek. Txalapartaren, albokaren eta txirularen soinuak perkusio instrumentuekin lotuko dituzte, eta munduko beste herri batzuetako tresnekin zein musika elektronikoaren zertzeladekin.
Leku handia hartuko du musikak bost egun horietan; euskal talde entzutetsuak izango dira, eta apalagoak ere bai. Kalakan-ek, esaterako, itzal handia lortu duten artista multzoa bilduko duen ikuskizuna egingo du apirilaren 20an, larunbatarekin. Oreka TX taldearen txalaparta doinuak eta Okzitaniako San Salvador bandaren polifonia uztartuko ditu, kultura desberdinen elkargune gisa. 22:00etan izango da, Azkuna zentroan.
Musikari ezagun gehiago ere izango dira: Izaro kantautorea Plaza Barrian arituko da, doan, ostegun iluntzean. 2020ra arte Euskal Herrian egingo duen azken kontzertua izango dela iragarri dute. Emakumeei euren lekua eman nahian, Nora Izagirre, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador entzun ahalko dira Bilborocken.
Emanaldi esklusiborik ere izango da. Korrontzi taldeak, adibidez, dantzaren eta musikaren arteko fusioan oinarritutako ikuskizun bakana eskainiko du. Bizkaiko hamabi dantza eta musika talderekin batera, Bilbora bi-lora dantzan emankizuna prestatu du; dozenaka eta dozenaka artista igaroko dira agertokitik, udaberriaren soinu eta mugimenduak birsortzeko ahaleginean.
Kafe Antzokian ere egunero egongo dira kontzertuak, 22:00etan hasita. Basque Fest Rock City izango da. Euskal taldeak arituko dira, eta Eskoziako Teenage Fanclub taldea ere bai, gonbidatu gisa.
Gastronomia indargune
Gastronomia da beste indargune nagusietakoa Basque Festen, hasieratik. Txoko Gourmet du kokagune: Areatzan jarriko duten eta 1.500 metro karratu dituen karpa erraldoia. Dastatzeak, sukaldaritza tailerrak eta informazio turistikoa bilduko dira han. Doako dastatzeetarako 2.000 leku baino gehiago egongo dira denera. Hori bai, arrakasta handia izaten dute dasta horiek, eta aurrez izena eman beharra dago. Euskal Herri osotik iritsitako produktuak eskainiko dituzte dastatzeko; besteak beste, gazta, txakolina, sagardoa, txerrikiak, eztia, ogia, garagardoa, piperrak, txokolatea, bermuta eta ardoa. 45 minutuko tailerretan, zukuak, krepeak, taloa eta ogia egiteko aukera izango da, besteak beste.
Euskarari dagokionez, nola agurtu edo tabernetan nola eskatu erakutsiko duten ikastaro laburrak egingo dituzte Areatzan; batez ere turistei begirakoak. Bilborocken, berriz, bertsolaritza tailerrak izango dira.
Herri kirolen kokagune nagusia Areatza izango da. Harri jasotzaileen erakustaldiak izango dira, pelotarienak, harri-zulatzaileenak, aizkolarienak… Egunero izango da zer ikusi, eta zer frogatu ere bai. Herri kirolen tailerrak ere egingo dituzte.
Bestalde, Bilboren historia antzerki bidez azalduko dute Zazpikaleetan egunero egingo diren ibilaldietan. Itsasadarrean ere izango dira ibilaldi antzeztuak, eta step gaineko bisita gidatuak.
Amaierarako ekitaldi gisara, akelarre bat prestatu dute. Arriagan izango da azken larunbatean, 21:00etan hasita. Sua protagonista dela, euskal mitologiaren erroetara jauzi eginda agurtuko dute aurtengo jaialdia.