Natalia Salazar Orbe
Bronx eta Brooklyneko kaleetan (New York, AEB) kirol eta dantza erakustaldi gisa sortu zen breakdancea. 1970eko hamarkada zen. Afro-amerikar gazteek artez bete zituzten kaleak, kirola eta dantza uztartzen dituen diziplina landuta. Ezinezkoak ziruditen birak, lurra ia ukitu ere ez zutela egiten ziruditen gorputzen mugimendu azkarrez eta erritmoz beteak. Hurrengo hamarkadara arte ez zuen lortu arrakastarik, ordea. Apurka, mundura hedatuz joan da. Eta Euskal Herrira ere iritsi zen aspaldi; tartean, baita Bizkaira ere.
Belaunaldi berrietako gazte askok estilo horri heldu diote. Kultura urbanoak indarra hartuz doaz. Lagun taldeek kalean erakustaldiak egiteaz gain, hainbat akademia ere sortu dira. Olatu horrek bultzatuta, Break On Stage sortu zuten Arriola eta Logela elkarteek. XX. jaialdia egingo dute aurten. Bilbo Arena aretoa dute zentro nagusi, eta bihar arratsaldean hasiko dira ekitaldiak.
Adin guztietako ikus-entzuleentzako hogei ikuskizun eskainiko ditu Kultura Urbano Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak, musika, dantza eta kirola uztartuta. Ikusmin handiena The Ruggeds taldeak sortuko du. Herbehereetatik iritsiko dira, eta iaz munduko breakdance ikuskizun onenaren saria jaso zuten. Hala azaldu du Ander Garaizabalek, antolatzaileetako batek. “Gailurrean dabiltza. Sekulako maila dute”.
Nazioarteko breakdance lehiaketan ariko dira, Frantziako The Inmigrandz taldearekin batera. “Azken horiek Frantziako Breakdance Txapelketa irabazi dute duela hilabete”. Hiru minutuko koreografia bana eskainiko dute biek. Bukaeran egingo dute elkarren arteko lehiaketa. “Erakustaldi moduan planteatu dugu”.
Feel The Sound Bilboko talde gaztea ere sail horretan ariko da, gonbidatu gisa. “Gazteak izan arren, ibilbide luzea dute. Eta maila ona”.
Lau ardatzetan bereizi dute aurten jaialdia: dantza urbanoen lehiaketa; nazioarteko breakdance lehiaketa —horretan ariko dira The Ruggeds, The Inmigrandz eta Feel The Sound—; kirol urbanoen ikuskizunak; eta kontzertuak.
Euskal Herriko dantza talderik onenak ariko dira dantza urbanoen lehiaketan. Jaialdiaren aurretik egin dituzten hiru sailkapen lehiaketetan ehun dantza taldek hartu dute parte. Horietatik sei sailkatu dira. Sailkatutako horiek ikusi ahalko dira biharko saioan. “Aurreko urteekin alderatuta, gora egin du parte hartzaileen kopuruak, baita haien mailak ere. Epaimahaiak gero eta zailago du aukeraketa egitea. Oso giro ona sortu da, gainera”.
Gazteen kategorian, Bizkaiko hiru talde lehiatuko dira: Fidias We Are, Slippery eta B-Duckis. Kategoria absolutuan, berriz, Nafarroako Breathless eta B-Breath eta Gipuzkoako Bamboo ariko dira. Lehiaketa izan arren, erakustaldietan egin dute indar antolatzaileek. “Garrantzitsuena izango da euren lana erakustea eta euren koreografiez gozatzea”. Gehienez hiru minutuko koreografiak egingo dituzte horiek ere.
Ikuskizunak dinamikoak izango dira. Hitz horrek laburbildu eta definitzen du hoberen jaialdia. “Agertoki nagusian gauzak gertatu eta berehala fokuek beste agertoki bat argiztatuko dute, gero berriz ere nagusira itzuliko dira… Ordu eta erdian hogei ikuskizun labur eskainiko ditugu. Oso modu azkarrean eta bizian”.
Dantza urbanoa gero eta indar handiagoa hartzen ari bada ere, antolatzaileek aitortu dute breakdance estiloak sortzen duela ikusminik handiena, eta hura dela ikusgarriena. Besteak ez dituzte baztertu, ordea, eta lekua izango dute jaialdian.
Gurpil gaineko akrobaziak
Kirol urbanoen ikuskizunek ere aho zabalik utziko dituzte Bilbo Arenako ikusleak. Batetik, Scooter lehiaketa egingo dute. Bertan ariko dira Bartzelonako Alex Perez, Madrilgo Ruben Doniga eta Bizkaiko Izan Garcia. Bestetik, BMX bizikletekin jauzi erraldoiak eta parkour erakustaldiak hartuko dituzten agertokiak ere prestatu dituzte. “Bizikletekin egindako salto ikusgarriak, patineteekin eginiko saltoak eta akrobaziak ikusi ahalko dira”.
Musikak emango dio bukaera jaialdiari. Nach rap abeslari ospetsuak Almanauta izeneko bere azken lana aurkeztuko du. Ibilbide luzea egin du, eta gazteleraz abestutako rapari dagokionez, azken bi hamarkadetako erreferentzia nagusienetakotzat jo dute. “Gaur egungo gazteak agian erreferentzia gazteagoen bila ariko dira, baina ibilbide oparoa egin du: disko ugari atera du, eta oso oihartzun handia daukan artista da”. Haren aurretik Nikotina MC abeslari tolosarrak rap erakustaldia egingo du, euskaraz.