Ur Publikoa sortu dute, Bizkaiko uraren kudeaketa aldatu nahian

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizkaiko uraren kudeaketa sistemarekin “arduratuta” dauden hogeitik gora elkarte, sindikatu eta eragilek eta unibertsitateko hainbat irakasle eta katedradunek Ur Publikoa plataforma sortu dute. “Oinarrizkoa den baliabide horren kudeaketa eredua sakonean aldatzeko konpromisoa agertzen dugu”, adierazi dute; “uraren ziklo integralaren kudeaketa publiko, sozial, demokratiko eta jasangarria izateko eredu baten alde egiten dugu”.

Hausnarketa sakona egin dute Bizkaian ura kudeatzeko moduaren inguruan, eta ekitea erabaki dute; eredua aldatzen saiatzea. Hartarako konpromisoa hartu dute, printzipio bat oinarrian jarrita: “Ura izatea oinarrizko giza eskubidea dela aldarrikatzen dugu, edozein interes merkantilistatik at egon beharrekoa”.

Egungo errealitatea printzipio horretatik urrun dagoela uste dute; uraren kudeaketak lurraldearekin eta herritarrekin duen erlazioa “erabat teknokratikoa” dela, herritarren parte hartzetik eta jasangarritasunaren erronka nagusietatik urruti dagoela. Eta pribatizazioaren mamua gero eta gertuago sumatzen dute. Uraren Bizkaiko kudeatzaile nagusia eta erakunde publiko nagusiak kudeaketa pribatuari bultzada eman nahian ari direla uste dute. Horrek kezkatu ditu bereziki, ura guztion ondasun publikoa dela dioen oinarriaren aurkako bidean urratsak egitera tentatuta ikusten baitituzte.

Beste ardura iturri batzuk ere aipatu dituzte plataformako kideek: uraren kudeaketa organoetako parte hartze eta gardentasun eza; tokian tokiko ur baliabideak alde batera uztea; saneamendu eta potabilizazio azpiegituren “gaindimentsioa” eta energia kontsumo handia; Bizkaitik kanpoko lurraldeetatik ekartzen den uraren gaineko menpekotasuna; tarifa politikak eta horietatik jasotako diruaren norabidea; ura aurrezteko politika eraginkorren gabezia; eta erabiltzaileei informazio gardenik ez ematea.

Arazo horien garrantziaz ohartarazi, eta Bizkaiko herritarrak uraren kudeaketa publiko, demokratiko eta jasangarriaren garrantziaz jabetu daitezen sortu dute plataforma. Ez horretarako bakarrik, ordea: eragin ere egin nahi dute; erakunde publikoetan, alderdi politikoetan eta uraren kudeatzaileak diren erakundeetan eragin.

Hamar puntutan biltzen den eta Ur Publikoaren aldeko Gizarte Hitzarmena oinarri duen manifestua osatu dute hartarako; lehentasunak, jardunbideak eta konpromisoak zehaztu dituzte horietan. Gainera, manifestuan biltzen diren ataletan dinamikak abiatuko dituztela jakinarazi dute. “Ura %100 publikoa den ereduaren bidez kudeatu behar dela defendatuko dugu, non herritarrak eta elkarteak kudeaketa horren parte izango diren eta kudeaketa hurbila, jasangarria eta tokikoa oinarri izango den”.