“Non dago euskarazko irratientzat gordetako bigarren lizentzia?”

“Non dago euskarazko irratientzat gordetako bigarren lizentzia?”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Eusko Jaurlaritzak 2012an abiatu zuen FMko hainbat irrati lizentzia emateko prozedura. Gorabehera ugariren ondoren, behin betiko esleipenak jakinarazi berri ditu, eta Bilbo Hiria lizentziarik gabe geratu da. Irregulartasunak salatu ditu Jabi Zabalak (Gorliz, 1971), eta “ganorazko” lehiaketa aldarrikatu du. Jaurlaritzaren oinarrien arabera, Bilbo Hiriari lizentzietako bat dagokiola dio irratiko editoreak, eta horretarako lanean jarraituko du euskarazko irratiak. Babes kanpaina abiatu dute, eta atxikimenduak batzen ari dira lizentziaorain@ bilbohiria.eus helbidean.

Hogei urtetik gora ditu Bilbo Hiria irratiak. Hogei urte lizentziarik gabe?

22 urte egingo ditu aurten, eta hasieratik gaude lizentziarik gabe. 2012an, lizentzien deialdia atera zenean, bazeraman martxan hamabost urte.

Eusko Jaurlaritzak hamazazpi lizentzia esleitu berri ditu, eta Bilbo Hiria irratia kanpo geratu da. Zer dela eta?

Lizentzien lehiaketa hartara irrati bakoitza aurkeztu behar zen maiztasun, frekuentzia konkretu batzuetara. Bilbo Hiria FMaren 88.5, 90.1, 92.7 eta 95.1 maiztasunetara aurkeztu zen, eta horiek Radio 7, Onda Vasca, SER eta Radio Mariari esleitu dizkio Eusko Jaurlaritzak. Bere garaian EAE osoan 34 lizentzia atera ziren lehian. Jaurlaritzak oinarriak argitaratu zituenean, guk eta irabazi asmorik gabeko eta irrati txiki eta komunitario guztiek esan genuen oinarri horiek ez zeudela eginda gureak bezalako irratiak kontuan hartuta, baizik eta irrati komertzial, radioformula, eta kate handien irrati erdaldunei begira eginak zeudela.

Zergatik?

Eskatzen zituztelako baldintza komertzial batzuk guk ez geneuzkanak: hobesten ziren egitasmo handiak, oso handinahiak komertzialki, langile asko eta publizitate sarrera handikoak, eta ez ziren aurreikusten irabazi asmorik gabeko irratiak, irrati komunitarioak, irrati libreak… Hau da, eskema komertzialetik kanpo dauden beste irrati batzuek, irabazi asmorik gabekoek, ez zuten lekurik izango. Gurea euskal irrati ez-komertzial eta komunitarioa da, eta, beraz, bagenekien deialdia ez zegoela eginda gure neurrira, Tas Tas irratikoek edo Hala Bedikoek bazekiten bezala. Hala ere, aurkeztu ginen egitasmo oso txukun batekin, bai alde komertzialetik eta bai teknika aldetik. Baina handien ezaugarri komertzial horiek hobesten zirenez, guri ez ziguten lizentzia hura eman. Hala ere, oinarriek eurek esaten zuten Bilbon euskara hutsezko irratientzako bi lizentzia erreserbatuko zirela. Esleipen bat Naiz irratia esango zaion euskarazko egitasmoak jaso zuen. Guk galdetzen duguna da: eta euskara hutsezkoentzat gordetako bigarren lizentzia nori eman zaio? Radio Mariari? Onda Vascari? Radio 7 ala SER katearena den Dial Bilbao proiektuari? Horiei eman zaizkie Bilboko lizentziak.

Zer da Bilbo Hiria irratia?

Euskara hutsezko eta irabazi asmorik gabeko irrati komunitario bat da; gure kasuan, euskaldunak dira komunitatea. Guk egiten dugu irrati bat ez dena sartzen eskema komertzial batean. Ez da publizitate bidez ordaintzen den irrati bat, nahiz publizitateren bat badugun. Gure jarduna Zenbat Garako ekosistema kolaboratiboan ordaintzen da, eta jende askoren lan boluntarioarekin egiten da. Kolaboratzaile piloa dugu, eta denetariko gaiak jorratzen ditugu, beti ekarpen sozial eta kultural bat egiteko. Uste genuen deialdian kontuan hartuko zutela hori, baina ez da hala izan. Gainera, oinarrietan egitasmo hutsak hobesten ziren; ez zen kontuan hartzen irrati bat martxan edukitzea, eta ibilbide luzea izatea, bere ekarpen neurgarri eta guzti. Jaurlaritzak kontuan hartu behar luke hori guzti hori.

Badago oraindik lizentzia lortzeko aukerarik, edo agortuta dago bidea?

Pentsatzen dugu aukera badugula. Gu aurkeztu ginen lau FM maiztasun horien lizentziak joan den asteko buletinean argitaratu ziren, eta gurea ez dago. Non dago euskarazko irratiei gordea zegoela esaten zuten bigarren lizentzia? Hau ez da gure arazoa bakarrik; gu kaltetuak gara, baina benetan kaltetutakoak euskara eta euskaldunak dira. FMaren diala hartzen baduzu, konturatzen zara noraino gauden baztertuta euskaldunak eta noraino dagoen baztertuta euskara. Diala hartzean, Bilbo Hiria, Bizkaia Irratia eta bi kate publiko Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea besterik ez dago euskaraz. Beste guztia irrati erdaldunen ozeano oso bat da, non Espainiako komunikazio talde korporatiboen, marrazo handi horien presentzia itogarri bat dagoen. Herritar garen aldetik, euskaldunok eskatu behar diegu botere publikoei euskarazko irrati bat baldin badago bere ekarpena egiten duena, musu truk eta ahalegin handiarekin egiten duena, oztoporik ez diezaiotela jar. Behintzat, legezta dezatela eta ez dezatela utz lizentziarik gabe.

Zertan eragiten du lizentziarik ez izateak?

Segurtasun falta juridikoan. Alegala izan da orain arte, beste asko bezala. Baina espektro hori asko txikitu da, eta bakartuago gaude alegaltasun horretan. Ez da gauza bera zu bakarrik egotea lizentziarik gabe edo beste hogei egotea; alegaltasuna ilegaltasun bihur daiteke.

Bestalde, ganoraz emititu nahi dugu ganorazko antena batekin eta sare publikoko ganorazko igorgailu batetik; paper guztiekin, bedeinkazio tekniko guztiekin. Ez egotea halako batean salaketaren batekin etorriko diren beldurrez. Eta lizentzia izateak ateak irekiko lizkiguke Jaurlaritzak irratiei ematen dizkien diru laguntzetako bat jasotzeko. Gaur egun ezin dugu diru laguntzarik jaso irrati moduan, ez daukagulako Jaurlaritzaren paper hori.

Jaurlaritzari eskatzen diogu egin dezala behingoz deialdi bat kontuan hartuko dituena irabazi asmorik gabeko irratiak, irrati komunitarioak, irrati libreak, ekarpen bat egiten dutenak. Guk ez daukagu ezer irrati komertzialen kontra, baldin eta FM eremua eremu murritza eta publikoa dena denon artean banatzen bada. Baina irrati komertzialentzat soilik banatzen bada, desoreka dago. Beraz, bilbotar euskaldunoi dagokiguna soilik eskatzen dugu.

Zer egiteko asmoa duzue hemendik aurrera?

Jaso ditugu atxikimendu batzuk, eta datozen egunetan publikatuko dugu zerrenda. Ekintza batzuk ere pentsatu ditugu aldarrikapen hau presente egon dadin, eta presente eduki dezaten horretaz erabaki behar dutenek ere.

Beraz, oraindik badago eragiteko aukera?

Baietz uste dugu. Hau ez da hutsean geratzeko aldarrikapen soil bat. Jaurlaritzak zerbait esan eta egin dezala nahi dugu. Beraiek deitu zuten lehiaketa hartara, eta, lardaskeria bat zela konturatuta, bertan behera utzi zuten; eta orain, epaitegiak helegitea aurkeztu zuten guztiei arrazoi eman dienez, atzera bota du lehiaketa bertan behera uzteko erabakia. Hau eskandalu bat da, eta entzule guztiak dira kaltetuak. Esleipenetan egindako irregulartasunak ere salatu ziren. Gauza batzuk zuzendu behar izan dira, eta beste batzuk ez dira zuzendu; horregatik eskatu diogu Jaurlaritzari orain zuzentzea. Gogoratu behar da eman diren esleipenak izan direla, gehiengo absolutu batean, erdarazko irrati komertzialentzat.

Etorriko dira berri gehiago?

Espero dugu izatea berri gehiago. Orain, presio egitea dagokigu, eta, gure aldetik behintzat, egongo dira berri gehiago.